Quebeceko eta Kanadako gobernuen arteko talkak eta eztabaidak ohikoak dira aspaldidanik. Bai arrazoi sozioekonomikoengatik, baita arrazoi politikoengatik ere. Eta, hortaz, ez du sorpresa handirik eragin François Legault Quebeceko lehen ministroak Justin Trudeau Kanadakoari esan dionak: lurraldera iristen diren etorkinen kopurua txikitzeko eskatu dio, argudiatuta oraingo joeraren ondorioz «presiopean» daudela zerbitzu publikoak. Legaulten ideologia eskuindar eta kontserbadoreak azaltzen du mezu hori bidali izana, baina baita, Quebecez harago, Kanadan bertan migrazioaren inguruan ireki den eztabaidak ere. Trudeauren kudeaketak kritika asko sortu baititu.
Legaultek herenegun egin zion eskaria Kanadako lehen ministroari, gutun baten bitartez, eta gaur atera dute argitara horren edukia hango hedabideek. Quebeceko lehen ministroak uste du migratzaileen kopurua «gehiegizkoa» dela, eta egoera «jasanezina» bilakatu dela, «gainezka egitear» daudelakoan; finean, Trudeauren kritikoen arrazoiak errepikatu ditu testu horretan: etxebizitzaren inguruko krisiarekin, eta hezkuntzan eta osasungintzan —probintzien eskumenak dira— dituzten erronka eta zailtasunekin lotu ditu etorkinak. Arazo horiei aurre egiteko, Legaultek nahi du Ottawak bisak emateko baldintzak gogortzea, eta kostuei elkarrekin aurre egitea.
Iazko urtarriletik azarora bitarte 60.000 bat asilo eskatzaile heldu ziren Quebecera, eta aurten beste 65.000 espero dituzte, hango lehen ministroaren arabera. «Biztanle bakoitzeko, Quebecek hiru aldiz asilo eskatzaile gehiago onartu ditu Kanadako gainerako probintziek baino», esan dio Quebeceko lehen ministroak Kanadakoari. Hori guztia, nahiz eta AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Kanadak joan den apirilean adostu zuten New York estatuaren (AEB) eta Quebecen arteko «pasabide ez-ofizialak» ixtea —Roxham bidea, kasurako, Montreal hegoaldean dagoena—; horrek, hasieran, etorkinen kopurua txikitzea eragin zuen, baina, luzera begira, gehiago izan dira muga pasatu dutenak, Reuters albiste agentziaren datuen arabera.
«Biztanle bakoitzeko, Quebecek hiru aldiz asilo eskatzaile gehiago onartu ditu Kanadako gainerako probintziek baino».
FRANÇOIS LEGAULTQuebeceko lehen ministroa
Afera horretaz ere aritu zaio Legault Trudeauri gutunean, eta ohartarazi dio migratzaileei harrera egiten eta babesa ematen dieten taldeak «jada» ez direla gai eskari guztiei erantzuteko, eta laguntza behar dutela, Roxham bidean iaz gertatu bezala. Hori, lurreko migratzaileei dagokienez, «aireportuetako etorrerek gora besterik ez baitute egin», Quebeceko lehen ministroak esan duenez. «Bisitarien bisarekin iristen diren eta asiloa eskatzen dutenen kopurua gero eta handiagoa da».
Eta horiei, erantzunaren zain dauden bitartean, laguntza ekonomikoa ematen die Quebeceko Gobernuak; kasurako, joan den urrian, 30,3 milioi euro jaso zituzten 43.200 asilo eskatzailek. Eta, horregatik, Legaultek nahi du Kanadako Gobernuak 431,96 milioi euro ematea; hain justu, Quebecekoak 2021ean eta 2022an gastatu zuen adina.
500.000 etorkin «iraunkor» urtero
Joan den asteartean, Trudeauk esan zuen eutsi egingo diotela jatorrizko helburuari: datorren urtera arte, urtero 500.000 migratzaile «iraunkor» jasotzea. Baina, hilabeteotako eztabaidaren aurrean, atera ireki zion «behin-behineko» etorkinen inguruko kontrola zorrozteari; hau da, nazioarteko ikasleak eta langileak, kasurako.
Polemikaren erdigunean baitago migratzaile horiek zenbateko eragina duten Kanadako eta Quebeceko ekonomietan, kritikoek argudiatzen baitute haietako gehiegi onartzeagatik garestitu direla, adibidez, etxebizitzen prezioak, eta okertu egin dela osasun publikoa. Are, hori ikusita, Kanadako lehen ministroak enpresei eskatu behar izan die haiek aurkitzeko «behin-behineko» migratzaile horientzako ostatuak.
Radio-Canada irratiari atzo emandako elkarrizketa batean, Christine Frechette Kanadako Immigrazio ministroak esan zuen Quebecek «gainezka ez egitea» eragotzi nahi dutela, eta, horretarako, asilo eskatzaileak Kanadan banatuko dituztela. Etxean, berriz, PQ Alderdi Quebectarraren buruzagi Paul St-Pierre Plamondon kritiko agertu da Legaultek Trudeauri eskaturikoarekin, uste baitu migrazioaren afera aipatu duela «politikoki hori egitea komeni» zaiolako.