Ginea Bissauko lehen ministro Carlos Gomes Junior eta jarduneko presidente Raimundo Pereira zentro militar banatan daude preso. Komando Militar izena hartu duen militarren talde batek atzo goizaldean atxilotu zituen euren egoitzetan, Portugalgo Diario de Noticias egunkariaren arabera.
Hauteskunde prozesuan buru- belarri sartuta dago Ginea Bissau. Malam Bacai Sanha estatuburua zena urtarrilean hil ostean deitu zituzten presidentetzarako bozetara; urtarrilean hil zen, Parisen. Faborito nagusia egungo lehen ministroa da, eta martxoaren 18an egindako lehen itzulian botoen %48 lortu zituen. Apirilaren 29an da egitekoa bigarren itzulia.
Militarrek, baina, esan dute euren matxinadak ez duela zerikusirik hauteskundeekin, eta ez dutela estatu kolperik eman nahi. Angolaren ustezko esku hartze militarra onartzea leporatu die bi agintariei Komando Militarrak. Nazioarteak «kolpea» gaitzetsi eta atxilotuak askatzeko eskatu die, bereziki Portugalek. Izan ere, Ginea Bissauren metropoli izan zen Lisboa 1974ra arte.
Militar talde batek Ginea Bissauko presidentea bahitu du hiriburuan
Carlos Gomes Junior lehen ministroa ere preso dakaute; militarrek esan dute ez dutela boterea hartu nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu