Duela mende pasatxo Ipar Irlanda unionista, protestante eta loialistak gehiengo izateko sortu zutela aintzat harturik, Sinn Feineko Michelle O'Neill lehen ministro bilakatu izana garaipen handi bat da errepublikanoentzat. Aldaketa handia da, historikoa, baina praktikan, batez ere, sinbolikoa da; edonola ere, horrek ez du kentzen kolpea, psikologikoki eta politikoki, nahiko gogorra izan dela Irlandaren batasunaren kontrakoentzat. Ez da sorpresa bat izan, gainera; hori guztia denbora kontua baitzen, 2022ko Asanblearako bozek utzitako agertokiak ez zuelako aukera askoz gehiagorako ematen. O'Neillen izendapena zen albiste nagusia hauteskunde horiez geroztik, baina, tartean, bi urte pasatu dituzte gobernurik gabe, eta horrek, ezinbestean, pisua izan du gaurko izendapen sortarako saioan, parlamentuan. Ezinezkoa izan da, hortaz, afera horri erreferentziarik ez egitea. Ipar Irlandako gobernuburu hautatuak, estreinakoz irla batzearen aldekoa denak, esan du «partekaturiko gobernu» sistema «funtzionarazi beharko» dutela; baina, horren gainetik, itxaropenean jarri du arreta: «Etorkizunerako atea ireki da. Partekaturiko etorkizunerakoa».
Ziurgabetasun politiko, sozial eta ekonomikoz beteriko 24 hilabete igaro behar izan dira erakundeak berriz martxan izateko. Tartean izan dira hainbat saiakera horiek berreskuratzeko, baina DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren ezezkoak dena blokeatu du, bere egin baitu loialistek duten kezka nagusia, brexit-ak kolokan jarri duela Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokia —barne muga bat sortu dela argudiatuta—. Horri eta Britainia Handiko kontserbadore euroeszeptikoek dituzten kritikei aurre egiteko, Rishi Sunak lehen ministroak Windsor Esparru Hitzarmena adostu zuen Europako Batzordearekin, duela urtebete, eta horren edukiari zuzenketa eta aldaketa batzuk egiten dizkion Batasuna babestu akordioa DUPekin, joan den asteazkenean.
Bi itun horiek ahalbidetu dute, hortaz, gobernabidea itzultzea Ipar Irlandara, unionismoko alderdi nagusiari, DUPi, iruditzen baitzaio Irlanda iparraldea helmuga duten produktuen kontrolak kentzea lortu dutela. Horren jarrera erabakigarria izan da, Ipar Irlandan botere partekaturiko gobernua baitute, eta, beraz, legez, irlandar nazionalistak eta britainiar unionistak elkarrekin lan egitera behartuta baitaude. Baina batek hutsik uzten badu dagokion aginte postua —botere bera duten gobernuburu edo gobernuburuordearena—, bestea ere hutsik geratzen da automatikoki, eta, hortaz, gobernuak ez du funtzionatzen.
I am honoured to address the Assembly on this day of historic change.
— Michelle O’Neill (@moneillsf) February 3, 2024
As a First Minister for all, I am determined to work together with all parties to deliver for workers, families and all our communities. pic.twitter.com/OwF6gH5mRP
Hori gertatu da bi urteotan, eta, horren ondorioz, aurrekonturik gabe funtzionatu dute jardunean aritu diren ministroek; behin horiek kargua galdu ondoren, funtzionarioak arduratu dira eguneroko egitekoez, baina beren lana oso mugatuta izan dute. Murrizketak izan dira, gainera, zerbitzu publikoetan, eta horrek manifestazio handiak sortu ditu Ipar Irlandan; kasurako, aste honetan eta joan den astean. Osasun publiko sistema eta, oro har, egoera ekonomikoa ere kezka iturri bilakatu dira urteotan, eta horiei aurre egitea izango da O'Neill buru duen gobernuaren erronka nagusia.
Ipar Irlandako lehen ministro hautatuak hilabeteotan defendatu duen ideia berbera helarazi du gaurko hitzaldian, eta berretsi du haren asmoa dela «denentzako» gobernuburua izatea. «Etxea deitzen dugun toki hau, maite dugun toki hau, Irlandaren iparraldea edo Ipar Irlanda, aldatzen ari den potreta bat da. Britainiarra izan zaitezke, irlandarra, biak edo bat ere ez. Atzo joan da. Nire izendapenak aldaketa hori irudikatzen du», argudiatu du O'Neillek. Eta horiekin guztiekin «elkarlanean aritzeko» deia egin du.
Ikusi gehiago
Eta politikari errepublikano bat Ipar Irlandako lehen ministro bilakatu denez, lehen ministrorde kargua DUPeko Emma Little-Pengellyrentzat izan da. Hark ere eskua luzatu du gobernabideaz eta erakundeen egonkortasunaz aritzean, «ados jartzeko tartea» dagoela adierazita.
Unionisten barne zatiketei begira
«Michelle eta biok oso jatorri desberdinetatik gatoz, baina denontzako etorkizun hobe bat ziurtatzeko lana etengabe egingo dut», esan du Little-Pengellyk. Bi agintarien hitzak eta asmoak ikusirik, badirudi, teorian behintzat, elkarrizketarako eta lankidetzarako asmoa eta nahia izango dutela, eta gobernua berriz ez kolapsatzekoa. Denborak esango du hori guztia gauzatuko den; besteak beste, ikusteko baitago Windsor Esparru Hitzarmenaren eta Batasuna babestu akordioaren kontrako unionistek nola erreakzionatuko duten, barne zatiketak espero baitira sektore horretan.
Bien bitarterako, inguruko gobernuek begi onez ikusi dute Ipar Irlandan bi urteko blokeo politikoa amaitzea. Kasurako, Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harrisek adierazi du «arratsalde historikoa» izan dela, eta «demokrazia berriz ezarri» dutela.
Eta Irlandako Errepublikako lehen ministrorde eta Atzerri ministro Micheal Martinek, berriz, esan du «egun berezia» dela Ipar Irlandako herritarrentzat, eta Dublin prest dagoela Belfastekin eta Londresekin lan egiteko.