«Paperik gabekoak ez gara arriskutsuak. Arriskutsua Europa da», «Elkartasuna paperik gabekoekin» eta antzeko oihuak entzun ziren atzo Bruselako Luxenburgo plazan, Europako Parlamentuaren aurrean, 15:00 aldera. Paperik ez, baina pankarta eta afixa ugari zekartzaten esku artean Italiatik, Euskal Herritik, Frantziatik, Espainiatik, Tunisiatik zein beste herrialde batzuetatik etorritako ehunka manifestarik. Protesta egin zutenek jatorri ezberdinak zituzten, baina aldarri bakarra: Europara datozen etorkin guztien erregularizazioa. Eskubideak! Heriotzarik ez! (Rights! No deaths!) lelopean bildu zituzten aldarrikapen guztiak; izan ere, manifestaziora munduko 150 erakunde baino gehiagok deitu zuten.
Protesta baino minutu batzuk lehenago hasi zen plaza betetzen; Mugak ireki, Iparraldeak Hegoaldea ustiatzen du, Lotsaren harresia eta antzeko mezuak irakurri ahal ziren protestara batu zirenek zekartzaten karteletan. Bi orduz hartu zuten plaza, eta tarte horretan etengabe igo ziren hainbat kolektibotako eledunak agertokira. Horietako bat izan zen Said el-Ouizi: salatu zuen sistema kapitalista paperik gabeko etorkinez «baliatzen» dela, eta, horregatik, sistemak berak «erreproduzitzen» dituela erregularizatu gabeko migranteak. Belgikako Paperik Gabekoen Mugimenduko bozeramaileetako bat da El-Ouizi, eta «denek batera» erregularizazioaren alde egiteko deia ere egin zuen.
Bide beretik jo zuen Bartzelonako kaleko saltzaileen sindikatuko ordezkari Lamine Sarrek ere: «Esplotazioa bukatu behar dugu. Europako migrazio politikak etorkinak esplotatzeko eginda daude». Gehitu zuen beharrezkoa dela pertsona zuriek «beren pribilegioak erabiltzea» auzi hori konpontzeko.
Giza Eskubideen Belgikako Ligako ordezkariak ere hartu zuen hitza. Azaldu zuenez, ikusi dute «borondate politikoarekin zerikusia daukan auzia» dela erregularizazioarena: «Ukrainako gerrarekin, ikusi dugu badagoela ahalmena behar duten etorkinei harrera egiteko. Borondatea da falta dena». Zirkulazio askea eta mugen deuseztapena ere aldarrikatu zuten zenbait hizlarik. «Lurra guztiona da, eta denok daukagu eskubidea bertatik libreki mugitzeko», adierazi zuen Espainiako Batasun Afrikarraren Federazioko ordezkari Papa Ballak. Azken urteetan migrazio bideetan hil diren pertsona batzuen izenak irakurri zituen ondoren, eta protestari batzuk lurrean etzan ziren, hildakoak irudikatzeko.
Europara igarotzeko ahaleginetan Mediterraneo itsasoan hil diren migratzaileen amen kolektiboko zenbait kide ere igo ziren agertokira. Horien bozeramaile gisa jardun zen Mina Attar Mirjane: «Ni naiz gaur beren seme- alabak itsasoan galdu dituzten amen ahotsa. Eragin izugarria dauka pertsona baten desagerpenak bere familian eta ingurunean; justizia eskatu nahi dugu hildako eta desagertutako guztientzat». Salatu zuen «bakarrik» daudela justizia bilatzeko prozesuan, gobernuek ez dietelako laguntzarik ematen; alderantziz, «trabak» jartzen dizkietela esan zuen. «Ez diete esaten non dauden beren seme-alaben gorpuak, behintzat beren herrialdera bueltatzeko, edo, esaterako, oso zaila da hildakoak identifikatzeko DNA probak egin ditzatela lortzea».
