Mileiren Omnibus Legeak hutsetik hasiko du tramitazioa, oposizioak kontra bozkatu eta gero

Diputatuen Ganberan artikuluz artikuluko bozketan legea aurrera atera ezinik geratu dira, eta batzordeetara itzuli dute eztabaida. Argentinako presidenteak «traizio» egitea leporatu die negoziazioetan parte hartzen ari diren oposiziokideei.

Omnibus Legea
Herritarrak Argentinako Kongresuko eraikinaren kanpoan, legearen porrota ospatzen. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
jon olano
2024ko otsailaren 7a
12:00
Entzun

Javier Milei Argentinako presidenteak sustatutako neurri sorta nagusia, Omnibus Legea, Argentinako Diputatuen Ganberako batzordeetara itzuliko da, oposizioak atzoko bozketa sortan hainbat artikuluren aurka egin eta gobernuak legean atzera egitea erabaki eta gero. Horrek esan nahi du tramitazioa hutsetik hasi beharko dutela berriro.

Lege proiektua joan den ostiralean onartu zuten bere osotasunean, eta atzo artikuluz artikulu bozkatu zuten. Mileik, hortaz, lehen porrota jasan du Argentinako estatuburu denetik; non, eta estatua eraldatzea helburu duen lege proiektuan. Testua erretiratzeko erabakia 7. artikulua bozkatu aurretik hartu zuen LLA Askatasuna Aurrera Doa alderdiak; artikulu horrek aurreikusten du 27 enpresa publiko pribatizatzeko aukera.

Joan den abenduaren 27an aurkeztu zuten Omnibus Legea, eta hura izan da hautsak gehien harrotu dituena; besteak beste, Argentinako presidentearen esku uzten baitzituen Kongresuarenak ziren eskumen asko. Horren aurka agertu ziren milaka pertsona iragan urtarrilaren 24an Buenos Aires hiriburuko kaleetan, Mileiren kontrako lehen lanuztean. Gobernuak emana zuen pauso bat atzera arau horrekin, Diputatuen Ganberan nahikoa babes lortu ahal izateko, baina, azkenean, ez du behe ganberaren oniritzia jaso.

Izan ere, Mileiren LLAk 38 eserleku ditu hor —257tik—, 129ko gehiengo osotik urrun. Babes hori lortze aldera, hainbat aldaketa egin dizkiote hasieran aurkeztutako dokumentuari: adibidez, hasierako testuaren 664 artikulutik erdiak baino gehiago baztertu zituzten —batzuk kendu zituzten, beste batzuk moldatu eta beste neurri batzuk gehitu zituzten—; eta hiru pertsonako bilkuren ordez, 30 pertsonatik gorako bilkurak jo zituzten «legez kanpoko manifestaziotzat».

Baina probintzietako gobernadore batzuek aldaketa gehiago eskatu dituzte, eta horrek eragin du atzera botatako artikuluak espero baino gehiago izatea. Azkenean, atzoko bozketara 386 artikuluko testua iritsi zen —%42ko murrizketa, jatorrizko proposamenarekin konparatuz gero—.

Oposizioarekin negoziatzen ari zen Mileiren alderdia, baina oposizioak bere arau izarra atzera bota izanak biziki haserretu ditu Milei eta LLA; horregatik, «traizio» egitea egotzi diote oposizioari. «Gure programarekin jarraituko dugu, gure herrialdea txikitu zuen zuzendaritza politikoaren babesarekin edo haren babesik gabe», esan zuen Argentinako presidenteak Israeldik —bisita ofizial bat egiten ari da han—.

«Azken orduan atzera»

Bozketa sortaren ondoren, Guillermo Francos Argentinako Barne ministroa ere mintzatu zen, eta Argentinako Todo Noticias telebista kateari adierazi zion akordio bat zutela negoziazioetan parte hartu duten oposizioko alderdiekin, baina horiek «azken orduan atzera» egin zutela.

Hortaz, orain, Omnibus Legeak berriz bide parlamentarioa egin beharko du. Bigarren saiakeran Diputatuen Ganberaren baiezkoa jasoko balu, gero Senatura pasatuko litzateke; goi ganberan, LLAk zazpi senatari ditu, 72tik. Hau da, bozketa posible horretan ere oposizioaren parte baten babesa beharko luke.

Mileik joan den abenduaren 10ean hartu zuen Argentinako presidente kargua, iragan azaroaren 20an presidentetzarako bozak bigarren itzulian irabazi eta gero. Agintera iritsi eta 48 ordura, gobernuak %54,3ko debaluazioa ezarri zuen, inoizko handienetako bat. Baina zailtasunak ditu bere neurri nagusiak aurrera ateratzeko: iazko abenduaren 20an onartu zuen Mileik Beharraren eta Larrialdiaren Dekretua (70/2023), hirurehun neurri baino gehiago bilduta, eta garrantzitsuenetako bat lan erreforma izan zen. Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota zuen Argentinako estatuburuaren erreforma, joan den urtarrilaren 3an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.