Mileiren neurrien aurkako hirugarren greba orokorra dute gaur Argentinan

Azken greba orokorraz geroztik ia urtebete igaro den honetan, CGT sindikatuak beste behin deitu ditu herritarrak kaleak hartzera.

Jubilatuen atzoko manifestazioa, Argentinako Kongresuaren aurrean. STR / EFE
Jubilatuen atzoko manifestazioa, Argentinako Kongresuaren aurrean. STR / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko apirilaren 10a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Argentinarrek berriro hartuko dituzte kaleak gaur, Javier Milei presidentearen neurrien kontrako hirugarren greba egunean. CGT Lanaren Konfederazio Orokorrak deitu du lanuztera, Argentinan babesik handiena duen sindikatuak, eta beste hainbat sindikatuk ere bat egin dute grebarekin.

Pentsioak igotzea, protesten kontrako «errepresio basatia» amaitzea eta bonuak eguneratzea galdegingo dute, baita hezkuntzarako eta osasungintzarako aurrekontuak emendatzea, sektore publiko eta pribatuko kaleratzeak amaitzea eta enplegu plan bat onartzea ere.

Gaur ez da garraio publikorik izango; grebak eragina izango du tren eta taxi zerbitzuetan, aireportuetan, portuetan eta Buenos Airesko metroan. Dena den, autobus gidariak biltzen diren UTA sindikatuak ez du bat egin greba orokorrarekin. Administrazio publikoa, eskolak eta unibertsitateak ere itxi egingo dituzte, eta osasungintzan gutxieneko zerbitzuak egongo dira.

Gauerdian ekin diote egun osoko grebari, baina atzotik entzun dira gobernu ultraeskuindarraren kontrako aldarriak: erretiratuak asteazkenero biltzen dira Kongresuaren aurrean Mileiren murrizketak salatzeko, eta, atzo, milaka langilek bat egin zuten haiekin. Denok izango gara jubilatuak eta Gure etorkizuneko erretiroaren alde ari dira borrokan zioten, besteak beste, Buenos Airesko protestetan atera zituzten kartelek. Astero-astero bilduagatik ere, martxoaren 12ko manifestazioa bereziki jendetsua izan zen, eta segurtasun indarrek piper gasa, foam jaurtigailuak eta ke bonbak erabili zituzten protestan ari zirenen aurka; 46 lagun zauritu eta 124 atxilotu zituzten.

Milei 2023ko abenduan heldu zen agintera, eta jarraian egin zituzten greba orokorrak, urtarrilean eta maiatzean, CGTk deituta horiek ere, Argentinako Gobernuak bultzatu asmo zituen neurrien aurka —Omnibus Legeak piztu zuen arbuiorik handiena, zeinak bide ematen baitie arlo publikoko pribatizazioei—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.