Migrazio politikak gogortzea asmo duen lege proposamen bat bozkatzekoak ziren gaur goizean Alemaniako Parlamentuan, 10:30ean. Ordua iritsi denean, baina, bozketa atzeratzeko eskatu du Thorsten Freik, CDU Batasun-Kristau Demokratak eta CSU Batasun Sozial Kristauak osatutako koalizioko kideak. Lau ordu luzatu da ordu erdikoa behar zuen etena, eta azkenean 16:40an egin dute bozketa. Kontserbadoreen koalizioak ez du gehiengoa Bundestagen, eta neurria AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarraren babesarekin aterako litzateke aurrera. Herrialdeko hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, eskuin muturrarekin indarrak batzeak barne zatiketak eragin ditu CDUko kideen artean. Azkenean, baina, ez dute lege proposamena onartu: 350 diputatuk ezezko botoa eman dute, eta 338k aldekoa.
Gaur bozkatu duten lege proposamenak segida ematen dio herenegun ganbara horretan onartutako mozio bati. Mozio horren helburua zera da: behin-behinean mugetako kontrol guztiak berriro ezartzea eta papergabe guztiei Alemaniara sartzea galaraztea, nahiz eta haiek asiloa eskatzeko asmoa izan. Horrez gain, mozioan onartutako neurriak babesten du deportatu behar dituzten migranteak atxiloaldi mugagabean izatea. Neurriak modua emango luke, halaber, etorkinen egoiliar estatusaren inguruko baldintzak are gehiago gogortzeko.
Asteazkeneko erabakiari segidarik ez eman izana ez da alderdiaren erabaki bat izan, Der Spiegel Alemaniako hedabideak adierazi duenez. Izan ere, aldizkariak bere webgunean jakinarazi duenez, proposamenak aurrera egingo zuen baldin eta alde bozkatu duten alderdietako kide denek oniritzia eman balute. Hau da, zenbait diputatuk ez dute alderdiarekin bat egin. AfDk baiezko botoa eman du, hedabide horren arabera; hortaz, kontserbadoreak edo liberalak izan dira ezezkoa eman duten diputatuak.
«[CDU] Alderdiaren diziplina faltak Merz kantziler izateko aukerak ahultzen ditu»
ALICE WEIDELAfDko buruzagia
CDUko lider Friedrich Merzek bozketaren ostean egin du prentsaurrekoa, eta bertan baieztatu du CDU-CSU koalizioko kide batzuek lege proposamenaren aurka eman dutela botoa. Haien erabakia «errespetatzen» duela esan du; eta gaineratu gaurko bozketaren emaitzen ostean Alemaniako migrazio politiken etorkizuna hurrengo Bundestagak erabaki beharko duela. Otsailaren 23an egingo dituzte hauteskundeak.
AfD ere hurrengo hauteskundeei begira jarri da. Bozketaren ostean, eskuin muturreko alderdiko buruzagi Alice Weidelek Merzen aurka egin du, eta nabarmendu du CDU-CSUko diputatuek gaur hartutako erabakiak zalantzan jartzen duela etorkizuneko Alemaniako Gobernu hipotetiko baten bideragarritasuna: «Alderdiaren diziplina faltak Merz kantziler izateko aukerak ahultzen ditu».
Herenegun onartutako mozioa ez zen loteslea. Nolanahi ere, zeresan handia eman zuen, koalizio kontserbadoreak aurkeztutako asmoak AfD ultraeskuindarraren babesari esker egin baitzuen aurrera. Alde bozkatu zuten, baita ere, FDP Alemaniako Alderdi Demokratiko Liberalak eta BSW Ezkerreko Sahra Wagenknecht Aliantzak; azken hori Die Linke ezkerreko alderdiaren parte ziren kide batzuek sortu zuten iazko urtarrilean.
Bada, bozketaren ondoren, alderdi barruko figura esanguratsuenetako batek, Alemaniako kantziler ohi Angela Merkelek (2005-2021), kritikatu egin zuen Merzen erabakia. Haren arabera, «hutsegite bat» da AfDren babesarekin Bundestagen gehiengoa bermatzea. Herrialdeko hedabideen arabera, Merkelen ohartarazpena izango litzateke CDUko kide batzuen jarrera aldaketaren eragile nagusia. Are, Bundestagen izan diren nazioarteko kazetari batzuek beren sare sozialen bidez jakinarazi dute Merkelen biografiari buruzko liburuak agertu direla hainbat diputaturen eserlekuetan.
Kantziler ohia ez da izan koalizio kontserbadorearen erabakiaren aurka agertu den bakarra; kalean ere eman du zeresana CDUk eta CSUk AfDren babesari heldu izanak. Horren erakusle da atzo gauean 6.000 pertsona inguru atera zirela protesta egitera Berlinen; CDUk Alemaniako hiriburuan duen egoitza nagusiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea.
Oposizioaren akusazioa
SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak eta Berdeek aurka bozkatu zuten herenegungo bozketan, eta lege proposamenaren aurka egin dute gaur ere. Bozketaren aurretik prentsari egindako adierazpenetan, SPDren talde parlamentarioko Idazkari Katja Mastek alderdi kontserbadoreei leporatu die AfDrekin «gehiengoa» osatzen aritzea.
Alde batetik eta bestetik iritsitako kritikei erantzun die Merzek egunotan, esanez «sentitzen» duela aurkeztutako proposamenak ultraeskuinaren babesarekin aurrera egin izana; baina, aldi berean, argudiatu du «gainerako alderdien erantzukizuna» dela eskuin muturrari izkin egitea eta bidea jartzea neurriak zein erabakiak haien babesik gabe onar daitezen.
Merzek joan den astean iragarri zuen gobernuburu izanez gero migrazio politikak gogortuko zituela, nahiz eta horretarako ultraeskuinaren botoei heldu behar izan. Aschaffenburg herrian asilo eskaera egina zuen afganiar batek labanaz bi pertsona hil ondoren izan zuen jarrera aldaketa hori.
EB, bide beretik
Alemania bakarrik ez, EB Europako Batasuneko beste estatu kide batzuk ere migrazio politikak gogortzearen alde lerratu dira azken urteotan, eta bide beretik doa talde komunitarioa bera ere. Izan ere, EBko Barne eta Migrazio komisario Magnus Brunnerrek berretsi zuen, atzo, Brusela papergabeen deportazioei buruzko «legedi bateratu bat» ari dela ontzen.
Brunnerrek aitortu zuen talde komunitarioko kide diren estatu guztietako egoera ez dela bera; halere, nabarmendu zuen «premiazkoa» dela EB mailako erantzun «koordinatu eta bateratu bat» izatea. Brusela lantzen ari den legedi berri horren ardatz nagusia litzateke, komisarioak azaldu zuenez, EBko estatu kide den herrialde batetik deportatutako migratzaile batek EBko beste herrialde batean asiloa eskatzeko aukerarik ez izatea.
Hainbat herrialdek kontrolak berrezarri dituzte Schengen eremuaren —zirkulazio librea bermatzen du— barruko mugetan, hala nola Poloniak eta Austriak; Italiak migrazio akordio bat egin du Albaniarekin, herrialdera iritsitako migranteak han eraikitako zentroetara bidaltzeko, asilo eskaera Italian egin beharrean Albanian egin dezaten; eta, orain, Alemaniak modua egin nahi du herrialdera iristen diren papergabeak de facto deportatu ahal izateko.