Dozenaka mila ikaslek eta herritarrek mobilizaziora jo dute gaur Frantzia osoan. Lizeoak eta unibertsitateak blokeatu dituzte ikasleek goiz-goizetik. Sindikatuen arabera, 450.000 bat manifestari batu dira Frantziako Estatu osoan goizez eta arratsaldez egin diren protestetara —Euskal Herrikoak ere aintzat hartu dituzte—; Frantziako Barne Ministerioak kopuru apalagoa eman du: 256.000 manifestari guztira. Edonola ere, azken urteetako mobilizazio masiboenak izaten ari dira lizeotarrenak.
Protesten helburua gobernuari presio egitea da; hezkuntzarako baliabide gehiago jar ditzala eskatzen diote, argudiatuta ikastetxeetako baldintzak gero eta okerragoak direla, eta irakasleak ere falta direla. Poliziaren jokabidea ere salatu dute, gogor egin baitu azken egunotan ikasleen aurka, eta horrek ere hauspotu ditu protestak. Hain zuzen, Parisko polizia bat ikerketapean da, manifestazio batean 14 urteko gazte bati matrailezurra eta zenbait hortz apurtzeagatik.
Irail erdialdean hasi ziren hezkuntzaren inguruko mobilizazio horiek, eta hedatuz joan dira. Azken egunetan izan dira istilurik larrienak. Atzo, esaterako, 15 urteko ikasle batek eskua galdu zuen granada batek eztanda eginda, Lens hirian —Frantzia iparraldean—. Bestalde, joan den astean 16 urteko beste ikasle batek ikusmena galdu zuen begi batean, Toursen —Frantzia erdialdean—, ikastetxe bateko sarrera blokeatzen ari zela izandako oldarraldian. Frantziako Gobernuaren arabera, 215 protestari zauritu dituzte mobilizazioak hasi zirenetik, baita seiehun polizia baino gehiago ere.
Polizia bat inputatuta
Laurent Nuñez Barne ministroak esan du azken egunetako protestetan poliziek jasandako indarkeria «inoiz ez bezalakoa» izan dela, eta polizien alde jarri da: «Mobilizazioak baketsuak direnean, Poliziak ez du arrazoirik esku hartzeko». Ikasle zaurituei dagokienez, esan du kasu horiek «tragediak» direla, eta ikertu egin beharko dela Poliziaren esku hartzea proportzionala izan den ala ez.
Orain arte, baina, gutxi izan dira polizia indarkeriari lotutako ikerketak, eta polizia bakarra inputatu dute. Atzo jarri zuten ikerketapean, 14 urteko ikasle bati matrailezurra eta zenbait hortz apurtzeagatik. Agentea auzitegiaren zaintzapean jarri dute, eta debekatua du lanera itzultzea, epaileak agindu arte. Akusatuak granada jaurtigailu batekin apurtu zion matrailezurra gazteari, irailaren 28ko manifestazio batean. Gaztearen abokatu Elsa Marcelek txalotu du ikerketa abiatu izana, baina delituaren kalifikazioa aldatzea galdegin du, gertatutakoa «homizidio saiakera boluntario» gisa epaitu dezaten.
Gaur ere polizia ugari ibili da goizean goizetik Frantziako hiri nagusietan. Ministroak adierazi du egoera «kontrolpean» dagoela baina horrek ez duela esan nahi ez denik «kalte larririk eta ekintza biolentorik» egongo. Ziurtatu du segurtasun indarrek presentzia «diskretua» izango dutela gaur ikastetxeetan mobilizazioak baketsuak badira, baina esku hartuko dutela kalterik badago.
Frantziako hedabideen arabera, ez da istilu larririk izan, eta milaka eta milaka pertsona elkartu dira Parisen, Marseillan eta Lyonen, besteak beste. Goizetik, ikasleek unibertsitateak eta lizeoak blokeatu dituzte, eta horrez gain, ikasle antolakundeek manifestazioak egin dituzte egunean zehar Frantzia osoan. Sindikatuek eta ezkerreko alderdi politikoek bat egin dute manifestazio horiekin, eta gobernua oso estu hartzeko baliatu nahi dituzte gaurko mobilizazioak.