Mileik kolokan paratu du unibertsitateko ikasketen doakotasuna

Argentina da unibertsitate publikoetan guztiz doan ikasteko aukera bermatzen duten herrialde bakarrenetakoa. Bizileku baimen iraunkorrik ez duten atzerritarrei unibertsitate tasak kobratzea jasotzen du Omnibus Legeak.

(ID_13355579) ARGENTINA ELECCIONES
Unibertsitateko ikasle batzuk, Sergio Massa presidentegai zenarekin, iragan azaroan, Buenos Airesen; Javier Mileik lortu zuen Massak baino babes handiagoa 35 urtetik beherakoen artean. EFE
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2024ko otsailaren 29a
05:05
Entzun

Egunotan, estatuaren erreforma eztabaidatzen ari dira Argentinako Kongresuan. Javier Milei presidenteak bultzatu du erreforma hori, eta Argentinako sistema ekonomiko, politiko eta sozialaren oinarri diren ehunka lege indargabetzea edo aldatzea eraginen du. Mileiren proiektu nagusian, hau da, Omnibus Legearen barrenean zera bilduko da: estatu unibertsitateek, zeinak orain arte doakoak baitziren, aukera izanen dute tasa bat kobratzeko Argentinako biztanle ez diren atzerritarrei. Neurri horrek zalantzan paratzen du herrialde horretako ardatz nagusietako bat: hezkuntza publikoa eta doakoa izatea ikasmaila guzietan. Baina ez hori bakarrik, Latinoamerikako ikasle anitzi mugatu egiten baitie eskaintza hagitz zabaleko eta prestigio handiko unibertsitateetan graduko eta graduondoko ikasketak egiteko aukera.

Bizileku baimen iraunkorrik ez duten atzerritarrei unibertsitate tasak kobratzeko aukera ematea, horixe izan zen gobernu berriak hartutako lehenbiziko neurrietako bat agintea eskuratu orduko. Argentinako gobernu kontserbadore guziek egin dute neurri hori ezartzeko mehatxua 1949az geroztik, hau da, Juan Domingo Peronek unibertsitate tasak bertan behera utzi zituenetik. Peronen erabakiaren ondorioz, unibertsitateko matrikulazioak etengabe goiti egin zuen urtez urte: 1945ean, 47.000 lagun matrikulatu ziren unibertsitatean; 1955ean, berriz, 138.000. Peronismoak abiaturiko mugikortasun sozialeko politikaren parte izan zen unibertsitatea, eta 1918ko Unibertsitate Erreforma eta ikasketen doakotasuna Argentinako hezkuntzaren zutabe bihurtu ziren.

Unibertsitate Erreforma izeneko ikasle erreboltari esker, unibertsitateak erakunde demokratiko eta zientifiko bilakatu ziren. Hala ere, doakotasuna behin baino gehiagotan egon da kolokan azken 70 urteetan: 1955eko kolpe militarrak, 1976koak eta Carlos Saul Menemen gobernuak gibelatze handiak ekarri zituzten, baina ez zuten lortu doakotasuna bertan behera uztea. 2015ean, Kongresuak erreforma bat onartu zuen Goi Mailako Hezkuntzako Legea, Menemen garaian onetsia, aldatzeko, eta zera zehaztu: «Estatuak kudeatzen dituen goi mailako hezkuntza erakundeetan, graduko ikasketak doakoak dira, eta, beraz, debekatua dago horien gaineko edozein karga, tasa, zerga edo tarifa ezartzea, izan zuzenean edo izan zeharka.

Egungo gobernuak proposatutako Omnibus Legearen 553. artikuluak polemika piztu du zenbait arrazoi direla medio. Izan ere, espezialista anitzek diote legeak ez dakarrela aldaketa handirik, ezta ekonomikoki ere, nahiz eta legea aldatzearen aldekoek baietz erran. Argentinako Hezkuntza Ministerioak eskura paratutako azken datuen arabera, 2021etik 2022rako aldian atzerriko 117.820 ikasle zeuden: horietatik 99.636, gradu aitzineko edo graduko ikasketak egiten, eta 18.127, berriz, graduondoko ikasketetan.

