Grezia iparraldeko herrixka batean, Varnavan, sute bat piztu zen atzo eguerdian, eta Atenasko inguruetara zabaldu da ordu gutxian, haize boladen ondorioz. Herrialdeko agintariek etxea uzteko agindu diete eremu horretako biztanleei; milaka lagun ebakuatu dituzte azken orduetan. «Egoera oso arriskutsua da, suteak etxebizitzen artean zabaltzen ari direlako», ohartarazi du suhiltzaileen bozeramaile Vassilis Vathrakogiannisek.
Bostehun suhiltzaile baino gehiago ari dira eremu horretan zabaldutako suteak itzaltzeko lanetan, eta aldirietako dozenaka boluntariok haiekin bat egin dute. Lehenengo sutea Varnava herritik gertu piztu zen, eta gaur jakinarazi dute lortu dutela hori gehiago ez zabaltzea.
Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, zenbait bizilagun ospitalera eraman behar izan dituzte; horietatik ia denek arnasa hartzeko zailtasunak zituzten. Atenasko inguruetan zabaldutako suteen kea Peloponeso penintsulako Kalamata hiriraino iritsi da, hiriburutik ia 200 kilometrora. Horiek hala, Greziako Gobernuak maila gorenean ezarri du suteengatiko alerta.
Tenperatura, gora
Uda beroa izaten ari da Grezian, eta halakoa izan zen negua ere; inoizko negurik beroena izan baitzen aurtengoa —1960an tenperaturak erregistratzen hasi zirenetik—, baita euririk gutxienekoa ere. Joan den uztaila, halaber, orain arteko beroena izan zen; batez beste 27 gradu egin zituen.
Espero da hil honetan joera horri eustea. Zenbait eskualdetan 44 gradu erregistratu dituzte, hala nola Kreta uhartean, eta datozen egunetarako 36 gradura arteko tenperatura iragarri dute Atenasen.