Datorren maiatzean amaituko da Donald Trump presidente zenean onartutako 42. Titulua. Arau hark pandemiak eragindako osasun larrialdia hartzen zuen oinarri AEBetara paperik gabe sartzen saiatzen ziren migratzaileak Mexikora kanporatu ahal izateko. Hori amaitzeak, baina, ez ditu murriztuko migratzaileek gainditu beharreko oztopoak. Izan ere, AEBetako Gobernuak atzo iragarri zuen beste lege bat sartuko dela indarrean maiatzaren 11n bertan, «migratzaileen pasabide segurua bermatzea» helburu lukeena. Haren arabera, ez dute asilo eskubiderik izango AEBetara bidean igarotako herrialderen batean asiloa eskatu ez duten edota Mexiko iparraldeko muga zeharkatu aurretik Estatu Batuetan babesa eskatzera doazela jakinarazten ez duten migratzaileek.
Joe Biden presidenteak orain arte onartutako migrazio politikarik gogorrenetariko bat da honako hau. Araua betetzen ez duten guztiak berehala kanporatzea ahalbidetuko lieke mugazainei. Legea bi urtez izango da indarrean. «Arauak lege prozesu berrien eta lehendik daudenen erabilera sustatzea du helburu, eta muga zeharkatzeko bide arriskutsuak saihestea», adierazi du Estatu Departamentuak komunikatu batean.
Presidente karguaren zina egin zuenean, Bidenek hitzeman zuen indargabetu egingo zituela Trumpek aurrez migratzaileen aurka hartutako neurriak; besteak beste, gurasoak eta seme-alabak banatzea ahalbidetzen zuena. Baina legealdiak aurrera egin ahala, euren herrialdeetatik ihes egin behar izan duten milaka migratzaile pilatu dira AEBetako hegoaldeko mugan, eta horien aurkako neurriak indartuz joan da Etxe Zuria. Azken araua horren beste adibide bat da. Hala salatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Horien esanetan, Bidenek atzo iragarritako araua «Trumpen politiken jarraipena» besterik ez da.
Bestelakoa da Segurtasun Nazionalerako estatu idazkari Alejandro Mayorkasen iritzia. «Migratzaileen herrialde bat gara, eta legeena. Migratzaileak Estatu Batuetara etortzeko legezko bideak indartzen ari gara, baina, aldi berean, horiek errespetatzen ez dituztenek jasango dituzten ondorioak ere gogortu egingo ditugu».
Migratzaile askok uko egiten diote AEBak ez diren beste herrialde batean asiloa eskatzeari, batetik, seguruago sentitzen direlako Estatu Batuetan, eta, bestetik, askok familia dutelako han. Horrez gain, Amerika hegoaldeko herrialde askok hilabeteak behar izaten dituzte asilo eskaerei erantzuteko, eta, bitarte horretan, migratzaileek ezin dute lanik egin, eta, askotan, bizitzeko toki bat aurkitzeko ere arazoak dituzte. Hori dela eta, askok Mexiko iparraldeko muga ezkutuan igarotzeko hautua egiten dute.