Mileiren gobernuaren gorroto diskurtsoen legitimazioa

Gizon batek lesbizidio bat egin du Argentinan, baina ez diote gorroto delitua egotzi. Noiz-eta sexu eta genero aniztasunaren kontrako gorroto diskurtsoak ugaritzen ari direlarik gertatu da hori.

Argentinako lesbizidioaren aurkako manifestazio bat Madrilen, maiatzean. BERRIA
Argentinako lesbizidioaren aurkako manifestazio bat Madrilen, maiatzean. BERRIA
Cecilia Valdez
2024ko ekainaren 29a
05:05
Entzun

Andrea Amarante (42 urte), Pamela Cobas (52 urte), Roxana Figueroa (52 urte) eta Sofia Castro (49 urte) gelakide ziren Buenos Airesko Barracas auzoan, harik eta maiatzaren 5ean lesbizidio baten biktima izan ziren arte. Cobas eta Figueroa bikotea ziren, eta ohe bikoitz batean zeuden lo; bat-batean ernatu eta sugarrez inguratuak zeudela ohartzean, gelatik ateratzen ahalegindu ziren, baina Justo Fernando Barrientosek barrenera sarrarazi zituen berriz, bulkaka. Barrientos ondoko gela batean bizi zen, eta, gau hartan, gauerdian, emakumeen gelako atea ireki, etxean egindako lehergailu bat jaurti, eta sua piztu zuen. Cobas, Figueroa eta Amarante hil egin ziren sutearen eraginez; Castro, berriz, erredurak artatzeko ospitalean egon zen zenbait egunez, eta sendagiria emana diote jada.

Erasoa gertatu zenetik hilabetera auzipetu zuten Barrientos, hiru biktimen aurkako «giza hilketa» leporatuta, eta «bi larrigarri» kontuan hartuta. Larrigarri bat maltzurkeriari zegokion, eta bertzea, berriz, arrisku orokortuari, baina ez zuten kontuan hartu Zigor Kodeko 80. artikuluko laugarren tartekian bildutakoa, zeinak espresuki aipatzen baitu gorroto krimenei dagokien delitua, eta, halaber, gertatutakoa ez zuten genero indarkeriatzat jo. Noiz-eta sexu eta genero aniztasunaren kontrako gorroto diskurtsoak ugaritzen ari direlarik gertatu da hori; gainera, egoera hori oraindik nabarmenagoa bilakatu da Javier Mileik agintea lortu zuenetik.

Micaela Cuesta doktorea Demokraziari eta Autoritarismoei Buruzko Institutuaren koordinatzailea da San Martingo Unibertsitatean, eta, azaldu duenez, eremu publikoan —eta, beraz, baita sare sozialetan eta esparru digitalean ere— egindako adierazpen jakin batzuk jotzen dira gorroto diskurtsotzat: pertsona baten edo gehiagoren kontrako indarkeria edo diskriminazioa sustatzea edo zilegitzea izaten dute helburu, pertsona horrek badituelako zenbait ezaugarri lotura dutenak historikoki baztertua, estigmatizatua edo segregatua izan den kolektibo batekin. Ezaugarri horiek zerikusia izaten dute generoarekin, etniarekin, klasearekin eta erlijioarekin, bertzeak bertze.

Mileiren garaiko Argentinan, gisa honetako diskurtsoak babestu bakarrik ez, zabaldu ere egiten dituzte erakunde publikoek, gobernuko hainbat funtzionarioren bitartez, eta, gainera, halakoak kontrolatzeaz arduratzen diren erakundeak husten edo hesten dituzte. Preseski, Argentinako LGTB Federazioak adierazpen bat argitaratu zuen Barracas auzoko lesbizidioaren harira, eta, erasoa gaitzesteaz gain, politika publiko irmoak exijitu zituen: «Ezin dugu aipatu gabe utzi: gorroto diskurtsoen bidez sostengaturiko indarkeria eta diskriminazio kultura baten ondorio dira gorroto krimenak, eta diskurtso horiek Argentinako Gobernuko funtzionario eta erreferente anitzen babesa dute gaur egun. Hori gutxi ez, eta eraso horien biktima garenen eskura dauden leku bakarrak husten eta desagerrarazten ari da egungo gobernua, hala nola INADI Diskriminazioaren, Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Kontrako Argentinako Institutua». Otsailaren 22an, gobernuak iragarri zuen INADI hetsiko zuela, eta, beraz, langileen %40 kanporatu zituen duela hiru aste, gehien-gehienak LGTBI kolektiboko kideak eta elbarriak.

