Askotariko arrazoiengatik iritsi zen Javier Milei gobernu nazionalaren buru izatera, eta askotariko arrazoiengatik izan du aukera, agintaldiko lehen urtean —atzo bete zen urtebete kargua hartu zuenetik—, Argentinan inoiz egin diren murrizketarik handienetako batzuk egiteko, gizarteak batere erantzun gabe, harrigarriro pasibo. Zer behar du Argentinako gizarteak, halako bidegabekeriari erantzuten hasteko? Galdera horixe sortzen da Mileik halako abailan eta ankerkeriaz ezarritako politiken gaineko eztabaida guztietan.
Egoera horrek, aurrerakoiak zeharo harrituta uzteaz gainera, ikusmin handia piztu du tokiko eta nazioarteko elite menderatzaileen artean: jakin-mina sortu die Argentinako esperimentuak, eta adi-adi daude, gobernu proiektu hori noraino iristen ote den ikusteko. Dena dela, proiektu horren oinarriek mesfidantza ere eragin dute, nahiz eta ortodoxo ultraliberal askoren ametsa diren. Azken batean, Milei pozik badago ere defizitik ez dagoelako eta inflazioa jaitsi delako, kontsumoak behea jo du, eta pobrezia eta txirotasuna nabarmen areagotu dira. Aldagai horiek ere funtsezkoak direnez ekonomian, ez dago oso argi Mileiren esperimentuak zenbat iraungo duen.
Argentinako politika tradizionalaren gainbeherak eragin du hango gizartean nagusi den nahasmendua, eta, hain zuzen ere, politika tradizionalaren ideiekin bat ez datozenak gainbehera horretaz baliatu dira gobernuko ordezkaritza postuetara igotzeko. Adituen ustez, Latinoamerikan eskuin muturra ez da soilik arrazoi ekonomikoen ondorioz indartu: faktore soziokulturalak ere izan dira tartean. Hau da, erantzun (moral) gisa indartu da eskuin muturra: batetik, orain arte eskuratutako eskubide sozialei aurka egiteko —abortatzeko eskubideari, LGTBI eskubideei eta eskoletan sexu heziketa irakasteari aurka egiteko—, eta, bestetik, zentzurik ezari, apatiari eta higatzeari aurre egiteko. Izan ere, izugarrizko etsipena eragin zuen aurretik gobernuan izandako aurrerakoien, sozialdemokraten eta eskuin tradizionalen kudeaketak, eta ordukoak dira oraingo egoeraren hasi-masiak: gaur egun, argentinarren erdiak baino gehiago pobrezian bizi dira.
Daniel Feierstein soziologoaren esanetan, «gaur egungo paradoxa zera da, progresismoak gero eta posibilistagoak eta kontserbadoreagoak direla». Gainera, «agenda aurrerakoiak» alde batera utzi, eta historikoki eskuineko alderdiek defendatutako balioak lehenetsi dituzte. Horren ondorioz, Feiersteinen ustez, gutxietsi egin dituzte herritarren benetako kezkak: besteak beste, segurtasunik ezak eta narkotrafikoak eragindako kalteak», eta «identitate eraldaketen ondorioz» maskulinitatean, lotura sozialetan, harreman afektiboetan, sare sozialen rolean eta abarretan zabaldutako «larridura». Halaber, Feiersteinen arabera, progresismoen eraldaketa horretan, batetik, pentsatzeko askatasuna murriztu dute; izan ere, norbait dogma aurrerakoiak kritikatzera eta zalantzan jartzera ausartzen bada, kantzelatu egiten dute, eta, bestela, kolonialismoaren edo patriarkatuaren konplizetzat edo ordezkaritzat jo. Horrekin batera, bidea zabaldu diote askatasun mugagabearen planteamenduari, hots, anarkokapitalista garaikideen ildoari.
«Gaur egungo paradoxa zera da, progresismoak gero eta posibilistagoak eta kontserbadoreak direla»
DANIEL FEIERSTEINSoziologoa
Gainera, kalte egin diete hainbat kontzepturi, hala nola justizia sozialari, berdintasunari, demokraziari eta askatasunari. Zenbait indar politikotako erreferenteek behin eta berriz erabili dituzte hitz horiek promesak egiteko, baina gero ez dute bete agindutakoa; azkenean, erabiliaren erabiliaz, kontzeptu horiek edukiz hustu dituzte. Horrexegatik sartu da Milei barru-barruraino, eta, harekin batera, alderdi tradizionalen aurka egiten duen diskurtso disruptiboa.
Agintariak zigortuz
«Sumina zabaldu da gorantz doazen gutxiengo batzuen aurka, eta horregatik mobilizatzen da eskuin muturra». Ideia hori gero eta gehiago hedatzen ari da, Cristobal Rovira Kaltwasser ikertzaile eta irakaslearen arabera, Nueva Sociedad aldizkarian argitaratu duen artikulu batean dioenez. Rovira Kaltwaserren ustez, gutxienez hiru faktoreren eraginez doa eskuin muturra gorantz. Lehenik, boto emaileek agintariak zigortu nahi dituzte —agintari ezkertiarrak ziren, Latinoamerikan bederen—. Bigarrenik, delinkuentzia areagotu egin da, eta segurtasuna txikitu: gai hori korapilatsua izan ohi da ezkerrekoentzat, eta eskuinekoak, aldiz (eta eskuin muturrekoak), oso eroso ibili dira beti auzi horri dagokionez. Hirugarrenik, eskuin tradizionalaren proiektuak ahitu egin dira, eta krisialdian daude: «Eskuin tradizionalek ezin badute hautesleen multzo zabal batzuk erakartzeko moduko eskaintza programatikorik egin, hutsune bat sortzen da ordezkaritzan, eta eskuin muturreko indar berriak aise baliatzen dira hutsune horretaz; izan ere, ezkerra kritikatu ez ezik, ohiko eskuinarengandik bereizi eta hura gainditu nahi dute».
Alejandro Horowicz soziologoaren aburuz, balioak edukiz hustea da esanahien eztabaida horretako arazo handienetako bat: «Esaten badut demokrazian jendeak jan egingo duela, hezkuntzarako sarbidea izango duela eta abar, baina gero hori betetzen ez bada, demokrazia hitz hutsal bihurtzen da. Aurreko gobernua justizia sozialaren gobernua baldin bazen [Alberto Fernandez kirchneristarena] eta %35eko pobrezia bazegoen, justizia soziala zerrikeria hutsa dela dioena zuzen dago; hau da, Mileik egia dio». Horren guztiaren ondorioz, Horowiczen arabera, sinestun multzo bat agertzen da: «Halakoak gogotik saiatzen dira buruzagi batzuei zerbait sinesten, nahiz eta, arrazoiz jokatuz gero, ez dagoen haiei askorik sinesterik».
«Esaten badut demokrazian jendeak jan egingo duela, baina gero hori betetzen ez bada, demokrazia hitz hutsal bihurtzen da»
ALEJANDRO HOROWICZSoziologoa
Oraingoz, badirudi Mileiren gobernuak bi euskarri dituela: errelatoa/kontakizuna, batetik, eta sinesteko behar larria duen gizarte baten gogaitasuna. Mileik eta haren aldekoek adierazi zuten denari helduko ziotela, eta halaxe ari dira. Hala eta guztiz ere, agindu zuten kastak pagatuko zuela horren ordaina —sektore pribilegiatuek—, baina, honetara ezkero, argi dago ez dela hala izango: ia sosik ere ez duten herritarrak ari dira benetako sakrifizioa egiten.