Milaka lagunek ospatu dute Burundin estatu kolpe saialdia

Militar talde batek adierazi du Nkurunziza presidentea kargutik kendu duela.Gobernuak, berriz, ziurtatu du kolpeak «porrot» egin duela

Adrian Garcia.
2015eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Burundiko gatazkak Afrikako hainbat herrialdetan ohikoa izandako bidea hartu du: Godefroid Niyombare jeneralak estatu kolpea jo zuen atzo, eta Pierre Nkurunziza presidentea kanporatu duela esan zuen herrialdean gehien entzuten den irratian. Erantzuna luze gabe iritsi zen: gobernuak «txantxatzat» eta «fantasiatzat» hartu zuen estatu-kolpe saialdia, eta egoera «kontrolpean» zuela adierazi zuen ohar baten bidez. Presidentea Tanzaniako Dar es Salaam hirianzegoela egin zuten kolpistek boterea hartzeko saialdia. Hain zuzen ere,Burundiko gatazka konpontzeko nazioarteko bilkuran parte hartu zuen Nkurunzizak. Apirilaren 26an, presidenteak jakinarazi zuen hirugarren legealdira aurkeztuko zela, eta, ordutik, kaleak hartu dituzte milaka lagunek, haren hautagaitza konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuta. Protestak utzi, eta estatu kolpearen iragarpena ospatu zuten milaka lagunek Bujumburan.

Militar kolpistek irrati eta telebista bat hartu zuten, eta jakinarazi zuten «salbazio batzorde bat» eratuko zutela gobernua ordezkatzeko. Armadako eta Poliziako jeneralek eta gizarte zibileko ordezkariek osatuko dute batzorde hori, «bake giroan hauteskunde justuak» antolatzeko. Ekainaren 26rako aurreikusita daude bozak.

Presidenteak ez zuen adierazpen ofizialik egin, eta nahasmen handia zegoen haren inguruan. Burundira itzultzekoa zela zioten iturri batzuek. Beste batzuek, ordea, Ugandara jo zuela. Dar es Salaamen jarraitzen zuela ere jakinarazi zuten. Edonola ere, Niyombare jeneralaren aldeko indarrek Bujumburako aireportua eta mugak itxi zituzten, eta gobernuaren aldeko Rema FM irratiaren konexioa eten zuten.

Halere, gobernua normaltasun itxura ematen saiatu zen, eta berretsi zuen Nkurunziza agintean dagoela. «Kolpeak porrot egin du, eta segurtasun indarrek kolpistak atxikiko dituzte». Afrika Ekialdeko Elkartea osatzen duten bost herrialdeek ere kolpea gaitzetsi zuten.

Apirila amaieratik, gutxienez,22 lagun hil dira presidentearen aurkako protestetan. Nkurunziza bozetara hirugarren aldiz jarraian aurkeztuta konstituzioa urratu duelakoan daude. Konstituzioak hitzez hitz dio «zuzeneko sufragio unibertsal bidez» bi legealdi jarraian besterik ezin direla bete. Haatik, Nkurunzizak argudiatudu 2005ean ez zutela boto-emaileek zuzenean aukeratu. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion presidenteari, baina erabaki horrek ez zuen egoera baretu.

Gerra zibila, hurbilegi

Gerra mamua hurbilegi dute Burundin, eta krisi politikoa gatazka etniko bihurtzeko arriskuaz ohartarazi dute nazioarteko eragileek. Izan ere, gehiengo hutuaren eta gutxiengo tutsien arteko tentsioa handia izan da urteetan.1993an gerra zibilak eztanda egin zuen, eta hamabi urteko gatazka odoltsuan 300.000 lagun inguru sarraskitu zituzten. Su-etena ezartzea eta alderdi askotako hauteskundeak egitea adostu zuten 2000. urtean. Hutu matxino taldeko burua, Nkurunziza bera, izendatu zuten gerra osteko lehen presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.