Mileik osasungintzan ere erabili du motozerra

Eritasun kritikoren bat dutenei, hala nola paziente onkologikoei, botika hornidura eten die Argentinako Gobernuak. Hala pazienteek nola haien senideek, gaitzari buru egin ez ezik, auzitara jo behar izan dute.

Javier Milei Argentinako presidentea, iazko maiatzean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Javier Milei Argentinako presidentea, iazko maiatzean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Nahiz eta teorian motozerraren funtzioa zen kastaren, hau da, politikako sektore pribilegiatuen pribilegioak amaitzea eta estatua ustelkeriatik libratzea, oraingoz, Javier Milei Argentinako presidenteak ahulenekin gupidagabe jokatu bertzerik ez du egin bere agintaldian; alegia, azken urtean. Ultraeskuineko gobernuak motozerra planari jarraituz hartutako lehenbiziko neurrien artean dira, bertzeak bertze, herri lanetan murrizketa handiak egitea, genero eta diskriminazio politikez arduratzen diren erakundeak finantzatzeari utzi edota hestea, eta batez ere herritar zaurgarriei kalte egiten dieten hamaika erabaki hartzea. Muturreko adibide gisa, janari hornidura eten diete herri jantokiei, eta botikena, berriz, minbiziak edo gaitz kroniko edo autoimmuneren batek jota dauden eta osasun zerbitzurik ez duten herritarrei.

«Urtarrilaz geroztik, izugarri borrokatzen ari gara», adierazi du Ivana Sosak. Bularreko minbizia du, eta Santiago del Estero probintzian bizi da. «Tartean behin, nire bizilekutik, Termas de Rio Hondotik probintziako hiriburura joan behar izaten dut, nire botika eskaeren dosierrak zertan diren jakitera, eta, aldi berean, azterketak egitera ikusteko gaitzak zer bilakaera duen», kontatu du Sosak. «Abendutik honat, Buenos Airestik dohaintza gisa bidali dizkidaten botikekin moldatu naiz, baina behar ditudan hiru botiketatik bi bakarrik lortu ditut. Nire dosierren berri galdetzen dudan bakoitzean, erraten didate itxaroteko eta aitzinago berriz galdetzeko. Denak berdin gabiltza, eta, botikak dohaintzan ematea lortu ezean, gaitzak aitzinera egiten du».

Nahiz eta Giza Kapitalaren Ministerioko agintariek erran zuten irregulartasunak zeudelako erabaki zutela botikak emateari uztea, maiatzean justiziak gibelera bota zuen irregulartasun horiei buruzko auzia, eta artxibatu. Julian Ercolini epaileak ez zuen aurkitu deliturik egin zelako zantzurik, baina, halere, iazko abenduaz geroztik —orduan hartu zuen kargua Mileik— auzitara jo behar izan dute paziente anitzek, tartean direla haur batzuk ere. Epaitegiak banakako eta taldekako errekurtsoz bete dira, baita salaketa penalez ere: Sandra Pettovello Giza Kapitalaren ministroaren, Mario Russo irailera arte Osasun ministroa izandakoaren eta Milei presidentearen beraren aurkakoak dira, «jendea abandonatzeagatik» paratuak. Hala pazienteek nola haien senideek salatu dute zazpi lagun hil direla neurria ezarri zenetik.

«Denak berdin gabiltza, eta, botikak dohaintzan ematea lortu ezean, gaitzak aitzinera egiten du»

IVANA SOSABularreko minbizia du

Giza Kapitalaren Ministerioa, Pettovello buru duena, superministerio bat da; izan ere, estatua berregituratzeko Mileiren planaren barrenean, ministerio horrek bere gain hartua du bertze zenbait ministerio eta erakunderen jarduna, eta, DADSE Egoera Berezietan Laguntzeko Zuzendaritzaz ere arduratu zen abendutik otsailera, harik eta ardura hori Osasun Ministerioaren esku gelditu zen arte. Tarte horretan, Pettovellok azaldu zuen botikak falta izatearen arrazoia zera zela, aitzineko gobernuak, Alberto Fernandez peronistarenak, zenbait erosketa «era irregularrean» egin izana, eta horregatik auditoriak egiten hasiak zirela lizitazio horiek aztertzeko. Berdintsu gertatzen da herri jantokiekin ere, horiek ere Pettovelloren eskumenekoak. Tartean janaria izan edo botikak izan, hornikuntza errotik etetea erabaki du ministroak bi kasu horietan, ustezko irregulartasunei buruzko ikerketak aitzinatu bitartean. Preseski, deigarriena da bai botiken zerbitzua eta bai jantokiena egoera kritikoei buru egiteko baliatzen direla: batetik, zer janik ez duten herritarrak daude, eta, bertzetik, botika jakin batzuen mende dauden pazienteak, anitzetan bizia bera ere jokoan dutenak.

