Argentinako hauteskundeak

Errezeta neoliberalak itzuliko dira Argentinara Mileiren eskutik

Ultraeskuineko hautagaiak irabazi ditu presidentetzarako bozak, bigarren itzulian botoen %56 bilduta. Abenduaren 10ean hartuko du kargua.

ARGENTINA ELECCIONES
Javier Milei ultraeskuineko hautagaia, bozen emaitzak jakin ostean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko azaroaren 20a
07:00
Entzun

Argentinak «gizadiko lehenengo presidente liberal libertarioa» izango du, kargu hori hartuko duen Javier Mileik berak adierazi duenez. Hauteskundeen bigarren itzulia irabazita, aro berri baten abiapuntu gisa aurkeztu du bere burua ultraeskuineko politikariak. Garaipenaren osteko lehenengo diskurtsoan, «aldaketa drastikoak» iragarri ditu. Ez du inor epel utzi. Jarraitzaileek pozik ospatu dute peronismoa eta «kasta politikoa» gobernutik kendu izana; aldiz, beste asko kezkatuta daude, ez baitakite herrialdeak zer bide hartuko duen.

Egia da Argentinak ez duela inoiz izan Mileiren gisako agintari disruptiborik, adierazpen polemikoak eta probokatzaileak bata bestearen segidan egiten dituen gobernuburu bat, erakunde publikoetan inolako esperientziarik gabea. Ezta Askatasuna Aurrera Doa haren alderdiaren modukorik ere boterean; besteak beste, eskuin muturreko korronteak, libertaristak eta anarkokapitalistak biltzen dituen indar bat. Baina etiketa berrietatik harago, errezeta zaharrak dakartza Mileik: haren programa ekonomikoa bat dator ia erabat Argentinan beste gobernu batzuek ezarri dituzten programa neoliberalekin. Hala ondorioztatu du Celag Latinoamerikarako Geopolitika Zentro Estrategikoak. Hark egindako ikerketa baten arabera, neurrien %90 dira aurreko beste programa neoliberal batzuetako berberak. Aldi horiek guztiek krisi ekonomiko eta sozial sakonak utzi dituzte.

Mileik abenduaren 10ean hartuko du Argentinako presidente kargua. Inkestek iragarria zuten Sergio Massa hautagai peronistari gailentzeko aukerak izango zituela, baina harridura eragin du lortu duen aldeak. Bozen bigarren itzulian, botoen %55,7 jaso ditu Askatasuna Aurrera Doa alderdiko hautagaiak, eta %44,3 Massak. Lehen itzulian, Massak bildu zuen boto gehien, eta horrek itxaropena piztu zuen haren Aberriaren Aldeko Batasuna koalizioan. Baina Mauricio Macri presidente ohiaren bultzada erabakigarria izan da Milei boterera hel dadin. Ultraeskuineko hautagaiaren aldeko botoa eskatu zuen, haren hautagai Patricia Bullrich lehiatik kanpo geratu zenean lehen itzulian. 6,2 milioi boto jaso zituen Bullrichek lehen itzulian, eta hiru milioi botoren aldea atera dio Mileik Massari azken bozketan.

Hauteskundeak irabazi ondoren egin duen lehen agerraldian, Mileik adierazi du Argentinaren «gainbehera amaitu» dela, eta herrialdea «berriro eraikitzen» hasiko dela. «Amaitu da kastaren eredua. Askatasunaren ereduari heldu diogu gaur berriro, 35 urte barru munduko potentzia bat izateko berriro». Beste indar batzuk bere proiektura batzera deitu ditu, eta iragarri du ez dela tokirik izango «biolentoentzat eta euren pribilegioak babesteko legea urratzen dutenentzat». Horiekin «gupidagabe» jokatuko duela ziurtatu du.

Aldaketa «azkarrak»

Aurretik Argentinan politika neoliberalak ezarri direnetan bezala —1970eko harmarkadan diktadura militarraren eskutik, 1990eko hamarkadan menemismoarekin eta 2015-2019 artean, Macrirekin—, gastu sozialari «motozerrarekin» ekingo diola adierazi du Mileik. «Gaur amaitu da nonahiko estatuaren eredu pobretzailea, soilik gutxi batzuei mesede egiten diena, argentinar gehienek sufritzen duten bitartean. Gaur amaituko da estatua politikarien eta haien lagunen artean banatzeko altxor bat delako ideia». Besteak beste, Hezkuntza eta Osasun ministerioak desegin nahi ditu, eta gizarte laguntzak murriztu.

Bozkatzeko garaian, Argentinako egoera ekonomikoa izan da herritarren kezkarik handiena; bereziki, inflazioa. Argentinan %140ko igoera izan dute prezioek iazko urritik. Mileik berehalako esku hartzeak agindu ditu, eta boto emaileek saritu egin dute promesa hori. «Ez dago erdibideetarako tarterik», adierazi du presidente hautatuak, eta «aldaketa estruktural azkarrak» iragarri ditu, Argentinaren «historiako krisirik larriena» eragozteko.

Horrez gain, Mileik hitzeman du 2020an onartutako abortu legea indargabetuko duela, eta militarrei barne segurtasunean parte hartzea baimenduko diela. Zalaparta handia eragin dute presidente hautatuak Argentinako diktadurari buruz kanpainan esandakoek ere: «gehiegikeriak» egin zirela, baina giza eskubideen erakundeek salatzen dituzten 30.000 desagertuak «aitzakia bat» besterik ez direla «lapurtzen jarraitzeko».

Garaipenak garaipen, Mileik ezin izango du bakarrik agindu, ez baitu gehiengorik izango Kongresuan. Guztira 350 eserleku daude, eta, presidentetzarako bozak irabazi arren, ganberan 38 diputatu izango ditu; Macriren alderdiak, berriz, 94. Beraz, azken horien beharra izango du ultraeskuinekoak aurrerantzean ere. Hala ere, eskuineko blokeak ez du gehiengo osorik, eta sakoneko erreformak onartzeko nahitaezkoa izango zaio Aberriaren Aldeko Batasuna koalizioarekin negoziatzea. Esaterako, agindu duen bezala, herrialdeko ekonomia dolarizatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.