Mexikotik iritsitakoentzako asilo politikak gogortu ditu Bidenek

Zazpi egunez batez beste eguneko 2.500 atxiloketa baino gehiago egiten badira sartuko da indarrean. Arau berria jada indarrean dago, eta zaila izango da aurreko egoerara itzultzea.

Zenbait migratzaile AEBen eta Mexikoren arteko mugan, Eagle igarobidean, urtarrilean. ADAM DAVIS /EFE
Zenbait migratzaile AEBen eta Mexikoren arteko mugan, Eagle igarobidean, urtarrilean. ADAM DAVIS /EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 4a
20:30
Entzun

AEB Amerikako Estatu Batuek migrazio politikak gogortu dituzte. Gaur sinatu du legea Joe Biden AEBetako presidente eta azaroan izango diren presidentetzarako hauteskundeen hautagai demokratak, eta Mexikoko muga gurutzatzen dutenen asilo eskaerak errotik mozteko ahalmena emango dio. Arau berriaren arabera, egunean 2.500 atxilotu baino gehiago egonez gero —azken zazpi egunetako batez bestekoa hartuko dute kontuan—, migratzaileek ezaugarri hertsi batzuk ez badituzte betetzen egun edo ordu gutxiren buruan deserriratzeko eskumena dute AEBetako indarrek. Hala jakinarazi diete zenbait funtzionariok bertako hedabideei.

Gaur bertan sartu da indarrean neurria. Izan ere, gaur-gaurkoz atxiloketa kopurua 4.200ekoa da AEBen eta Mexikoren arteko mugan. Legea behin-behineko neurri baten moduan aurkeztu duten arren, zaila da behin betiko ez izatea. Edo, gutxienez, denbora luzean ez mantentzea. Migratzaileek bete beharko dituzten ezaugarri hertsi horiek bertan behera geratzeko, legeak ez du aurreikusten atxilotu kopurua 2.500era berriz itzultzea azkeneko zazpi egunak kontuan hartuta. Bere horretara itzuli ahal izateko, kontuan hartzen den denbora tartea hamalau egunera handitzen da, eta atxilo kopuruak 1.500eraino heldu beharko du.

Kopuru horietara ez dira luze gabe helduko. Izan ere, muga hartan 1.500 atxilotu egon ziren azken aldia 2020ko uztailean izan zen, mundua koronabirusaren pandemia betean murgildurik zegoenean. Hortaz, oso zaila izango da asilo eskarien normaltasunera itzultzea. Iragan apirilean —horiek dira eskura dauden azken datuak—, 128.900 atxiloketa egin zituzten. Kopurua handia den arren, beheranzko joeran dago: iazko abenduan 250.000 atxiloketa inguru egin zituzten.

Gobernuko iturri berek hedabideei azaldu dietenaren arabera, gaurtik migratzaileek frogatu beharko dute sorterrian torturatuak izateko «pisuzko arrazoiak» dituztela. Ez da ausazko erabaki bat. Izan ere, AEBak torturaren aurkako Nazio Batuen itunaren sinatzaile dira, eta, beraz, debekaturik dute bere herrialdean torturatua izateko arriskuan dagoen norbait deserriratzea.

Torturatua izatea, hala ere, ez da AEBetan asilo hartzeko prozesuari eusteko aukera bakarra. Beste bost egoeratan daudenei ere herrialdean geratzeko modua emango zaie: bakarrik doazenei eta bidaia iparralderago jarraitu nahi dutenei, pertsonen trafikoaren biktima izan direnei, osasun larrialdi bat dutenei, jatorrizko herrialdean haien bizia arriskuan dutenei edota muga gurutzatu aurretik CBP One aplikazioan ordua eskatu dutenei. Azken aukera hori askotan arbuiatu dute giza eskubideen alde egiten duten erakundeek. Izan ere, egunean 1.450 txanda ematen ditu soilik, eta, askotan, ez dabil.

Mexikora buelta

Mexiko eta AEBak banatzen dituen muga gurutzatu eta salbuespen horietako bat ez betez gero, bi helmuga izango dituzte migratzaileak. Alde batetik, Washingtonek Mexikorekin dituen akordioak direla medio, migratzaile mexikarrak zein Kubatik, Haitik, Nikaraguatik edo Venezuelatik datozenak Mexikora itzuliko dituzte. Bestetik, bestelako herrialdeetako herritarrak hegazkin bidez deserriratuko dituzte sorterrira.

Ez da lehen aldia Bidenek migrazioa politikak gogortzen dituena. Iazko maiatzean, asiloa eskatzeko «ez gai» bihurtu zituen muga legez kontra gurutzatu eta bidean igarotako beste ezein herrialdetan babesa eskatu ez zutenak. Bidenek, duela lau urteko kanpainan, asilo sistema «berrezarriko» zuela hitzeman zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.