MIGRAZIOA

Migrazioen joan-etorriari aurre egiteko akordioa itxi dute Tunisiak eta EBk

Afrikako herrialde horrek konpromisoa hartu du mugako kontrola zorrozteko eta migratzaileen trafikoaren kontrako neurriak gogortzeko. Bruselak bilioi bat euroko laguntza emango dio trukean.

Mark Rutte, Ursula von der Leyen, Kais Saied eta Giorgia Meloni, atzo, Tunisen. TUNISIAKO PRESIDENTETZA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 17a
13:06
Entzun

EB Europako Batasunak eta Tunisiako Gobernuak migrazio politikari buruzko akordioa sinatu zuten atzo, eta, itun horren arabera, Afrika iparraldeko herrialde horrek konpromisoa hartu du, besteak beste, mugako kontrola zorrozteko eta migratzaileen trafikoen kontrako neurriak gogortzeko. Gisa horretara, hirugarren estatu hori batuko da EBrako migrazioa gerarazteko lanetara, Turkiaren eta Greziaren ondotik. Tunisiako Presidentetzak eman zuen akordioaren berri, eta ekitaldi horretan izan ziren Kais Saied estatuburua, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, Italiako lehen ministro Giorgia Meloni eta Herbehereetako jarduneko gobernuburu Mark Rutte.

Ikusi gehiago: EBk dirua eskaini dio Tunisiari mugako kontrol zorrotzagoen truke

Hori bai: EBko ordezkariek ez zuten zehaztu zenbat diru eskainiko dioten Tunisiari, migrazio politikak zorroztearen truke. Europako Batzordeak bilioi bat euro baino gehiagoko laguntza eskaini zion joan den ekainean Afrikako herrialde horri Mediterraneo erdialdeko migrazio joan-etorriei eusteko, baina atzo presidenteak ez zuen eman horren inguruko xehetasunik. Von der Leyenek hirurehun milioi euroko finantzaketaren bost oinarri baino ez zituen aipatu, klub komunitarioko agiri baten arabera; hain zuzen, migrazioa, digitalizazioa, energia, migratzaile trukea eta garapena izan zituen hizpide: «Migratzaileen etsipenaz elikatzen diren trafikatzaileen sareak eten behar ditugu. Tunisiarekin batera lan egingo dugu, eta erreskateetan bi aldeen arteko elkarlana areagotuko dugu, baita mugen kontrola ere, nazioarteko zuzenbidearen arabera», ziurtatu zuen, prentsaurrekoan.

Akordioa itxi ostean, «oso pozik» azaldu zen Meloni. «Urrats garrantzitsu bat egin dugu, eta migrazio krisiari modu integratuan ekingo diogu». Erantzun gisa, Saiedek esan zuenez, Tunisiako herriak «eskuzabaltasunez» eskaini die migratzaileei eman ziezaiekeen guztia, mugarik gabe», eta GKE gobernuz kanpoko erakundeei leporatu die «betebehar humanitarioa ez betetzea», zeinak «gaizki ulertuak» eragin baitzituen, Tunisiaren eta herriaren irudiari «kalte egiteko» asmoz, Tunisie Numerique hedabideak jasotakoaren arabera.

Von der Leyen, Rutte eta Meloni Tunisiako hiriburura joan dira berriro, Saiedekin biltzeko. Ekainaren 11n egindako bisitan, Europako Batzordeko presidenteak bilioi bat euroko laguntza ekonomikoa eskaini zion, herrialde magrebtar hark krisia gainditzeko bide gisa. Von der Leyenek bilera hartan zehaztu zuen EBk 105 milioi euro emango zizkiola Tunisiari 2023rako, migrazioen joan-etorria geldiarazteko; hau da, azken bi urteetan Tunisiarako izan duen migrazio funtsen urteko batezbestekoa halako hiru, Bruselak bere garaian jakinarazi zuenez.

Kontua da, ordea, diru hori jasotzeko baldintza dela Saiedek baiezkoa ematea NDF Nazioarteko Diru Funtsaren 1.689 milioi euroko maileguari. Tunisiako presidenteak, berriz, esan zuen ez zuela asmorik mailegua jasotzeko NDFk exijitzen dion erreforma sorta egiteko; zehazki, mailegu horrek kostu sozial eta lan kostu handia dakar, oinarrizko produktuetarako subsidioak murriztera eta monopolio gisa jarduten duten sektore publikoko enpresak likidatzera behartzen baitu. Saied, gainera, EBko «mugen zaintzaile» gisa aritzearen aurka agertu zen.

Tunisiak duen krisi ekonomikoaren eraginez, aurtengo urtarriletik ekainera arteko datuen arabera, 53.800 migratzaile atera dira herrialde hartatik EBra —gehienak, Saharaz hegoaldeko Afrikakoak—; Italiara joaten dira —gertuen dagoen herrialdea da, 150 kilometrora—, eta han geratu edo talde komunitarioko beste estatu kide batera joatea izaten dute helburu. Bidaia egin dutenen kopurua iazko urte osokoa halako bi da jadanik.

Ehunka errefuxiatu, basamortuan

Europako Parlamentuko hainbat diputatuk zalantzan jarri dute EBk eta Tunisiak eginiko akordioa; izan ere, salatu dute herrialdeko horretako agintariak ehunka migratzaile eta errefuxiatu kanporatzen ari direla. Hain zuzen, Mediterraneo erdialdeko migrazio joan-etorrien epizentro bilakatu da Sfax hiria —Tunisiako hiriburutik 270 kilometro hegoaldera—, Saharaz hegoaldeko milaka herritarren aurkako jazarpenagatik. Agintariek Afrika mendebaldeko ehunka migratzaile kanporatu zituzten uztail hasieran, eta Libiako eta Aljeriako mugetatik gertu dagoen basamortu batean utzi zituzten.

Bada, Libiako mugazainek laurogei pertsona inguru erreskatatu zituzten asteburuan; urik eta janaririk gabe zeuden, erabat akituta eta deshidratatuta. Human Rights Watch eta Alarm Phone GKEek hilaren 11n jakinarazi zuten komunikazioa galdu zutela Sfaxetik kanporatutako migratzaile talde batekin. Beste seiehun bat migratzaile, berriz, Tunisiako hirira itzularazi dituzte, eta estatuko indarren zaintzapean daude orain. GKEek iragan ostiralean salatu zuten ehun pertsona baino gehiago Libiako mugan harrapatuta zeudela, ez atzera ez aurrera; horien artean, emakumeak eta haurrak.

Bestalde, migratzaileen lehorreratzeek ez dute etenik Italiako Lampedusa uhartean; mila pertsona baino gehiago egunean, batez beste. Larunbat gauean, zehazki, 485 iheslari heldu ziren irlara 11 ontzitan, eta egunean bertan beste 22 txalupa iritsi ziren; 947 lagun zihoazen, tokiko komunikabideen arabera. Bien bitartean, MSF Mugarik Gabeko Medikuen Geo Barents itsasontziak 303 migratzaile erreskatatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.