Milaka arrazoi jarraitzeko

Libiako gatazkan hil den pertsona bakoitza borrokan jarraitzeko arrazoia dela uste dute gerra frontean ari diren matxinoek; datu zehatzik ez badago ere, oposizioaren arabera 10.000 lagun hil dira gerran.

Alberto Pradilla.
Derna
2011ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ualid Shalef martxoaren 10ean irten zen etxetik, Dernatik. Lagun zituen Libia ekialdeko barruti horretako beste hiru pertsona, hainbat kalaxnikov zituztela, paramilitarrek jagoten zuten kuartelean inguratutakoak. Lehen, zentral elektriko batean lan egiten zuen; orain, gerra frontera jotzeko asmoa zuen, sorterritik 300 kilometrora, Ras Lanufera. Ospitaleko hainbat haur zauritu zituzten erregimenaren balek, eta hura ikusteak harrarazi zizkion armak. Baina ez zien ezer esan gurasoei, ez kezkatzearren. «Ez zituen kezkatu nahi», azaldu du haren anaia Ubeida Shalefek. Haren argazki bat erakutsi du, meskitako aretoetako batean ezarria duten izugarrikerien muralean. Biktimak ageri dira han, eta malkoei eutsi ezinean dabil Shalef —txikia da, eta pertsona onaren itxurakoa—. Astebeteko borrokaldiaren ostean, burezurra txiki-txiki eginda ekarri zioten anaia. Beilatokiko argazkia hartu du horren erakusgarri. «Gaddafi akabatu nahi dut», dio behin eta berriz.

Ubeida Shalefek ez ezik, lagun askok galdu dituzte beren maite kutunak, bai otsailaren 17ko matxinaden osteko zapalkuntzan, bai betikotzen ari den gerra zibil horretako borroketan. Hildakoak eta desagertutakoak dira atzera ez egiteko arrazoietako bat. «Jende mordoak galdu du bizia. Ezin dugu atzera egin»; hala argudiatu du gizon horrek. Uste berekoak dira haren bizilagunak ere; ia 50.000 lagun bizi dira herrian, herrialdeko islamisten gune nagusi omen den horretan. Bere argudioa oinarritzeko, beste irudi bat erakutsi digu sakelakoan Shalefek: anaiari ateratako argazki bat da; arerioen tiroen artean arrastaka ageri da, Bregatik gertu dagoen zuhaizti bateko harri artean. Hain zuzen, hilotza aurkitu zutenean aldean zuen telefonotik hartu ahal izan zuten bideoa.

Martiriak

Eroriak ez dira ia ageri gatazkaren erradiografian. Antza denez, interes handiagoa du gorbatadunen interesen inguruan espekulatzeak, hilberriei argazkiak ateratzeak baino, nahiz eta horiek ezin hobeto azaltzen duten matxinadaren jatorria. Ez horrenbeste etorkizuna. Martiriak dira, besteak beste, Habib eta Ahmed Lubori anaiak —Tobrukekoak—, Omar Buahmra —Tobrukekoa— eta Mohammed Abelahim Said —Dernakoa—. Hirurak Dernako meskitan dauzkate lurperatuta, toki bat gordea baitiete han, hilarri xume eta guzti —hildakoaren izena, sorterria eta heriotza tokia ekarri ohi dituzte—. Denak ere fronte horretan eroritakoak dira, Ras Lanuf eta Brega artean.

Bizia galdu dutenen lagin bat baino ez dira; egiaz, ez dago datu zehatzik bi hilabetetik gora iraun duten gerretan zenbat pertsona hil diren jakiteko. Matxinoen kopuru ofizialek 10.000 biktima daudela diote; ohikoa da, ordea, datu horiek puztea, NATO estutzearren eta bonbardaketa gehiago lortzearren. Ez diote ezer gainerakoez ere, diktadoreak kontrolaturiko eremuan hildakoez. Egia da, hala ere, isiltasun legea ezarri duela agintean betikotu den koronelak, berriemaileei ez baitie uzten jakinarazten zer gertatzen ari den benetan haren lurraldean.

«Borrokan segituko dugu, garesti ordainduagatik». Kontsigna horixe eman du Jumal Tahibek, azken zigilu zatia itsasten duela Tark Ahmed ilobaren argazkian. Ualid Shalef ez bezala lurperatu ere ezin izan dituzten gazteetako baten argazki bat da, beste bat. Desagertuak dira; ospitale atarietan ageri dira haien irudiak, eta Bengaziko epaitegien plazako eraikinetan ere bai, haiexetan ezarri baititu bulego nagusiak Trantsiziorako Kontseilu Nagusiak. «Borrokan ari zen. Ez dakit besterik. Duela egun batzuetatik, haren telefonoak ez du jotzen, ez du seinalerik ematen»; saminez esan du hori Ahmedek, bere gain hartu baitu iloba bilatzeko lanak. «Haren emazteak eta amak etxean ematen dute egun osoa, negarrez». Hala, bada, errondan hastea erabaki du, ea inork haren arrastorik ematen dion. Baina ez du itxaropen handirik. Bengazin bakarrik, 450 pertsonatik gora desagertu dira, Omar Budadush Ilargi Gorriko arduradunaren datuen arabera. Eta eskuko hatzekin ozta-ozta konta litezke haren hamabost boluntarioko lantaldeak argitutako kasuak. «Haren bila nabil, Ajdabijan bizi zaion anaia atzetik dabilkionetik duela bi aste»; hala azaldu du lurrindegi baten jabe izandako gizasemeak. Matxinadan «dena galdu izana» deitoratu du, eta «Gaddafi epaitzeko» eskatu dio nazioarteari.

Oinaze ikaragarria

Nazioarteko Zigor Auzitegia Gaddafi atxilotzeko agindua eman du. Matxinadan hildako asko, ordea, borroka eremuko biktimatzat hartu beharko lituzkete. Zapalkuntzaren ondorioz hildakoak, berriz —42 urteko erregimen garaian zenduak ere bai—, besterik lirateke. Nolanahi ere, ziur asko nazioarteko fiskalek ez diote erreparatuko hainbat istoriori, hala nola Mohammed izeneko 15 urteko mutil batenari, armaz jositako ontzi batean itsasoratu baita Misratan borrokan aritzeko asmoz. «Gaddafiren leialek hil zioten anaia», diote haren lagunek.

Gaddafiren kontra matxinatzeak oinaze ikaragarria ekarri die libiarrei. Egunetik egunera handiagoa da biktimen kopurua. Eta biktima bakoitzak areagotu egiten ditu gerrak bere hartan irauteko arrazoiak, dena galdu dutenen interesek ez baizik besteren batzuenek herrialdearen etorkizuna noiz zehaztu zain.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.