Mileiren aurkako lehen lanuztea egin dute Argentinan

Milaka pertsona bildu dira Buenos Airesko Konstituzio plazan, presidentearen azken neurrien aurka egiteko. Antolatzaileek «historikotzat» jo dute protesta.

(ID_13530417) ARGENTINA PROTESTAS
Milaka pertsona batu dira gaur Buenos Aireseko Konstituzio plazan, Mileiren aurkako protestan. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 24a
19:40
Entzun

Abenduaren 10ean Javier Milei Argentinako presidente izendatu zutenean argi geratu zen legegintzaldia ez zela ohikoa izango. Anarkokapitalismoa banderatzat daukan politikariak erreforma andana plazaratu zuen hautagai zenean, eta presidente izendatu eta gutxira hasi da horiek martxan jartzen. Abenduaren 27an aurkeztu zuen Omnibus Legea izan da hautsak gehien harrotu dituena, Mileiren esku uzten baititu Kongresuarenak ziren eskumen asko. Horren aurka agertu dira milaka pertsona gaur Buenos Airesko kaleetan, Mileiren gobernuaren aurkako lehen lanuztean.

CGT Lanaren Konfederazio Orokorrak deitu du lanuztera, Argentinan babesik handiena duen sindikatuak. Hainbat sindikatu, alderdi politiko eta erakundek bat egin dute deialdiarekin; goizetik «ehunka mila» manifestari elkartu dira, antolatzaileen arabera, eta Buenos Airesko Kongresu plazara abiatu dira eguerdian —Euskal Herrian 16:00ak zirenean—. 2019tik ez da lanuzte orokorrik izan Argentinan.

Ez da istilurik egon manifestarien eta poliziaren artean, Patricia Bullrich Segurtasun ministroak atzo piketeen aurkako protokoloa martxan jartzeko mehatxua egin zuen arren. Halere, tentsioak izan dira. Retiroko tren geltokian, esaterako, manifestariek bengalak piztu dituzte.

Manifestarien aurreneko ziztada Luis Caputo Ekonomia ministroak jaso du. Manifestarien zutabeak Konstituzio Plazara heldu direnean Pablo Moyano CGTko kideak hartu du hitza. Caputok aurrera eraman nahi dituen politika ekonomikoak txalotzeko asmoz, Mileik aurrekoan esan zuen herritarrek Caputo «bizkarrean eraman» beharko luketela. Presidentearen hitzak hartuta egin dio kritika Caputori Moyanok: «Ministroak doitze ekonomikoekin eta kaleratze politikekin jarraitzen badu, langileek eta erretiratuek bizkarrean eramango dute, bai, baina ibaira botatzeko».

Bestalde, Moyanok «historikotzat» jo du mobilizazioa: «Mileik kargua hartu eta 45 egunera jendetza bildu gara haren aurka egiteko. Argentinarrak haien iritzia plazaratzen hasi dira».

Gobernuak erantzun

Mileiren Gobernua ez da oldarraldiaren aurrean isilik geratu. Manuel Adorni, presidentearen bozeramaileak, esan du manifestazioa «demokraziaren eta errepublikaren aurkako ekitaldia» dela. Caputok, bestalde, bere aurka esandakoei erantzuteko eskatu dio justiziari X sare sozialean.

CGTk bi arrazoi nagusi plazaratu ditu argentinarrak grebara jo dezaten. Batetik, Omnibus Legea, eta, bestetik, Premiaren eta Larrialdiaren dekretua. Bi neurri horiek presidentearen esku uzten dituzte orain arte Kongresuarenak izandako eskumen batzuk. Horiei esker, Mileik erabakimen handiagoa izango luke ekonomiari, segurtasunari, arlo sozialari eta osasunari dagozkien politiketan. 

Omnibus Legeak eragingo liekeen arloen artean daude manifestazioak. Mileik hasieran proposatutako legeak gogor egiten du protesten aurka, urtebete eta sei urte bitarteko kartzela zigorrak aurreikusten baititu. Are gehiago, Mileik «hiru pertsona edo gehiago dituen edozein bilkura» manifestaziotzat hartzea nahi du; betiere, «kalean ibiltzeko askatasuna oztopatuz gero». Sindikatuak hasieratik agertu dira neurri horren aurka.

Erabaki horren aurka egin du manifestazioak ere. Konstituzio Plazan egindako ekitaldian, sindikatuko buruzagietako batek, Hector Daerrek, Mileiri ohartarazi dio ez egiteko manifestarien aurkako ekintzarik: «Ez dezatela protesta kriminalizatu; bestela, mundu osoan eta Argentinan garesti ordainduko dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.