Pazienteek ez badute lortzen behar duten botika eskuratzea hurbileneko arreta zerbitzuetan —ez dagoelako dagokien probintzian eskuragai dauden botiken zerrendan, edo bertze edozein arrazoirengatik–, zerbitzu nazionalera jotzen dute, DADSEra. Anitzetan, hori egiten dutenek botika inportatuak eta hagitz garestiak behar izaten dituzte. Celeste Quintanak 33 urte ditu, Buenos Airesko probintzian bizi da, Quilmes hirian, eta, Sosaren pare, iazko abenduan hasi zen arazoak izaten: «Azaroaren 30ean aurkeztu nituen paperak, eta erran zidaten hamabortz egunen buruan izanen nituela botikak, beti bezala. Epe hori pasatzean zerbitzura deitu, eta erran zidaten oraindik ez zituztela eskura, baina nik jada txanda nuen urtarrilean kimioterapia hartzeko. Berriz deitu nuen, eta gauza bera; orduan bai, kezka piztu zitzaidan. Azkenean, kimio saio hori huts egin nuen».

(ID_14224402) ARGENTINA. MINBIZIA.
Mileik osasungintzan egindako murrizketen kontrako protesta bat, Argentinako telebista kate bateko programa batean. Betaurrekoduna da Celeste Quintana. BERRIA

Quintanak Hodgkinen linfoma bat du, 2019an diagnostikatua; ama zelulen autotransplante bat egina diote, eta, gaur-gaurkoz gaitza kontrolatu samar badu ere, okertzeko arriskua du botikarik hartzen ez badu. «Linfoma mota hau kronikoa da, eta, beraz, bizi osoa emanen dut tratamenduan, baina, gaitza ez dadin aitzinatu, botika jakin bat hartu beharra dut sei astean behin. Ez dudanez mutualitaterik, probintziaren edo estatuaren mende nago botika lortzeko».

2023an, Quintanak DADSEren bidez eskuratu zuen botika, baina, urtarrilaz geroztik, egoera zaildu egin da. «Orduan hasi nintzen ohartzen bazirela bertze paziente batzuk nire arazo bera zutenak, eta otsailean jakin genuen estatua auditoria bat egiten ari zela eta DADSE hetsia zutela. Nahiz eta gero berriz ireki, ez zuen lehen bezala funtzionatzen, ez baitzioten berriz ekin botikak erosteari, eta, beraz, babes helegiteak aurkeztu genituen, bai banaka eta bai taldean. Arrazoia eman zidaten, eta Osasun Ministerioak errekurtsoa jarri bazuen ere, justiziak agindu zion hura ebatzi bitartean bidal ziezadatela botika. Orain, badut hiru ziklotarako bertze, eta DADSEkoek erran didate egoera bere onera etorriko dela, nahiz eta hilabete batzuk behar izan horretarako».

Buenos Airesko kasua

Edozein modutan, ikusita DADSEk ez duela erantzuten, Buenos Airesko probintziak, Axel Kicillof peronista buru dela, erabaki du sendagai onkologikoei dagokien estaldura zabaltzea, eta, hala, kostu handiko hamar printzipio aktibo gehitu ditu eskuragai dauden botiken zerrendara. Gisa horretan, probintzia horretako pazienteen eskaerei erantzun die, eta puska jende gutxiago bideratu arta zerbitzu nazionaletara, %43 gutxiago. «Ikusi dut Buenos Airesko probintziak bere gain hartu gogo duela ardura, eta nire botika sendagaien zerrendan sartua dela berriz. Gauza ona litzateke hori, zerbitzu nazionaleko tramitea aise korapilatsuagoa baita, eta ez nuke egin beharko. Halere, bertze botika sorta bat jasotzeko paperak aurkeztuak dizkiet jada DADSEkoei, aitzinekoa abuztuan bukatu baitzitzaidan, eta, lehenago eskatzen ez zizkidaten gauzak eskatu dizkidate oraingo honetan, tartean PET izeneko azterketa konplexu bat, zortzi hilabetean behin egiten didatena, baina maiatzean, DADSEkoek eskatu zidatelarik, oraindik ez ziren zortzi hilabete pasatuak azkeneko azterketaz geroztik. Iruditzen zait trabak paratu bertzerik ez dutela egiten, ez dezadan modurik izan tramitea egiteko», erran du Quintanak.

