Argentinako presidentetzarako bozak. Pablo Seman. Soziologoa eta antropologoa

«Mileiren boto emaileek zera nahi dute, kirchneristek nahi ez duten guzia»

Semanen arabera, Argentinan prozesu bat gertatzen ari da, «hala arrazoiari nola sentimenduei lotua», eta, haren eraginez, «gero eta jende gehiagok ematen die bizkarra gobernuari eta peronismoari, eta politikari berari ere bai».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Pablo Seman soziologoa eta antropologoa da, herri kulturetan eta erlijioan aditua. Ikertzaile eta irakasle lanetan aritzen da, eta bakanetakoa izan zen ohartarazten ultraeskuinak eta Javier Mileik goiti eginen zutela Argentinako PASO aldibereko eta nahitaezko primarioetan. Boz horiek abuztuan izan ziren, eta hankaz goiti paratu zuten Argentinako jokaleku politikoa, jakinda, gainera, gaur presidentetzarako hauteskundeen lehenbiziko itzulia eginen dutela.

Ikusi gehiago:ULTRAESKUINAREN EGIAZKO PROBA

Zure hitzetan, ukapen mekanismo batzuk daude martxan, eta horregatik ezin izan zen antzeman Mileik irabaziko zuela. Zer erran nahi duzu horrekin?

Mileik goiti egitea albiste txarra zen, eta, gizakiak garenez gero, joera izaten dugu albiste txarrei ez ikusi egiteko. Nolabait, inguruak berak modua ematen du ukapen mekanismoak olioztatuak egon daitezen eta ongi funtziona dezaten. Gainera, irabazteko esperantza dutenean —eta jakinda gauzak ez direla beti orain bezala izan—, buruzagi politikoek joera izaten dute albiste txar horiek gutxiesteko, eta holakoak errateko: «Bai, beti erran izan da posible zela eskuinak goiti egitea eta bi alderdi nagusiez bertzelako indar batek irabaztea, baina egundaino ez da halakorik gertatu».

Joera horren arabera, aitzinetik halakorik gertatu ez izanak erakusten du ez dela gertatuko; zenbaitek pentsatzen dute lehenago gertatutakoa errepikatuko dela, bertzerik gabe, baina, tira, batzuetan ez da hala izaten. Inguru horietan, arrunt hedatu da halako ideien aldeko pentsaera: «Peronismoa ezin da suntsitu». Halako mekanismoen eraginez, norbanakoek joera psikologiko handia dute funtzionamendu kolektiboa ukatzeko.

Bertzalde, adierazi izan duzu indar progresistek eta bereziki kirchneristek askatasunaren gaia oparitu dutela. Zehazkiago azaltzen ahal duzu ideia hori?

Askatasunaren balioa auzitan jar daiteke modu abstraktuan, baita liberalismoak hartaz duen ikuspegia ere; are, ezkerrak beti egin izan du hori, baina kirchnerismoak, halaber, berdintasuna eta komunitatea kontrajarri zizkion askatasunari, biek ere modu abstraktuan definituta. Kirchneristen berdintasunak ez zuen funtzionatu proiektu sozial gisa. Ezta defendatzen duten solidarismo komunitarista abstraktu horrek ere; izan ere, kirchnerismoak kontsumoa bultzatu zuenean izan zuen arrakasta, subjektuen garapen inbididuala sustatu zuenean diru transferentziak eginez, soldatak goitituz eta lan baldintzak hobetuz.

Ez dut erran nahi hori egitea erabateko indibidualizazioa babestea denik, baina, edozein modutan, kirchnerismoak askatasunaren eta indibiduoaren alternatiba gisa aurkezten du bere burua, baina komunitateaz duen ideia hori ez da existitzen, eta lehen ere ez da existitu. Nolabaiteko tradizio komunitarista bat da, indibidualismoaren aurkakoa, auzoak eta eskualdeak sobiet autogestionatutzat hartzen dituena ia-ia. Eta ez dira hala. Auzoetan, zenbait familiak beren kontsumo gaitasuna hobetu nahi dute; seme-alabak haztea eta profesionalak izatea nahi dute, eta lan ahalik eta hoberena edukitzea.

Militante zenbaitek indibidualismoaren kontrako ideal hori erreibindikatzen dute, komunitarista itxurak egin, eta hori gogaikarria da haien alde bozkatzen dutenentzat ere.

Horrekin eta kirchnerismoari egin dizkiozun kritikekin lotuta, erran izan duzu «Txinako Alderdi Komunista pluralagoa» zela «kirchnerismoari lotutako estruktura bertikalistak baino, buruzagiari baizik ez baitiote men egiten».

