Mundu osoko presidente, gobernuburu eta buruzagiak bildu dira gaur Vatikanoan, Frantzisko aita santuaren hiletan. Besteak beste, han izan dira AEBetako presidente Donald Trump, Ukrainako estatuburu Volodimir Zelenski eta Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen. Gobernuetako ordezkariez gain, baina, milaka herritar ere joan dira Eliza katolikoko buruari azken agurra egitera: 400.000, Erromako iturrien arabera.

Hilaren 22an hil zen Jorge Mario Bergoglio, iktus baten ondorioz. Hala jakinarazi zuen Vatikanoak. Hamabi urte lehenago hautatu zuten Bergoglio Eliza katolikoko buru, ezustean. Hura izan da Europatik kanpo jaiotako lehen aita santua, baita kargu horretarako izendatutako lehen jesuita ere. Askok iraultzailetzat jo zuten haren jarduna, baina denak ez ziren ados horrekin. Gazaren aurkako erasoaldia eta Europak migratzaileekin zuen jarrera gogor salatu bazituen ere, abortuaren eta eutanasiaren aurka egin zuen behin baino gehiagotan.
Hala, Eliza katolikoko fededunen agurra jaso du gaur Frantziskok, eta ondoren, ekitaldi xumeago batean, berak aukeratutako tokian lurperatu dute, Andre Maria Nagusiaren basilikan. Aita santuaren familiak eta Vatikanoko kamerlengoak soilik hartu dute parte azken ekitaldi horretan. Mende eta erdian, lehen aldia da aita santu bat Vatikanotik kanpo lurperatzen dutela.
Orain, Bergoglioren aldeko mezak eta dolu ekitaldiak egingo dituzte Vatikanoan bederatzi egunez, eta horren ostean hasiko dute haren ordezkoa aukeratzeko prozesua. Gaur egun 252 kardinal daude, baina horietatik 137k dute bozkatzeko eskubidea; izan ere, 80 urte beteak dituzten kardinalek ezin dute botoa eman. Konklabe horretan erabakiko dute Frantziskok hasitako bideari jarraituko dion buruzagi bat aukeratu edota bide kontserbadoreagoetara itzuli.