«Gaur, 2023ko abuztuaren 30ean, defentsa eta segurtasun indarrek, Trantsiziorako eta Erakundeak Berrezartzeko Batzordean bilduta, Gabongo herriaren izenean eta erakundeak babesteko bermean, erabaki dugu bakea defendatzea eta indarrean dagoen erregimena bukatutzat ematea». Horrela iragarri du estatu kolpea Gabongo militar talde batek, orain arte presidente izandako Ali Bongo hirugarren aldiz gobernuburu izendatua izan eta minutu gutxira. Eta militarren talde horrek Brice Oligui Nguema Guardia Errepublikanoko burua izendatu du herrialdeko lider. Gabon24 telebista katearen bidez Ulrich Manfoumbi koronelak jakinarazi duenez, Trantsiziorako eta Instituzioak Berrezartzeko Batzordeko presidentea izango da Oligui Nguema —agintea hartu duen juntari izen hori jarri diote—.
Hamabi militarrek eman dute estatu kolpearen berri, gaueko ordu txikietan, Gabon24 telebista katean. Orduan iragarri dituzte lehen neurriak: Gabongo Gobernua, Senatua, Asanblea Nazionala, Auzitegi Konstituzionala eta Hauteskunde Organoa desegitea, hauteskunde orokorrak eta haien emaitzak baliogabetzea, eta, «behin-behinean», Gabongo muga guztiak ixtea. Are, talde militarreko liderrek jakinarazi dute etxean atxilo dituztela Bongo eta haren semeetako bat, «traizioagatik». Beste zazpi pertsona ere atxilotu dituzte, «traizioa, funts publikoak desbideratzea, nazioarteko finantza axolagabekeriaz erabiltzea eta ustelkeria» egotzita, besteak beste.
Halere, herritarrei «lasai» egoteko eskatu diete militarrek, eta berretsi dute bete egingo dituztela nazioarteko komunitatearekin dituzten konpromiso guztiak. «Gabongo herria, hau da zoriontasunerako hegaldiaren azken geltokia. Jainkoak eta gure arbasoek bedeinkatu dezatela Gabon. Ohorea eta leialtasuna aberriari, eskerrik asko denei». Herrialdeko zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, tiro hotsak entzun ziren Gabongo hiriburuan, Librevillen, militarrek estatu kolpea eman eta gutxira. Edonola ere, ez zen protestarik edo liskarrik izan, ezta zauriturik ere.
Are, milaka lagun kalera irten dira Librevillen, eta elkartasuna adierazi diete boterea hartu duten militarrei. X sare sozialean zabaldutako zenbait bideotan ikus daitekeenez, hamar bat herritarrek sorbalda gainean jaso dute Guardia Errepublikanoko buru Brice Oligui Nguema, «presidente, presidente» oihuen artean. Ordu batzuk geroago izendatu dute.
Local residents joyfully greet the military in Gabon, who last night staged a military coup in the country. pic.twitter.com/kCEhFywTXI
— Sprinter (@Sprinter99800) August 30, 2023
Agintaldi luze bat amaitu da
«[Bongok] agintaldi ezegonkorra eta axolagabea izan du. Horrek Gabongo gizarte kohesioa pitzatu du, eta kaosera bideratu du herrialdea», esan du talde militarreko kide batek. Hain justu, larunbatean egin zituzten hauteskunde orokorrak Gabonen, eta, azken hiru legealdietan bezalaxe, Bongok eskuratu zituen boto gehien: %64,2. Oposizioko lider Albert Ondak eskuratu zuen bigarren postua, boto guztien %30,2 bilduta.
Dena den, tentsio giroa nabaria zen militarrek estatu kolpea eman baino lehen. Bozetan «iruzurra» egitea leporatu zion oposizioak Bongoren taldeari. Akusazioak ukatu zituzten, baina, hautetsontziak itxi bezain laster, Internet konexioa bertan behera utzi, eta etxeratze agindua ezarri zuen gobernuak
Bongo hamalau urtez izan da Gabongo presidentea, 2009tik. Aitaren karguari segida eman zion orduan, 1967tik hura izan baitzen herrialdeko gobernuburua —Gabon Frantziaren kolonia izan zen 1960. urtera arte—. Baina irabazi dituen hiru bozetan leporatu diote Bongori hauteskundeetan iruzurra egitea, eta haren aurkako bigarren estatu kolpea da oraingoa. 2018an izan zen lehena, baina saiakera hutsa izan zen; atxilotu egin zituzten Bongo boteretik kentzen saiatu ziren hiru militar, eta hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zieten, 2021ean.
Kezka nazioartean
Berehala iritsi dira nazioarteko lehen erreakzioak. Frantziako Gobernuak ziurtatu du «arreta handiz» erreparatzen ari zaiola Gabongo egoerari, eta hauteskundeetako emaitzak «errespetatzeko» deia egin du. Elisabeth Borne lehen ministroak, berriz, ohartarazi du «beste krisi bat» sortu dela. Horien artean aipatu ditu Ukrainako gerra, Sudango gatazka eta joan den hilean Nigerren izandako estatu kolpea. AB Afrikako Batasunak ere erabat gaitzetsi du talde militarraren estatu kolpea, eta eskatu du «neurri politiko baketsuak» hartzeko, Gabonen «ordena konstituzionala» ahalik eta lasterren berrezar dadin.
Antzera hitz egin du Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek: «Txina gertutik erreparatzen ari zaio Gabongo egoerari, eta bi aldeei eskatu die herritarren eta herrialdearen interesen arabera jokatzeko». Are, desadostasunak «elkarrizketen bidez konpontzen saiatzeko» eskatu die militarrei, baita Bongoren segurtasuna bermatzeko ere.
Horren harira, talde militarreko kideek jakinarazi dute Bongo senideekin eta medikuekin dagoela, eta «presidente ohi orok dituen eskubideak» bermatuko zaizkiola. Alabaina, X sare sozialean zabaldutako bideo batean, laguntza eske agertu da Bongo: «Mezu bat helarazi nahi diet munduan ditudan lagun guztiei, eta, eraso honi erantzuteko, zarata egiteko eskatzen diet».