Bai. 2011n, kirchneristek boto anitz eskuratuta ekin zioten gobernatzeari, baina, era berean, mehatxu anitz ere bazituzten, eta, halakoetan, gotortzeko joera izaten dute, beren burua babesteko. 2011n, Cristina Fernandez gurtuz ahalegindu ziren arazoei buru egiten. Preseski, La Campora izeneko taldea aritu zen horretan, eta haren asmoa zen peronismoaren barneko bertze sektoreei gailentzea, zera erranez: «Ea. Buruzagiak zera erran du, eta halako gauza egin behar da». Eta horixe erran zuten lau urtez, horretarako aukera izan zuten bazter guzietan.

Garai hartan, peronismoa homogeneizatu nahi zuten, erabat, baina ez zuten lortu, mugimendua zatitu egin baitzen azkenean. 2013an Sergio Massak alderdia utzi zuen, preseski, ez zegoelako pluraltasunerako tarterik. Badakit konparazio izugarria dela, baina, 2021 arte, Txinako Alderdi Komunistak bederen bortz fakzio zituen, eta oraindik baziren ekonomiaren irekitzea kritikatzen zuten kideak ere. Beti izaten ziren zailtasun anitz, kirchnerismoak ez baitzuen erabakiak hartzeko organorik, ezta adostasuna lortzekorik ere; eta agerikoa zen homogeneizazio horren eraginez galdu eginen zutela.

Kirchneristek erraten zuten guziak bide ematen zion askatasunaren aldekoen elkargune bat sortzeari, eta, gainera, elkargune horrek berak gain hartu zion kirchnerismoari gerora. Horrek zerikusia du Argentinako bertze defentsa mekanismo batekin: erran ohi da Argentina desberdina dela paregabea delako, eta peronismoa ere paregabea dela, baina ez da egia: Argentina ez da paregabea, ezta peronismoa ere.

Eta giza eskubideak zer? Ikusita Argentinak bere burua giza eskubideen arloko erreferentetzat aurkezten duela mundu zabalean, neurri batean zaila da pentsatzea gobernua eskuin muturraren esku geldituko dela...

Nire ustez, sobera nabarmendu dute Argentina paregabea delako ideia hori; hainbertzeraino, non azkenean arriskuan paratu baitute, noiz-eta indar erlazioak haien kontrako bidea hartzen hasi direnean. Beraz, ez diote batere mesederik egin kausari.

Eta zer arrazoi daude Mileiren goraldiaren gibelean?

Prozesu bat gertatzen ari da, hala arrazoiari nola sentimenduei lotua, eta, haren eraginez, gero eta jende gehiagok ematen die bizkarra gobernuari eta peronismoari, eta politikari berari ere bai. Noizbait erran nuen hauteskunde orokorrak ez baizik eta peronistak kargutik kentzekoak izanen zirela, eta ezetz erraten zidaten.

Inflazioa eta arazo ekonomikoak ez konpondu izanak haserrea piztu du gero eta boto emaile gehiagoren artean, baina sumin hori ez da sentimendu hutsa; izan ere, ez da edozein aldetara bideratzen, ezta boto zuri bihurtzen ere: haserretuek gobernuari izugarrizko mina eragiten dion aukeraren alde egiten dute.

Hau da, Mileiren boto emaileek, azken batean, zera nahi dute, kirchneristek nahi ez duten guzia. Bertzalde, Mileiren boto emaileak zeinak onartzen baitute kontraerranak dituztela, bertze edozein boto emailek bezala ez daude uste den bezain desinformatuak. Badakite zeren alde bozkatzen duten, baina, beharbada, ez dira ohartzen zein larria den hori guzia.

Agintea eskuratuz gero, Mileik lotura bat sortu beharko du ezinbertzean kasta politikoarekin, eta, horren harira, zera erran duzu: «Iraultzaile izateak bere ideien erreformatzaile bilakatuko du Milei».

Gehiago hausnartu behar da horri buruz. Baliteke moderatuago bihurtzea, baina, joera ahalik eta erradikalenari eusten badio ere, edo ahal bezain gutxi negoziatu, uste dut horrek guztiak zerikusia duela haren logika iraultzailearekin. Zeri deitzen diot logika iraultzailea? Lehenik eta behin, haustura neurri hagitz gogorrak ezartzeari; bigarrenik, horiek bermatzeko politikoki mobilizatzeari; eta hirugarrenik, gehiengoen beharra ezartzen duten berme instituzionalak ezesteari, eta prozedura legal eta konstituzionalak abiatzeari aldaketa horiek egiteko.

Mileik horiek guziak biltzen ditu, eta nekez imajina daiteke eskuineko joera chavista argiagorik. Ez hori bakarrik, iruditzen zait chavismoaren alde agertu ziren anitz orain ohartuko direla zergatik ez zen halakorik egin behar...

Zergatik?

