Arrunt harrigarria da Argentinako gobernuburu Javier Mileiren atzerri politika. Izan ere, ideologia bateko zein besteko gobernuek irizpide bateratuak izan dituzte orain arte Argentinan, eta, beraz, ondo egituratua zuten atzerri politika. Orain, ordea, bide hori eten egingo da, Argentina atera egin baita bai Etorkizunerako Itunetik —NBEren hitzarmen multilaterala da— eta bai COP29 biltzarretik.
Ekonomiaren moldaketa bortitzak bereganatu du arreta guztia, baina gero eta kezka handiagoa dago nazioarteko harremanak direla-eta, eragina baitute funtsezko gai batzuetan: arriskuan jar dezakete demokraziaren egonkortasuna eta herrialdeen arteko elkarlanaren legitimotasuna. «Mileik zorrotz baino zorrotzago jokatu nahi du eskuin berri horien agendetan: ez dakite zertarako diren estatua, multilateralismoa eta Nazio Batuen Erakundea», adierazi du Nestor Restivo historialari eta nazioarteko politikaren aztertzaileak. «Gaur egun, Argentina Etorkizunerako Itunetik eta beste batzuetatik ateratzeak agerian uzten du, berriz ere, gobernu horrek ez dituela batere errespetatzen estatuek nazioarteko politikari buruz egindako hitzarmenak».
Hauteskunde kanpainan, Mileik purrustada asko egin zituen, eta hitz gogorrak esan zituen Brasilen eta Txinaren kontra —Argentinaren bazkide komertzial nagusiak dira, eta komunistak izatea leporatu zien—, baita Frantzisko aita santuaren kontra ere —«komunista hiltzaile horien lagun» izatea egotzi zion—; denborarekin, ordea, leundu egin du jarrera, eta beste helburu batzuetara begira jarri ditu kanoiak. «AEBen aliatua delako eta beste kontu batzuengatik, Mendebaldeko balioen defendatzaile moduan agertzen da Milei, baina haren gobernuak hautsi egingo du liberalismoa bera ere, eta ez da inola ere konturatzen administrazio publikoak eta estatuak zenbat dezaketen», zehaztu du Restivok. «Nazioarteko kooperazioari dagokionez, mespretxatu egiten du horren tankera duen zernahi, muturrera eraman nahi baitu indibidualismoa, inoiz ez bezala».
Bide horretan, Nazio Batuen Erakundea bide da Mileiren etsairik handienetako bat. Iazko irailaren bukaeran, Kanpo Harremanetarako orduko ministro Diana Mondinok iragarri zuen, NBEren Batzar Nagusian, Argentinak alde egingo zuela Etorkizunerako Itunetik. Hitzarmen horretan, jasota dauzkate etorkizuneko erronka globalei buruzko ikuspegi bat eta haiei heltzeko ekintza plan bat. Beraz, Argentina beste aldera begira jarri da ipar ideologikotzat dauzkan bi herrialderekin batera, baina baita arbuiatzen dituen bi herrialderekin batera ere: AEBekin eta Israelekin, batetik, eta Venezuelarekin eta Iranekin, bestetik.
Mondinok berak azaldu zuen zertan zen kontua: «Gaur, NBEn gaudela, alde egingo dugu Etorkizunerako Itunetik. Mundu hobea nahi dugu gure lurraldean bizi diren haur, gizon eta emakume guztientzat. Argentinak hegoak eduki nahi ditu garatuz joateko, gure helburuekin zerikusirik ez duten erabakien zamarik izan gabe. Askatasunaren itsasargietako bat izango da Argentina». Restivoren ustez, «banakoen autonomiaz hitz egiten dutenean, horrek indibidualismo mota bat dakar, gizartearen kontzeptua txikitzen duena. Mileik mirespen handia dio Margaret Thatcherri, hark esaten baitzuen gizarterik ez dagoela, banakoen batura besterik ez dela».
«Nazioarteko kooperazioari dagokionez, mespretxatu egiten du horren tankera duen zernahi, muturrera eraman nahi baitu indibidualismoa, inoiz ez bezala»
NESTOR RESTIVOHistorialaria
NBEn egin zuen lehenbiziko mintzaldian, Mileik argi aurreratu zuen zein izango zen Argentinaren jarrera: «Ez naiz etorri munduari esateko zer egin behar duen: esan nahi dut, batetik, zer gertatuko den NBEk politika kolektibistak bultzatzen segitzen badu 2030erako Agendan, eta, bestetik, zer balioren alde egingo duen Argentina berriak». Erantsi zuen «ideia sozialistak» defendatzen dituela Etorkizunerako Itunak, 2030erako Agendak porrot egin duela, eta «askatasunaren agenda» ezarri beharra dagoela.
Iazko azaroan, Argentinako Gobernuak alde egin zuen Nazio Batuen Konbentzioko Parte Hartzaileen 29. Biltzarretik (COP29), Baku-n (Azerbaijan), eta kontrako botoa eman zion NBEren ebazpen bati, proposatzen zuelako estatuak «gehiago ahalegintzea emakumeen eta neskatoen kontrako bortizkeria oro prebenitzen eta deuseztatzen».
Beste liga bat
Dena dela, gobernu ultraeskuindarraren ezaugarririk behinena zera da: zein bizkor eta zein krudelki hartzen dituen erabakiak, eta nola kolpetik aldatzen duen erabakitakoa. Esaterako, Mondino arduratu zen Etorkizunerako Itunari buruzko berria jakinarazteaz, baina Mileik, azkenean, gobernutik kanpo utzi zuen Mondino. Hura ordezkatzeko, AEBetatik etorrarazi zuen enbaxadorea, Gerardo Werthein, bere konfiantza osokoa. Werthein iritsiz geroztik, badirudi Milei ez dela hain oldarkor jokatzen ari, eta horren erakusgarri izan zen G20koek Brasilen egindako goi bilera: Milei munduko lider nagusiekin bildu zen, eta aurrez aurre eduki zuen Lula da Silva, lehenbiziko aldiz. Gainera, goi bilerako azken egunetan, Wertheinek aditzera eman zuen zuzendu egingo dutela Argentinak NBEn indarkeria matxistari buruz izandako jarrera.
Argitara atera da bai Mileik eta bai Trumpek «nazio kontserbadoreen liga» sortu nahi dutela indarrik gabe uzteko garapen iraunkorrerako NBEk landutako 2030erako Agenda, eta uko egiteko klima aldaketari buruzko Parisko Hitzarmenari, baina Restivok ez du uste hori egin ahal izango dutenik: «Halatsuko zerbait egitea planteatu zuen Steve Bannon-ek bere garaian, eta kale egin zuen. Halako adierazpenek oihartzun handia dute prentsan, haiek oso iaioak baitira komunikabideen munduan, baina ez dira aurrera egiten ari. Hemen, Latinoamerikan, gobernuak progresistak dira nagusiki, eta Milei eta haren gisakoak, berriz, gutxi dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den Trumpek boterea hartzean».