(ID_14015680) ARGENTINA. LESBIZIDIOA.
Amarante, Cobas eta Figueroaren gela, kiskalita. BERRIA.

Azaroan Mileik presidentetzarako hauteskundeak irabazi baino egun batzuk lehenago, pintaketa homofobo, transfobo eta misoginoak agertu ziren Argentinako zenbait tokitan: «Adio, parasito doktrinatzaileak», «Akabo [abortatzeko eskubidearen aldeko] zapi berdeak» eta «Gizon bat eta emakume bat dira familia» zioten, bertzeak bertze, eta gobernuak ontzat jo zituen bere jendaurreko diskurtsoetan, eta halakoei bide eman ere bai.

Politikarik gabe

Cuestaren arabera, emakume lesbianen hilketa bat dator gorroto krimenaren kontzeptuarekin, preseski emakume lesbianak izatea funtsezko faktorea izan baitzen hiruren hilketaren aitzineko gertaeretan. «Sortzen dituzten ondorioengatik da garrantzitsua, preseski, halako diskurtso bortitzei arreta paratzea», azaldu du Cuestak. «Gorroto diskurtsoen bidez, norbanako partikularrei baimena ematen zaie ekiteko, botereguneetatik zilegitu egiten baitira ekintza horiek. Hau da, botereguneetatik jendea gizagabetu eta estigmatizatzen baldin badute eta ezaugarri jakin batzuk dituzten kolektiboen kontrako indarkeria sustatu, ez da gauza handirik behar horrek bide eman diezaien ekintza bortitz, erreal eta jakinei eta jendea hil dadin horien ondorioz».

«Gorroto diskurtsoen bidez, norbanako partikularrei baimena ematen zaie ekiteko, botereguneetatik zilegitu egiten baitira ekintza horiek»

MICAELA CUESTADemokraziari eta Autoritarismoei Buruzko Institutuaren koordinatzailea

Urtarrilean, presidente izendatu zutenetik hilabete eskasera, Davosko Foroan solastatu zen Milei, eta adierazi zuen feminismoa dela «mantsotze ekonomikoaren» erantzulea; gainera, erran zuen hala Emakumeen, Generoaren eta Aniztasunaren Ministerioan nola feminismoaren agenda bulkatzen duten erakundeetan aritzen direnak zera direla, «gizarteari inongo ekarpenik egiten ez dioten burokratak». Mileiren gobernua agintera ailegatu zelarik, maila apaldu zioten ministerio horri, eta idazkariordetza bilakatu; aurtengo ekainean, berriz, iragarri zuten idazkariordetza hetsiko dutela. Hori horrela, Argentinako Estatuan ia ez da gelditzen indarkeria matxistari buru egiteko politikarik martxan, eta ezabatu egin dituzte emakume eta LGTBI komunitateko kide zaurgarrienak sostengatu eta babesteko balio zuten politiketako anitz.

Hizpide hartuta zergatik izaten den garai batzuetan joera handiagoa gorroto diskurtsoak sortzeko bertze batzuetan baino, Cuestak adierazi du tartean behin krisiak piztu ohi direla —ekonomikoak, moralak edo gobernu sistemari dagozkionak—, eta egungo krisia askotarikoa dela, arlo anitzi lotua. «Krisi horiek sufrimendua eta pairamen soziala eragiten dute, egonezina eta herstura piztu, eta konpentsaziozko ideologien bidez erantzuten zaio horri guziari, hau da, pagaburu bilakatzen dira zenbait, eta pairamen subjektiboen erruduntzat jo», erran duenez. Cuestaren aburuz, esku-eskura diren kolektibo eta jende multzoak hartu ohi dira pairamen subjektibo horien erantzuletzat: politikariak, beltzak, migranteak, emakumeak eta bertze; «haiek balira bezala nork bere aldetik duen krisiaren erantzuleak». Zera gaineratu du: «Uste dut krisi garaiak direla emankorrenak, dudarik gabe, halako bortizkeriak loratu daitezen; izan ere, norberak pairatutako bortizkeriari erantzuteko sortzen dira halakoak, jendeak ez duelako ikusten, edo ez duelako modurik ikusteko zein diren bortizkeriaren egiturazko kausak. Ahulen kontra jartzea errazagoa da, ezongi hori sortzen duen jende ahaltsua identifikatu eta hari buru egitea baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.