Antartikako elur freskoan ere bai, hor ere badira mikroplastikoak. Hori berretsi dute orain gutxi Zeelanda Berriko Canterbury Unibertsitateko ikertzaileek, Antartikako elurra ere ez dagoela mikroplastikoez salbu. Ingurune horretan 2019an eginiko ikerketa bati esker jakin dute hori. Lagin askotarikoak bildu zituzten berriki sortutako elurra zegoen hemeretzi gunetan –Ross uhartean eta Base Ross eta McMurdo geltokien inguruan, Antartika hegoaldean–, eta espero zutena aurkitu dute: mikroplastikoak.
Batez beste, 29 partikula aurkitu dituzte urtutako elur litro bakoitzean. Horien ezaugarriei erreparatuta, hamahiru plastiko mota daudela ohartu dira, eta horietatik bat gailentzen dela besteen aldean: etileno-politereftalatozkoak –plastikoz eginiko botila leunetan eta ehungintzan erabiltzen da bereziki–. Atzemandako plastiko partikulen artetik ia %80 dira halakoak.
«Oso tristea da, baina Antartikako elur freskoan mikroplastikoak egoteak agerian utzi du plastikoen bidezko kutsadura munduko eskualderik urrunenetara ere iristen dela», azaldu du Alex Aves ikertzaileak, Canterbury Unibertsitateak argitaratutako adierazpen batean.
The Cryosphere zientziari buruzko aldizkarian ere plazaratu dituzte ikerkuntzaren nondik norakoak: Mikroplastikoen lehen ebidentzia Antartikako elurretan izenez argitaratu dute azterlana, eta mikroplastikoek ingurune horretako espezie eta organismoen bizimoduan izango duen arriskuaz ohartarazi dute. Biodibertsitatean ez ezik kliman ere eragina izango duela nabarmendu dute adituek; izan ere, uste dute plastikozko partikula txiki horiek zuzenean eragingo diotela elurra eta izotza urtzeko prozesuari, hura azkartuz.
Txoko guztietan
Ugariak dira azken urteotan mikroplastikoen hedapenari buruz hedabideetan argitaratu diren albiste eta erreportajeak. Duela hainbat urte imajinatu ezin zitekeen tokietara iritsi dira material plastikoen higaduratik sortzen diren eta arroz ale bat baino txikiagoak diren partikula horiek.
Duela pare bat hilabete, kasurako, gizakien odolean atzeman zituzten lehenengo aldiz. Amsterdamgo Vrije Unibertsitateko zientzialariek egin zuten aurkikuntza: 22 boluntario osasuntsu aztertu zituzten, eta mikroplastikoak topatu zituzten haien odolean. Zientzialarion arabera, ikertutakoak erakutsi zuen mikroplastikoek gorputzean barrena bidaia dezaketela odolaren bitartez, eta organoetan finka daitezkeela.
Ikusi gehiago:Mikroplastikoak topatu dituzte lehenengo aldiz gizakien odolean
Iazko abenduan, Nature zientziari buruzko aldizkarian argitaraturiko ikerketa batean baieztatu zuten Pirinioetan ere inor ez dagoela mikroplastikoen kutsaduratik salbu. Pic du Midi de Bigorre mendian (2.877) atzeman zituzten mikroplastikoak.
Harridura agertu zuten ikertzaileek, halako mendi gailurra «kutsadura iturrietatik bakarturik» dagoelako. Azaldu zutenez, mikroplastikoak airetik nola mugitzen diren jakin behar da «arazoaren tamaina globala» ulertzeko. Izan ere, orain arte mikroplastikoen itsas zirkulazioa ikertu izan da, baina ez horrenbeste troposferan nola barreiatzen diren.
Ikertzaileek lorturiko datuen arabera, 0,09-0,66 mikroplastiko partikula topatu zituzten metro kubo bakoitzeko. Noski, askoz kontzentrazio handiagoak atzematen dira beste leku askotan, etxe arruntetan, kasurako. Eta ez da frogatu Pirinioetako kontzentrazioak osasun arazoak sor ditzakeenik. Baina gizakiek sorturiko kutsadura noraino hel daitekeen argi erakusten du.
Ikusi gehiago:Amaitu da aire garbia Pirinioetan