Justiziaren aginduak goiti-beheiti, Argentinako Gobernuak ez ditu konpontzen halako egoerak; are, jendaurrean harro erraten du 140.000 milioi peso (130 milioi euro, gutxi goiti-beheiti) aurreztu dituela osasungintzan, ukatu egiten du arta programa bertan behera gelditu dela, eta adierazi halako baieztapenak prentsa estrategia baten parte direla, nahiz eta murrizketaren biktimen testigantzek argi erakutsi ez dela horrela. Preseski, herritar horiek, arrunt desesperaturik, botikak lortzeko bideak aurkitu behar izan dituzte beren egoera argitu bitartean, eta, horrekin aski ez, eta auzibideen gastuak eta abokatuen ordainsariak pagatu ere bai. Bada, babes eskaerei helegitea jartzea izan da, oraingoz, Argentinako Gobernuaren erantzuna.

«Beldur naiz eritasunagatik beragatik, baina baita gobernuaren erranengatik ere: haien arabera, pazienteek kontatutakoa ez da egia»

CELESTE QUINTANAHodgkinen linfoma du

DADSE Giza Kapitalaren Ministerioaren esku egon zen iazko abenduaren 10etik, hau da, Mileik kargua hartu zuenetik otsailaren 19ra bitarte, eta epe horretan jakin zen zenbait pazientek erreklamazioak aurkeztuak zituztela sendagai hornikuntza eteteagatik. DADSEk paziente zaurgarriak artatzen ditu, osasun estaldurarik izan ez, gaitz larriek jota egon eta modurik izan ez dutenak behar dituzten botikak tokiko ezein arta zerbitzutan eskuratzeko. Horiek hala, DADSE azken aukera da gaitz larri bat izan eta sendagai garestiak eta lortzeko zailak behar dituztenentzat. «Beldur naiz eritasunagatik beragatik, baina baita gobernuaren erranengatik ere: haien arabera, pazienteek kontatutakoa ez da egia. Beldur naiz jendeak ez digula sinetsiko eta ezin izanen dugula lortu behar dugun hori», adierazi du Quintanak.

Azalpen eskaera

Justiziari dagokionez, azken berria uztailekoa da, eta, hain justu, Pettovellori agindu zioten azaldu zezala zer egin zuen DADSErekin erakunde horren ardura izan zuen bi hilabeteetan, noiz-eta lehenbiziko erreklamazioak aurkeztu ziren garai berean. Zehazki, Aberriaren Aldeko Batasuna alderdiko diputatu Juan Marinok egindako eskaera baten harira emana da agindu hori: apirilean, galdegin zuen modua egin zedila auzi horren inguruko informazio publikoa eskura jartzeko. Honela mintzatu zen eskaera aurkeztu zuelarik: «Informazio garrantzitsua da, DADSEren bitartez gauzatzen zen politika publiko bati lotua, zeinak helburu baitzuen gaitz larriren bat dutenei bizitzeko eta osasuntsu egoteko eskubide konstituzionalak bermatzea. Jakina da jendea hil dela botika garestiak eskuratzeko laguntzaren esperoan zela. Giza Kapitalaren Ministerioak kontuak eman behar ditu, eta erantzukizuna bere gain hartu».

Halaber, Marinok galdetu zuen argitu zedila DADSE Pettovelloren esku zegoen garaian zenbat pazienteri eman zizkieten botikak, erakundeak zenbateko aurrekontua zuen eta zer prozedura eta protokolo baliatu ziren botikak ematea ontzat jotzeko, baina oraindik ez diote erantzun. Orduz geroztik zabaldutako berrien arabera, bederen zazpi lagun hil dira sendagaien esperoan zirela, baina uste da posible dela egiatan hamabortz ere izatea. Oraingoz, hauen kasuen berri zabaldu da: Aldo Pinto (Salta); Camila Gimenez (Cordoba), eta Alfredo Gonzalez, Maria Teresa Troiano, Mariana Floridia eta Patricio Romanos (Buenos Aires). Mistanasia, hala deitzen zaio norbait abandonuaren eraginez hiltzeari, eta, preseski, azkenaldian anitzek adituko zuten hitz hori lehenbiziko aldiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.