117.820

Argentinan atzerriko zenbat ikasle zeuden 2021etik 2022rako aldian. Argentinako Hezkuntza Ministerioak eskura paratutako azken datuen arabera, 2021etik 2022rako aldian atzerriko 117.820 ikasle zeuden.

Hala, gradu aitzineko eta graduko ikasketetan, ikasleen %3,9 dira atzerritarrak, eta graduondokoetan, %10. Bertzalde, ikastegi motari erreparatuz, atzerritarrak ikasle kopuru osoaren %4,1 dira unibertsitate publikoetan, eta %5,5 pribatuetan. Jatorriari dagokionez, atzerriko ikasle horien %95,93 Amerikako bertze herrialdeetatik ailegatuak dira, %2,9 Europakoak, eta gainerakoak Asia, Afrika eta Ozeaniakoak (%1,7).

Ameriketatik ailegatzen direnen artean, Perukoak dira graduko ikasle atzerritar gehienak, eta, ondotik, Brasilgoak, Paraguaikoak, Boliviakoak eta Kolonbiakoak. Graduondoko ikasketetan, berriz, kolonbiarrak dira gehienak, eta, haien gibeletik, ekuadortarrak. Hain zuzen ere, Mileiren iragarpenak kontuan hartuta, Kolonbiako presidente Gustavo Petrok erabaki zuen herrialde hartako unibertsitateak doako bilakatzea 2024ko lehenbiziko seihilekotik hasita. Hauxe adierazi zuen Petrok X sare sozialean: «Argentinan doan ikasten ari ziren 20.000 ikasle kolonbiar hartuko ditugu. Kanporatu eginen dituzte herrialde hartatik, argi eta garbi; haiei ez diete aitortu askatasun deitzen dioten hori. Neurriak hartuko ditugu modua izan dezaten ikasketetan aitzinera segitzeko Kolonbian, traba handirik gabe eta doan».

Halere, bizileku baimen iraunkorrik gabeko ikasle atzerritarrei bakarrik eragiten die lege berriak; hau da, neurriak eragindakoen kopurua hagitzez apalagoa da atzerriko ikasleen guztizkoa baino, eta, beraz, eragin apala du aurrekontuetan.

Bianca Barbezani brasildarra da, Sao Paulokoa, 21 urte ditu, eta bi urte daramatza La Platan bizitzen. UNLP La Platako Unibertsitate Nazionalean dabiltzan bertze brasildar anitz bezala, medikuntza ikasten ari da. Argentinako bi unibertsitate handienetako zein aukeratu erabaki behar izan zuen, Buenos Aireskoa edo La Platakoa, eta, atzerriko bertze hainbat ikasleren pare, bigarrenaren alde egin zuen, kontuan hartuta hiriaren tamaina eta horrek ezartzen duen bizi erritmoa.

Edozein modutan, anitzek ezin izanen zuketen unibertsitate ikasketarik egin Argentinara jotzeko aukerarik izan ez balute. «Brasilen ia ezinezkoa da medikuntza ikastea, kuotak baitaude; hortaz, ospe oneko unibertsitate baten bila hasi nintzen Latinoamerikakoen artean, eta, azkenean, Argentinara etorri».

Barbezani kontent da esperientziarekin, baina, hala ere, erran du lehenbiziko urtean zaila egin zitzaiola «beste kultura batera» egokitzea, eta, beraz, errepikatu egin behar izan zuela. «Zaila egin zitzaidan etxe bat alokatzea, hemen nahitaezkoa baita nomina izatea, eta nik ez nuen halakorik. Hizkuntzarekin ere izan nituen arazoak: Espainiako gaztelania ikasia nuen, eta kosta egin zitzaidan argentinarren ahoskerara ohitzea».

