Micheal Martin izendatu dute Irlandako lehen ministro

Fianna Fail alderdiko burua 2027. urte amaiera arte egongo da karguan; gero, gobernu koalizioko kide Fine Gaeleko Simon Harrisek hartuko dio erreleboa beste bi urte eta erdirako.

Micheal Martin Irlandako lehen ministro izendatu berria, artxiboko irudi batean. FERGAL PHILIPPS / EFE
Micheal Martin Irlandako lehen ministro izendatu berria, artxiboko irudi batean. FERGAL PHILIPPS / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 23a
16:14
Entzun

Izendatu dute Irlandako Errepublikako taoiseach edo lehen ministroa: Fianna Fail alderdiko Micheal Martin izango da. Bi urte eta erdi egongo da karguan, 2027. urte amaiera arte; gero, Fine Gael alderdiko Simon Harrisek hartuko dio erreleboa, beste bi urte eta erdirako. Horrela egitea adostu dute datorren legegintzaldian koalizioan gobernatuko duten bi alderdiek. Fianna Failekin eta Fine Gaelekin batera gobernatuko dute diputatu independente batzuek. Irlandan iazko azaroaren 29an egin zituzten parlamenturako bozak, eta Fianna Failek lortu zuen eserleku gehien (48); gero, Sinn Feinek (39); eta, ondoren, Fine Gaelek (38).

Irlandako Parlamentuko behe ganberan atzo ziren Martinen izendapena berresteko bozketa egitekoak. Diputatu independenteen hitza hartzeko eskubidearen eta txandaren harira izan zituzten iskanbilak, eta, azkenean, gaur eguerdira atzeratu zuten bozketa. Martinek «lotsagarritzat» jo zuen gertatutakoa, horren ondoren prentsari egindako adierazpenetan. Gaurko saioan ez da liskarrik izan. Martinek 95 diputaturen babesa jaso du; 76k haren aurka bozkatu dute; eta hiru diputatu abstenitu egin dira. Denera, 174 eserleku daude behe ganberan.

Martinen izendapenari buruzko bozketa egin baino lehen, beste bozketa bat ere egin dute: Mary Lou McDonald Sinn Fein alderdiko buru izendatzekoa. Baina McDonaldek ez du, espero zen moduan, nahikoa babes lortu. «Gaur ez da gure eguna izango, baina noizbait izango da. Gure lana, Irlanda bateratu bat eraikitzeko gure borroka, ez da inoiz hain garrantzitsua izan», esan du Sinn Feineko liderrak.

Izendapena berretsi ondoren, Martinek ere izan du hitza hartzeko aukera. Eskerrak eman dizkio koaliziokideari, Fine Gael alderdiari, baita haiekin bat egin duten independenteei ere; hurrengo bost urteetarako gobernu programa diseinatzeko «hain garbi eta zintzo» parte hartzeagatik. Haren arabera, datorren agintaldiko erronkarik handienak izango dira «irlandarren arazo sozialei» aurre egitea, hala nola etxebizitzaren, osasunaren edo bizitzaren garestitzearen aferei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.