Bake akordio iraunkor baten faltan, Etiopiako Gobernuaren eta herrialdeko etnien arteko borroken etenaldia behin-behinekoa da oraindik ere, eta horren erakusle dira azken hilabeteotan Amhara eta Tigray eskualdeetan izaten ari diren liskarrak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gutxienez 50.000 pertsona desplazatu dira azken asteotan horien ondorioz.
Tigray hegoaldean dagoen Raya Alamata eremua da Amharako eta Tigrayko milizianoen arteko borroken iturburua, bi miliziek aldarrikatzen baitute lurralde hori euren eskualdearen parte dela. Raya Alamata Tigrayko eskualdearen kontrolpean zegoen 2020ko azaroan gerra hasi zen arte. Orduan, Amharako milizianoek eremua okupatu zuten, eta, orain, horixe bera egiten saiatzea leporatzen diete Tigrayko milizianoei.
Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmeden arabera, Amharako milizianoak Pretoriako Ituna —horrela deitzen zaio TPLFk eta gobernuak 2022ko azaroan adostutako su etenari— sinatu ondoren ziren Raya Alamatatik irtetekoak. Baina itunean ez da halakorik zehazten, eta hori probestuta eusten diote eremuaren kontrolari Amharako milizianoek.
Gobernuarekin ere talka
Bi etnien arteko liskarrak gutxi ez, eta Etiopiako Gobernuak ere esku hartu du Amhara eskualdean. Human Rights Watch erakundeak salatu zuenez, Etiopiako armadako soldaduek lurralde horretan bizi diren dozenaka zibil hil zituzten iragan urtarrilean, eta gertatutakoari buruzko ikerketa independente bat abian jarri dezala eskatu zion NBEko Giza Eskubideetarako Bulegoari.
Azkenaldian Etiopiako armada eskualdean egiten ari den erasoek iazko apirilean dute abiapuntua; herrialdeko lehen ministro Abiy Ahmedek iragarri zuen eskualde guztietako miliziak Etiopiako armadan sartuko zituztela, eta Amharan indar handia duen Fano miliziak iritzi zion gobernuaren erabakiak euren eta eskualdearen posizioa «ahultzea» zuela helburu —Etiopiako eskualde handienen artean bigarrena da Amhara, eta hor daude herrialdeko lekurik turistikoenak—. Fano miliziak Etiopiako Gobernuarekin egin zuen borroka Tigrayren aurkako gerran.
Aginduaren harira, Fano miliziako kideek zenbait herriren kontrola hartu zuten, eta protesta bortitzak antolatu zituzten. Etiopiako Gobernuak berehala erantzun zien, eta iazko abuztuan larrialdi egoera ezarri zuen eskualdean. Neurria joan den otsailean zen bukatzekoa, baina luzatu egin zuten. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek salatu dute «segurtasunik ezak» nabarmen zailtzen duela eskualdean laguntza humanitarioa sartzea.