Karabanaren helmuga
Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartea izan da manifestazioaren bultzatzaile nagusietako bat, eta Luxenburgo plaza izan du helmuga, hain zuzen, elkarteak antolatutako Mugak Zabalduz Karabanak. Bilbotik atera zen astelehenean, eta europarlamentuaren aurrealdean egin du azken geldialdia. «Ez gara Bilbotik irten ginen pertsona berak. Aberatsagoak gara orain, azken egun hauetako bizipenak ditugu, eta, batez ere, arrazoi gehiago dauzkagu erregularizazioaren alde borrokatzeko», adierazi zuen Ana Elena Altuna bozeramaileak.
Izan ere, aldarri hori Europako Parlamentura eramateko helburuarekin antolatu dute aurtengo karabana, eta hala egin zuten ostegunean: karabanako bozeramaileak europarlamentari talde batekin bildu ziren, beren aldarrikapenak helarazteko.
Besteak beste, migratzaileen giza eskubideak bermatzeko eskatu zieten, haien egoera erregularizatzeko, eta Hegoaldeko herrialdeenganako «esplotazio politikak» geldiarazteko. Desagertuei eta hildakoei dagokienez, horiek aurkitzeko bulego espezifikoak sortzeko eskatu zieten, baita hildakoen datuak herritar guztientzako ikusgarri jartzeko ere.
Ibilbide oparoa
Irunen (Gipuzkoa) egin zuen lehenengo geldialdia karabanak, iragan astelehenean. Bertan, Irungo Harrera Sarearekin elkartu, eta migrazio bideetan hildako pertsonei omenaldia egin zieten, Mugak Zabalduz karabanak Santiago zubiaren ondoko parkean jarritako monolitoaren aurrean. Ondoren, Poitiersera (Frantzia) abiatu ziren; han migratzaileei harrera egiten zieten kolektiboekin elkartu zen martxa, asteartean, eta migratzaileen eskubideak aldarrikatu zituzten herriko udalaren aurrean.
Asteartean Parisko Evryko barrutira iritsi zen karabana, eta Chronoposteko Paperik Gabeko Langileen protestarekin bat egin zuen; langile horiek 11 hilabete daramatzate greban, etorkinak izatearren ezartzen dizkieten baldintza txarrengatik. Protestaren ondoren Parisko langileen burtsan elkartu ziren Paperik Gabeko kolektiboekin, haien borrokaren historiaren inguruan hitz egin eta erregularizazio administratiboaren inguruko esperientzien berri izateko.
Calaisen (Frantzia) egin zuen martxak Bruselara heldu aurreko azken geldialdia, asteazkenean. Migrazio prozesuan dauden pertsonekin elkartu ziren La Maison-Ressources etorkinei harrera egiteko eguneko zentroan. Ondoren protesta egin zuten Calaiseko migranteen eskubideen aldeko beste kolektibo batzuekin. Martxaren antolatzaileek «Europako migrazio politika hiltzaileak» salatu zituzten, eta gogora ekarri zuten egunotan argitara atera den hilketa bat ere: «Duela gutxi izan dugu Saharaz hegoaldeko emakume baten hilketaren berri. Marokoko jendarmeek hil zuten, tiro batez, Kanaria uharteetara joateko prestatzen ari zela». Horrekin batera, Melillako (Espainia) 37 pertsonaren hilketak ere gogor salatu zituzten.
Omenaldi bat ere egin zieten Calaiseko mugan hildako pertsonei; zerrenda luze bat zabaldu zuten lurrean, 1999. urteaz geroztik identifikatu dituzten hildako pertsonen izenekin: 250 pertsonatik gora, hain zuzen. Herri horretako etorkinen eskubideen aldeko kolektiboek azken urteetan egindako borrokaren berri ere eman zieten.
Migratzaileen erregularizazioa aldarrikatu dute Europako Parlamentuaren aurrean
'Eskubideak! Heriotzarik ez!' lelopean, migratzaileen eskubideen alde protesta egin dute ehunka pertsonak. Mugak Zabalduz karabanaren azken geldialdia izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu