EB Europako Batasunak eta Tunisiako Gobernuak migrazio politikari buruzko akordioa sinatu zuten herenegun, eta, itun horren arabera, Afrika iparraldeko herrialde horrek konpromisoa hartu du, besteak beste, mugako kontrola zorrozteko eta migratzaileen trafikoen kontrako neurriak gogortzeko. Gisa horretara, hirugarren estatu hori batuko da EBrako migrazioa gerarazteko lanetara, Turkiaren eta Greziaren ondotik. Tunisiako Presidentetzak eman zuen akordioaren berri, eta ekitaldi horretan izan ziren Kais Saied estatuburua, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, Italiako lehen ministro Giorgia Meloni eta Herbehereetako jarduneko gobernuburu Mark Rutte.
Hori bai: EBk ez zuen zehaztu zenbat diru eskainiko dion Tunisiari, migrazio politikak zorroztearen truke. Europako Batzordeak bilioi bat euro baino gehiagoko laguntza eskaini zion joan den ekainean Afrikako herrialde horri, besteak beste, Mediterraneo erdialdeko migrazio joan-etorriei eusteko. Von der Leyenek 300 milioi euroko finantzaketaren bost oinarri baino ez zituen aipatu herenegun, klub komunitarioko agiri baten arabera; hain zuzen, migrazioa, digitalizazioa, energia, migratzaile trukea eta garapena izan zituen hizpide. «Migratzaileen etsipenaz elikatzen diren trafikatzaileen sareak eten behar ditugu. Tunisiarekin batera lan egingo dugu, nazioarteko zuzenbidearen arabera», ziurtatu zuen, prentsaurrekoan.
Akordioa itxi ostean, «oso pozik» azaldu zen Meloni. «Urrats garrantzitsu bat egin dugu, eta migrazio krisiari modu integratuan ekingo diogu». Erantzun gisa, Saiedek esan zuenez, Tunisiako herriak «eskuzabaltasunez» eskaini die migratzaileei eman ziezaiekeen guztia, «mugarik gabe», eta GKE gobernuz kanpoko erakundeei leporatu zien «betebehar humanitarioa ez betetzea», zeinak «gaizki-ulertuak» eragin baitzituen, Tunisiaren eta herriaren irudiari «kalte egiteko» asmoz, Tunisie Numerique atariak jasotakoaren arabera.
Krisia gainditzea xede
Ekainaren 11n egindako bisitan, Europako Batzordeko presidenteak bilioi bat euroko laguntza ekonomikoa eskaini zion, Magrebeko herrialde hark krisia gainditzeko «bide» gisa. Von der Leyenek bilera hartan zehaztu zuen EBk 105 milioi euro emango zizkiola Tunisiari 2023rako, migrazioen joan-etorria geldiarazteko; hau da, azken bi urteetan Tunisiarako izan duen migrazio funtsen urteko batez bestekoa baino ia hiru aldiz gehiago, Bruselak bere garaian jakinarazi zuenez.
Kontua da, ordea, diru hori jasotzeko baldintza dela Saiedek baiezkoa ematea NDF Nazioarteko Diru Funtsaren 1.689 milioi euroko maileguari, nahiz eta EBren diru laguntza ez den Bruselak ezarritako baldintzaren parte. Tunisiako presidenteak, berriz, esan zuen ez zuela asmorik mailegua jasotzeko NDFk exijitzen dion erreforma sorta egiteko; zehazki, mailegu horrek kostu sozial eta lan kostu handia dakar, oinarrizko produktuetarako subsidioak murriztera eta monopolio gisa jarduten duten sektore publikoko enpresak likidatzera behartzen baitu. Saied, gainera, EBko «mugen zaintzaile» gisa aritzearen aurka agertu zen.
Tunisiak duen krisi ekonomikoaren eraginez, aurtengo urtarriletik ekainera arteko datuen arabera, 53.800 migratzaile atera dira herrialde hartatik EBra; Italiara joaten dira gehienak, eta han geratu edo talde komunitarioko beste estatu kide batera joatea izaten dute helburu. Bidaia egin dutenen kopurua iazko urte osokoa halako bi da jadanik.
Europako Parlamentuko hainbat diputatuk, ordea, zalantzan jarri dute EBk eta Tunisiak eginiko akordioa; izan ere, salatu dute herrialde horretako agintariak ehunka migratzaile eta errefuxiatu kanporatzen ari direla. Hain zuzen, Mediterraneo erdialdeko migrazio joan-etorrien epizentro bilakatu da Sfax hiria —Tunisiako hiriburutik 270 kilometro hegoaldera—, Saharaz hegoaldeko milaka herritarren aurkako jazarpenagatik. Agintariek Afrika mendebaldeko ehunka migratzaile kanporatu zituzten uztail hasieran, eta Libiako eta Aljeriako mugetatik gertu dagoen basamortu batean utzi zituzten.
Bada, Libiako mugazainek gutxienez 80 pertsona erreskatatu zituzten asteburuan; urik eta janaririk gabe zeuden, erabat akituta eta deshidratatuta. Human Rights Watch eta Alarm Phone GKEek hilaren 11n jakinarazi zuten komunikazioa galdu zutela Sfaxetik kanporatutako migratzaile talde batekin. Gainera, GKEek iragan ostiralean salatu zuten ehun pertsonatik gora Libia eta Tunisia arteko mugan harrapatuta zeudela, ez atzera ez aurrera; horien artean, emakumeak eta haurrak.
Migrazioen joan-etorria mugatzea adostu dute Tunisiak eta EBk
Tunisiak mugako kontrola zorroztuko du, eta migratzaileen trafikoaren kontrako neurriak gogortuko ditu. Gutxienez 80 iheslari erreskatatu dituzte Tunisia eta Libia arteko mugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu