Migrazio eskumena Kataluniako Gobernuaren esku delegatzeko akordioa sinatu zuten atzo PSOE eta JxC Junts Per Catalunya alderdiek, eta gaur, Espainiako Kongresuan erregistratu dute, lege proposamen moduan. Otsailaren 24an, Pedro Sanchezen aurkako konfiantza mozioa baztertu zuen JxCk, eta zortzi egun geroago heldu da ituna. PSOEk ERC Esquerra Republicana alderdiarekin Kataluniako zorra —17.000 milioi euro— barkatzea adostu eta astebete geroago sinatu dute lege proposamena.
Ituna egiteko elkarrizketak duela urtebete hasi zituzten, baina azken hilabeteetan ez atzera eta ez aurrera zeuden: JxC alderdiak eskumenak «osorik eskualdatzea» nahi zuen, eta PSOEk, aldiz, ez zuen begi onez ikusten hori. Azkenean, ez dute eskualdatzea onetsi Kataluniako alderdiak nahi bezala, PSOEk eskumena «delegatu» egin baitu. Aurreko astean, JxCko idazkari nagusi Jordi Turullek, Bilbon emandako konferentzia batean, esan zuen urte baten ondoren Espainiako Gobernuak oraindik ez zituela 2023ko azaroan adostutakoak bete, baina hori «berehala» aldatuko zela. Turullek gaineratu zuen Sanchezen aurkako konfiantza mozioa baztertzea beren «azken esfortzua» izan zela PSOErekin zituzten harreman guztiak ez hausteko.
Lege proposamen berriak eskumena ematen dio Kataluniako Gobernuari herrialdearen mugak kontrolatzeko. Salvador Illa presidentearen gobernuak izango du migratzaileak itzularazteko eta kanporatzeko eskumena, eta, era berean, Generalitatearen esku geldituko dira «iraupen luzeko» immigranteen baimen eskaerak eta aldi baterako bizilekua eskatzen dutenenenak. Beraz, Kataluniako Gobernuak emango ditu bere lurraldeko Atzerritarrentzako Identifikazio Zenbakiak.
Mossoek Kataluniako mugak kudeatuko dituzte, Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin batera. Mugak ez ezik, mossoek portuetako eta aireportuetako segurtasunean ere esku hartzeko aukera izango dute, lege proposamenean jaso duten bezala. Gaur egungo 19.000 mossoei beste 7.800 gehitzeko asmoa planteatu dute itunean, eskumen lagapenak eragingo dituen betebeharrei erantzuteko.
«Konstituzioaren aurkakoa»
Bi alderdien itunak eragin dituen erantzunak askotarikoak izan dira. Haien artean PPko agintari Alberto Nuñez Feijook esan du eskumenen lagapena «umiliazio bat» dela Espainiarentzat, eta bere alderdiak «sakon» aztertuko duela sinatutakoa. PPko idazkari nagusi Cuca Gamarrak gehitu du gaur erregistratutako lege proposamena «Espainiako Konstituzioaren aurkakoa» dela, eta hori bera arlo juridikotik aztertu eta, beharrezkoa bada, auzitara joko dutela.