Kezka atzerritarren artean

Mileiren asmoaz, hau da, unibertsitate tasak ezartzeko proiektuaz galdetuta, Barbezani atsekabez mintzatu da: «Miresgarria iruditzen zait Argentinan unibertsitate ikasketak doan izatea, Brasilen ez baitugu halakorik. Nik jaioterria utzi behar izan nuen ikasketak egin ahal izateko, eta, orain, baliteke zenbaitek hemendik alde egin behar izatea: pena da. Bizileku baimen iraunkorra dut, baina hala ere kezka dut zer ekarriko duen honek eta zer gertatuko zaien bizileku baimenik ez dutenei. Nolanahi ere, Medikuntza Fakultateak erabaki du ez duela beteko neurria».

Gaur-gaurkoz, Ingeniaritza Aeroespaziala da eskaririk handieneko ikasketetako bat UNLPn. Hain zuzen ere, arlo horretako aitzindari izan zen UNLP Argentinan, ikasketen curriculuma aldatu eta mundu zabaleko joeretara moldatzen asmatu baitzuten; are ikasketen izena aldatu, eta Ingeniaritza Aeronautikoa zen horri Ingeniaritza Aeroespazial deitu zioten. Iazko abenduan, inoizko ikasle gehien matrikulatu ziren ingeniaritzaren bat ikasteko, aitzineko urtean baino %32 gehiago.

Daniel Batresek 31 urte ditu, El Salvadorkoa da, eta zortzi urte daramatza La Platan, Ingeniaritza Hidraulikoa eta Zibila ikasten. Urteek aitzinera egin ahala, gero eta salvadortar eta hondurastar gehiago daude: Batresen erranetan, ahoz aho zabaldu da Argentinako aukeren berri, eta Latinoamerikako bertze herrialdeetan segurtasunik ez dagoenez, hango biztanle anitzek Argentinara jotzen dute azkenean.

«Kultura kontua ere bada: Argentinako kultura anitz kontsumitzen dugu, eta futbola ere bai: hein batean, Messi eta Argentinako selekzioa miresten ditugulako izaten dugu herrialdearen berri», azaldu du Batresek. «Distantziari begiratuta, guretzat erasoagoa litzateke Mexikora joatea, baina gurean bezalaxe, segurtasun arazoak dituzte han».

«Miresgarria iruditzen zait Argentinan unibertsitate ikasketak doan izatea, Brasilen ez baitugu halakorik».

BIANCA BARBEZANIBrasilgo ikaslea

Batresek harreman estua du Argentinan diren salvadortarrekin, ikaslea izateaz gain salvadortar janaria saltzen aritzen baita, eta, bizileku baimen iraunkorra duen arren, uste du ikasle atzerritarrei tasa bat ezartzea albiste txarra dela ikastera Argentinara joan nahi dutenentzat. Hala ere, egoera ekonomikoa zertan den ikusita, beharrezkoa iruditzen zaio neurriren bat hartzea. Adierazi duenez, La Platan ikasten duten salvadortar gehienek ingeniaritzaren bat aukeratu ohi dute, edo, bertzela medikuntza edo odontologia. Ñabardura bat gehitu du: «Halere, ikasle gehienak segurtasunagatik etortzen dira hona, diru arrazoiengatik baino gehiago. Erdialdeko Amerikatik etorritako gehien-gehienei gurasoek laguntzen diete diru aldetik».

Bizileku baimen iraunkorra lortzeko, beharrezkoa da ahaide argentinarren bat izatea edo senideren batek bizileku baimen iraunkorra edukitzea. Halakorik ezean, Mercosurreko herrialdeetatik etorritakoek frogatu beharra dute bederen bi urte eman dituztela Argentinan behin-behineko bizileku baimenarekin; gainerakoentzat, hiru urtekoa da gutxieneko epea. Nolanahi ere, nahiz eta unibertsitateko tasei eragiten dien artikulua onetsi, baliteke sekula ez aplikatzea, arauak baimena ematen baitu tasak kobratzeko, baina ez du betebehartzat hartzen, eta, beraz, unibertsitate bakoitzak erabaki dezake neurria ezarri edo ez.

Gaur-gaurkoz, Argentina da unibertsitate publikoetan guztiz doan ikasteko aukera bermatzen duten munduko herrialde bakarrenetakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.