Migratzaileak jatorrizko herrialdeetara itzultzeko «modu azkarragoak» aurkitu nahi dituzte EBko estatu kideek

Italiaren eta Albaniaren arteko akordioa eredutzat hartuko dute hainbat herrialdek, hala nola Greziak, Herbehereek eta Irlandak; Scholzek jakinarazi du Alemania itun bat ontzen ari dela migranteak Afganistanera bidaltzeko.

Ezkerretik eskuinera: Letoniako lehen ministro Evika Silina, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Ezkerretik eskuinera: Letoniako lehen ministro Evika Silina, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urriaren 17a
12:59
Entzun

Migrazioa izan da mintzagai nagusia Europar Kontseiluaren goi bilkuraren lehen egunean. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eman dio bide, hein batean, migrazioaren afera erdigunean jartzeari, herenegun aurreratu baitzuen bere asmoa zela estatu kideei proposatzea Italiak eta Albaniak adostutako migrazio akordioa eredutzat hartzea. Proposamen hori begi onez ikusi dute estatu kide gehienek, eta bi eskaera nagusi egin dituzte bilkuraren atarian egindako adierazpenetan: iragan maiatzean onartutako EBren Migrazio eta Asilo Ituna «ahalik eta lasterrena» abian jartzea eta asilorako baimena eskuratzen ez duten migranteen itzulketak azkartzeko «modu berriak» aztertzea. 

Von der Leyenen arabera, Italiaren eta Albaniaren arteko akordioa litzateke, hain justu, legez kanpoko migrazioari aurre egiteko «eredurik aproposenetako bat». Akordio horrek modua ematen du Italiara iristen diren legez kanpoko migratzaileak Albanian eraikitako zentro batera bidaltzeko, asilo eskaera Italian egin beharrean han egin dezaten; gero, ezezkoa jasotzen duten migranteak euren jatorrizko herrialdeetara itzuliko dituzte.

Eredu horren harira, migratzaileentzako zentroak EBtik kanpo eraikitzearen ideia «aztertzeko prest» daudela jakinarazi dute, besteak beste, Greziak, Esloveniak, Irlandak eta Finlandiak; halere, Simon Harris Irlandako lehen ministroak nabarmendu du, kasurako, «ezinbestekoa» dela ezein akordiotan «Europako balioak eta nazioarteko zuzenbidea» errespetatzea. Finlandiako lehen ministro Petteri Orpok, berriz, pauso bat haratago eman du, mugetan hesien gisako azpiegiturak eraikitzea proposatzeraino, «segurtasuna indartzeko» asmoz. Hain justu, migrazioarekiko «jarrera bateratu bat» adosteko bildu dira, goi bilkura hasi baino zertxobait lehenago, 11 herrialde: horien artean, Italia, Danimarka, Herbehereak eta Austria.

Dena den, izan da Italiaren eta Albaniaren arteko akordioaren «hutsuneak» aipatu dituenik ere. Alemaniako kantziler Olaf Scholzek, goi bilkura hasi aurretik prentsari egindako adierazpenetan, esan du gisa horretako itun batek ez lukeela funtzionatuko Alemaniaren gisako herrialde handi batean: «Iaz legez kanpoko 300.000 migrante iritsi ziren Alemaniara; 2.000 kanporatzeak ez du ezertarako balio». Nolanahi ere, Scholzek berak iragarri duenez, Alemaniak ere begi onez ikusten du migranteak EBtik kanpoko herrialde batera bidaltzeko neurria; jakinarazi du migranteak Afganistanera bidaltzeko negoziazioetan murgilduta daudela.

Antzeko plan baten inguruan hitz egin du Dick Schoof Herbehereetako lehen ministroak. Asilorako baimena lortzen ez duten migranteentzako zentro bat eraikitzeko «aukerak aztertzen» ari da Herbehereetako Gobernua; Ugandan. «Plan irmo bat da, baina, noski, xeheki aztertu behar diren zailtasun asko izan ditzake», esan du. Zailtasun horietako bat litzateke, Schoofek berak aitortu duenez, bermatzea Ugandara bidaliko lituzketen asilo eskatzaileen eskubideak errespetatuko liratekeela. Horrekin lotuta, adierazi du ez duela baztertzen Italiak Albaniarekin egindako akordioa eredutzat hartzea: «Tokiak bilatu behar ditugu, eta aztertu zer den posible».

Poloniaren asmoak

Azken egunetan zeresana eman du, halaber, Poloniako lehen ministro Donald Tuskek iragarritako asmoak: behin-behinean bertan behera uztea Bielorrusiatik iritsitako migratzaileek asiloa eskatzeko aukera. Tusken arabera, Bielorrusiatik sartzen diren migrante horiek Errusiak bidaltzen ditu, Europako Batasunaren parte diren herrialdeei «kalte» egiteko. Bada, goi bilkura baliatuta, Poloniak dei egin du afera horretan talde komunitarioak «erabaki bateratu bat» har dezan.

Legez kanpoko migrazioaren gorakada argudiotzat hartuta, EBko hainbat herrialde gero eta kontrol gehiago ezartzen ari dira euren mugetan, hala nola Alemania, Frantzia, Suedia, Austria eta Eslovenia. Frontex Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentziak emandako azken datuen arabera, urte hasieratik hona 166.000 legez kanpoko migrante iritsi dira, 2015eko errefuxiatuen krisian iritsitakoekin alderatuta, orduko herena baino gutxiago.

Zelenskik, batasunerako deia

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski izan da, migrazioaren gaiaz gain, Europar Kontseiluko goi bilkuraren lehen eguneko protagonistetako bat. Zelenskik atzo gauean aurkeztu zuen, Ukrainako Parlamentuan, Garaipenerako Plana deiturikoa, eta EBko estatu kideetako ordezkarien aurrera eraman du gaur. Plan horren helburuetako batzuk hauek dira: Ukrainaren aliatuek Kievi baimena ematea Errusiaren aurka irismen luzeko misilak erabiltzeko, eta Ukrainari gonbidapena bidaltzea NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko parte bilakatzeko.

«EBren batasunarekin soilik lortuko dugu guk eta beste liderrek aurrera egitea», esan du Zelenskik. Haren arabera, Garaipenerako Plana abian jarriz gero, baliteke gerra datorren urtean amaitzea. Gainera, eskatu dio talde komunitarioari «ahalik eta lasterrena» onartu dezala G7koen goi bileran adostutako Ukrainarentzako 35.000 milioi euroko laguntza militarra. Horren inguruan, Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak esan du «premiazkoa» dela EBk «bere esku dagoen guztia» egitea Kievi laguntzeko.

Zelenskiren eskaerei erantzun die Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak ere. Gaur eta bihar Bruselan bilduko dira, hain justu, erakundeko kide diren herrialdeetako Defentsa ministroak, eta bilkura horretan ere parte hartzekoa da Ukrainako presidentea. Ruttek, gaur goizean prentsari egindako adierazpenetan, baieztatu du «etorkizunean Ukraina NATOko kide» izango dela, baina esan du ezin duela zehaztu hori noiz izango den. Eta bilkuraren hasieran egindako agerraldian, Txinari eta «beste erregimen autoritario batzuei» leporatu die «Errusiaren ofentsiba elikatzen» aritzea; «mehatxu» horien aurrean, NATOren eta EBren lankidetza «premiazkoa» dela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.