Iruditzen baitzait edukiengatik egin zutela haren alde, baina prozesu iraultzaileek eragozpenak ere badituzte: eragozpen horiek bertzeei eragin diezaieten nahi izaten dugu, baina norberak jasan nahi ez. Badirudi gustuz aritzen zirela kristorenak eta bi erraten instituzio demokratikoen kontra [Hugo] Chavezek ere haien kontra egin zuen garaian; orain, Milei putaseme horrek instituzio demokratikoei burutik beheiti kaka eginen dien honetan, ondorioak jasan beharko dituzte.

Ikusi gehiago:Krisien zoroan

Hau da, Milei aztertzeko orduan, jakintzat ematen dute instituzio demokratikoek indarrean segituko dutela, nahiz eta haiek ez zuten egundaino sinetsi instituzio horietan. Kirchnerista zenbaitez ari naiz, eta kirchneristak ez diren analista politiko zenbaitez, zeinak uste baitute instituzio demokratikoek bere hartan iraunen dutela, nahiz eta ez den baitezpada hala izanen. Ez dut erran nahi estatu kolperen bat izanen denik, baizik eta traba instituzionalak paratuko dizkietela zenbait jarduerari.

Zer moduz moldatzen da Milei Argentinako enpresariekin?

Nire ustez, enpresari batzuk mesfidati dabiltza harekin, erradikala izateagatik. Argi dago ezkerreko sektoreak bezain ideologikoak direla enpresariak ere, eta haien ametsa da Mileiren promes liberalenak betetzea, bai lan erreformari eta bai «lanaren liberalizazioari» dagokienez.

Dirudienez, enpresari horiek berak ez dira ohartzen hori guzia jada egin zela Brasilen, eta ez zuela deus onik ekarri, baina ezin Mileiri ezetzik erran, haiek pentsatzen duten hori bera erraten baitu. Enpresari ideologizatu eta erradikalak daude tartean, Milei bezain erradikalak, baita berehalako irabaziak nahi dituztenak ere, eta ez diote arrazionalki begiratzen etorkizunari. Preseski, Argentinak badu bertze ezaugarri bat, berezitzat edo arrarotzat hartzeko modukoa, gainera: izugarrizko inflazioa kudeatu beharra dago, eta hori ez da mundu guzian gertatzen.

Inflazioa hain handia denez, enpresariak zuhurrak izan ohi dira inbertitzeko orduan, eta hagitz erradikalak ekonomiarekin lotutako eskaerak egitean.

Lulak Brasilgo bozak irabazi zituelarik, adierazi zenuen halakoak defentsarako garaipenak direla, eta eskuina erradikalizazio prozesu sakon batean murgildua dela. Zertan bat egiten dute Jair Bolsonarok eta Mileik, eta zertan dira desberdinak?

Erranen nuke bi desberdintasun nagusi daudela. Batetik, Brasilen badira erradikalizazioa gelditzeko zenbait tresna instituzional, eta Argentinan, aldiz, ez. Hau da, Brasilen ezin da dena kolpe batez pribatizatu, eta Argentinan jada egina da hori. Brasil herrialde hagitz konplexua da, akordio anitz egin dira, eta ez dago gune politiko bakarra: botere guziek, eskualdeek eta gobernadoreek dute zeresana. Argentina, ordea, hagitzez zentralizatuagoa da, eta, aldi berean, zentralizazioa hagitzez informalagoa da. Gainera, orain Milei aise erradikalagoa da Bolsonaro 2018an baino.

Bertzetik, Mileik, boterera ailegatzen bada, Bolsonarok aurkitutakoaz arrunt bertzelako egoera bat izanen du aitzinean: peronismoa zinez higatua da, eta ekonomia, berriz, txikitua. Bolsonarok agintea hartu zuenean, Langileen Alderdia ez zegoen arrunt desegina. Are, Lula preso zegoen ordu hartan, eta horrek erran nahi du men egin ziela Brasilgo auzitegiei. Alabaina, peronismoaren ordezkari nabarmenetako bat, Cristina Fernandez, kartzelari eskapuka ari da. Lulak kartzelaldiari izkin ez egitea erabaki zuen, eta, bere garaian, bi arlotan kalte egin zion horrek. Batetik, preso baitzegoen, eta, bertzetik, ez baita gauza bera akusatua edo atxilotua egotea.

Fernandezen kasuan?

Cristinaren egoera bertzelakoa da. Ez dut erran nahi kartzelan sartu behar duenik, ezta haren kontrako auzia bidezkoa denik ere; sinbolikoki nola eraikia dagoen azaldu nahi dut, testu bat balitz bezala irakurri ahal izateko.

Zer espero duzu gaurko?

Iruditzen zait peronistek badutela modua bigarren gelditu eta bigarren itzulira pasatzeko, baina baliteke beren historiako emaitzarik kaskarrenak biltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.