Brasilgo milaka herritarrek herrialdeko hiri nagusietako kaleak hartu zituzten atzo iluntzean, Luiz Inacio da Silva Lula presidentea agintetik kendu nahi zuten Jair Bolsonaro estatuburu ohiaren jarraitzaile ultraeskuindarrek herenegun herrialdeko Kongresuaren, presidentetzaren eta Auzitegi Gorenaren egoitzen aurkako erasoa gaitzesteko; Planalto jauregia indarrez hartu zuten. Brasilgo zenbait txokotatik, manifestariek eskatu zuten zigortu ditzatela «ekintza antidemokratikoetan» parte hartu zuten pertsonak, baita Bolsonaro bera ere.
Atzoko mobilizazioetan, manifestariek afixa erraldoiak zeramatzaten eskuetan; besteak beste, Faxismoak ez du irabaziko, Amnistiarik ez kolpistentzat, Brasil terrorismoaren aurka eta Demokrazia bakean izan ziren hirietako bide eta plaza nagusietan irakurri zitezkeen aldarri nagusiak. Sindikatuek eta ezkerreko alderdiek deituta, protestak herrialdeko 27 estatuetatik gutxienez 11tan antolatu zituzten, tartean Sao Paulon eta Rio de Janeiron. Manifestari gehienak elastiko gorria zeramaten soinean, ezkerraren kolorea.
Ikusi gehiago: Lula: «Bolsonaroren erantzukizuna da, eta hari lagundu diotenena»
Igandeko gertakariekin lotuta, 1.500 jarraitzaile atxilotu ditu Poliziak, Brasilgo hainbat hedabidek gobernuko iturriak aipatuz jakinarazi dutenez. Horrekin lotuta, Lula herrialdeko 27 estatuetako gobernadoreekin izan zen atzo, Planalto jauregian, eta, adierazi zuenez, herenegun hiru botereen egoitzak hartu zituzten manifestariek eskatu zuten egungo gobernuaren aurkako esku hartze militar bat. «[Urriko] Hauteskundeetako emaitza gizartearen zati handi batek errespetatu zuen, baina galtzaile batzuek ez zuten emaitza hura onartu, eta kalean daude, armadaren egoitzaren aurrean», esan zuen Lulak.
Era berean, presidenteak herrialdeko hauteskunde prozesua ukatu izana kritikatu du, baita hautetsontzi elektronikoek eragindako zalantzak edota emaitzaren aurkako jarrerak ere. Planalto jauregian egindako bileran, estatuetako ordezkariek elkartasuna eta babesa adierazi zioten gobernu federalari, «demokrazia eta elkarrizketa» defendatuz, etorkizunean halakorik gerta ez dadin.
Bolsonaroren aldekoak hainbat hiritako armadaren egoitzetan kanpatuta zeuden duela bi hilabetetik, eta, atzo, Poliziak Brasiliako kanpamentua desegitea lortu zuen, Auzitegi Gorenaren erabaki baten ondotik. Agintariaren esanetan, urtarrilaren 1ean agintaldiari ekin zion gobernuak «hamar ministro» zituen manifestariekin «negoziatzeko». Lulak, ordea, zalantzan jarri zuen egoera hura: «Armadaren egoitzen aurrean zeuden, zer aldarrikatzeko? Soldata igoera? Askatasun gehiago? Etxebizitzarako eskubidea? Ez, estatu kolpea ematea besterik ez».
Estatuburuaren arabera, igandean hiru botereei egindako erasoan eta atzo kanpalekuetan atxilotutako 1.200 lagun baino gehiago «preso egongo dira», baina aitortu zuen litekeena zela atzemandako pertsona horiek elite ekonomiko handien «biktimak» izatea. Bide horretan, Brasilgo agintariak berretsi zuen erasoan parte hartu zutenek ez zutela «aldarrikapenen gidoi zehatzik», «estatu kolpe bat» baino ez zutela nahi. Horiek horrela, «estatu kolpe» saiakeraren atzean nor egon zen jakiteko ikertzen ari da Lula buru duen gobernua.
Polizia, ikerketapean
Brasilgo Justizia ministro Flavio Dinok gaur jakinarazi duenez, herrialdeko agintariek hamar estatutan identifikatu dituzte Bolsonaroren jarraitzaileen mobilizazioak finantzatu zituzten arduradunak. «Oraindik ezin dira argi eta garbi bereizi finantzaketari buruzko hainbat datu. Baina erabat baiezta daitekeena da finantzaketa egon zela. [Brasiliara garraiatu zituzten] Autobusen zerrenda osoa daukagu», zehaztu du Dinok. Gaineratu duenez, «pertsona horiek guztiak deklaratzera deituko» dituzte.
Bestalde, Dinok Brasiliako Barruti Federaleko gobernua jo du gertakariaren erantzule, argudiatuta Brasiliako segurtasun publikoko indarren plangintza eraikin publikoen erasoa bideratzeko «erabakigarria» izan zela. Justizia ministroak, halaber, ziurtatu du segurtasun publikoaren kudeaketa «ahalik eta lasterrena» ohiko egoerara itzuli nahi dutela, estatu horretako Poliziaren jarduna «berrikusiko» duten arren.