Mila milioi aldiz porrot

Milurtekoaren Garapenerako Helburuak ez dira bete.Garapen Iraunkorrerako Xedeak onartu ditu NBEk.New Yorken 150 estatu eta gobernuburu elkartu dira

Madagaskar hegoaldean 200.000 lagun dira gose, 40.000 bost urtetik beherako haurrak. Irudian, ama-semeak, Amboasaryn. SHIRAAAZ MOHAMED/ EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2015eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Egun munduan muturreko pobrezian bizi diren pertsonako porrot bana. Nazioarteak mila milioi aldiz egin du huts. Zenbaki itzela. Egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi diren lagunen kopurua da. Gosez direnak, berriz, 795 milioi dira. Hamabost urtean kopuru horiek erdira murrizteko konpromisoa hartu zuen 2000. urtean Nazio Batuen Erakundeak. Milurtekoaren Garapenerako Helburuetako aurreneko xedea zen. Eta, emaitzak hobetu badira ere, errealitatea oraindik ere krudela da.

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak berak aitortu du bidean helburu ugari geratu direla programaren inguruan argitaratu berri den txostenaren hitzaurrean: «Jakitun naiz desorekek gaur-gaurkoz jarraitzen dutela eta garapena ezberdina dela». Agintariek, baina, ez dute itxaropena galdu, eta asmo onak berretsiz, agenda berri bat adostu dute 150 estatu eta gobernuburuk: Garapen Iraunkorrerako Xedeak. New Yorkeko hiru eguneko goi bileraren atarian erronka handia dela esan du Banek: «Pobrezia amaitzeko bide orria idatzi behar dugu, pertsona oro duintasunez bizi dadin».

Milurtekoaren Garapenerako Helburuak ezerezean geratu badira ere, arrakasta txikiak ere lortu dira.

1. POBREZIA ETA GOSEA

Herrialde guztietan pobrezia eta gosetea erdira murriztea zen aurreneko helburua. Orokorrean muturreko pobrezian bizi direnen kopurua arindu egin da; 1999an 1.750 milioi lagun ziren eta 2011n mila milioi —aurten 835 milioi izango direla aurreikusten da—. Datuak, ordea, zeharo ezberdinak dira herrialde bakoitzari erreparatuz gero; Indian, Nigerian, Txinan, Bangladeshen eta Kongoko Errepublika Demokratikoan daude egoera latzenak — Afrikan, herritarren %40 bizi dira muturreko pobrezian—.

2. HEZKUNTZA

Lehen hezkuntza unibertsala bermatzeko xedean aurrerapausoak eman badira ere, oraindik 57 milioi haur ez dira eskolara joaten —2000an ehun milioi ziren—. Unicefek errefuxiatuta dauden haurren egoeraz ohartarazi dio NBEri; uneotan bi milioi haur siriar daude eskolara joan ezinik.

3. BERDINTASUNA

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politiken eragina ageria da, baina luzea da oraindik ere alor honetan egiteko dagoen bidea. Hezkuntza sarbidea orekatzen ari bada ere, artean desoreka handia da lanaren eremuan: bi emakumetik batek dauka lana, eta lau gizonetik, hiruk. Soldatari dagokionez, emakumezkoek gizonezkoek baino %24 gutxiago kobratzen dute.

4. HAUR HILKORTASUNA

Egunero 5 urtetik beherako16.000 haur hiltzen dira munduan; hau da, jaiotzen diren mila haurretik 43. Helburua zen kopuru hau bi heren murriztea, baina erdira jaistea baino ez da lortu.

5. AMEN OSASUNA

NBEren helburuak ezerezean geratu direla agerian uzten duten datuen artean, amen osasunari dagozkionak dira nabarienak; izan ere, erditzen diren mila emakumetik 210 hiltzen dira egun —2013ko datua—, eta xedeak askoz ere handinahiagoak ziren —tasa hau lau heren murriztea zen xedea—. Herrialde garatu eta txiroen arteko aldea aipagarria da ere: herrialde garatuetan mila emakumetik hamasei hiltzen dira erditzeko garaian, eta garatu gabeko herrialdetan, berriz, mila emakumetik 230.

6. HIESA

Hiesari aurre egiteko jarritako baliabideek emaitza onak izan dituzte, bereziki, gaixotasunarekin bizi direnen baldintzak hobetzeko, baina botikekin artatzeko aukerak ez dira berdinak iparraldean eta hegoaldean —15 milioi lagunek ez dute botikak jasotzeko aukerarik—. Pandemiaren hedatzea gelditzea lortu bada ere,egun 35 milioi lagun daude hiesarekin —2013ko datua—, eta datu beltzak egon badaude: 2012an 600 haur hil ziren gaixotasunari lotutako arrazoiengatik. Erronka aurrerantzean kutsatzea saihesteko neurriak gazteen artean ezagutzera ematea da.

7. INGURUMENA

Ingurumenaren egoerari buruzko emaitzak kezkagarriak dira, bereziki berotegi gasen emisioa bikoiztu egin dela aintzat hartzen badugu; 1990. urtearekin alderatuz, biderkatu egin dira —2011n 32,2 milioi tona isuri ziren—. Ozono geruzari kalte egiten dioten substantzien erabilera ia guztiz desagertu da, eta basogabetzea ere murriztu da.

7. DIRU EKARPENA

Datuen anbiguotasuna handia da eta, hortaz, ezin neurtuzkoa da herrialdeek garapenera egiten dituzten ekarpenak. Berez garapenera barne produktu gordinaren %0,7 bideratzea eskatu die nazioarteko erakundeak estatuei, baina inor gutxik betetzen du hori. Addis Abeban, finantzaketa zehazteko bilera egin zen uztailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.