Mexikoren enbaxadara sartu dira indarrez Ekuadorko segurtasun indarrak, eta krisi diplomatikoa sortu dute

Mexikoren babes politikoa duen Ekuadorko presidenteorde ohi Jorge Glas atxilotu dute. Enbaxadan sartzeak Vienako Hitzarmenaren 22. artikulua urratzen du.

Ekuadorko Segurtasun Blokea, Mexikoko enbaxadan satzen, gaur goizaldean. JOSE JACOME / EFE
Ekuadorko Segurtasun Blokea, Mexikoko enbaxadan satzen, gaur goizaldean. JOSE JACOME / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 6a
17:50
Entzun

Krisi diplomatiko bat sortu berri da Latinoamerikan. Ekuadorko poliziez zein militarrez osatutako eta antolatutako talde kriminalen aurka ekiteko Segurtasun Blokeak operazio berezia gauzatu du Mexikok herrialdean duen enbaxadan. Poliziak Mexikok Quiton duen eraikinera sartu dira, indarrez, gaur goizaldean —han oraindik gaueko ordu txikiak ziren— , eta Ekuadorko presidenteorde ohi Jorge Glas (2013-2018) atxilotu dute. Atzo eman zion Mexikok Glasi babes politikoa eta enbaxadan zegoen gotorturik. Presidenteorde ohiaren espetxeratzeak ez ditu soilik hautsak harrotu Glasen iraganagatik edota Mexikok hartutako erabaki baten aurka ekin duelako Ekuadorrek; baizik eta, Vienako Hitzarmena urratu dutelako.

Hitzarmenak herrialdeen misio diplomatikoen eskubide eta betebeharrak arautzen ditu, eta, 22. artikuluaren arabera, misio diplomatikoen eraikinak —hau da, enbaxadak— «bortxaezinak» dira: «Misioburuaren baimenik gabe herrialde hartzailearen agenteak ezingo dira [enbaxadan] sartu». Ekuadorko presidentetzak, ordea, Glas atxilo hartu eta gutxira ekintza justifikatu du, ohar bidez. Gobernuak Mexikok «immunitate diplomatikoaz eta abantailez abusatu duela» argudiatu du, eta Glasi babesa ematea «egungo zuzenbide esparruaren aurkakoa dela» esan du.

Glasen atxiloketak garrantzia berezia du Ekuadorko Gobernuarentzako. Gabriel Noboa presidentea ustelkeriaren aurkako politikak hitzemanez aurkeztu zen hauteskundeetara; hark iritzi dionez, Ekuadorko aurreko gobernuak «ustelkeriaz lepo» zeuden. Glas ere ustelkeria sistema horren barruan dagoela dio egungo gobernuak. Diru publikoa bidegabe erabili izana leporatzen diote Glasi Berreraikitze izeneko kasuan. Bertan, 2016an Ekuadorko Manabi probintzia txikitu zuen lurrikararen osteko lanetan ustelkeria kasuak egon zirela ondorioztatzen da.

(ID_13762011) ECUADOR MÉXICO
Mexikok Ekuadorren duen enbaxadako Gai Politikoetako buru Roberto Canseco, gaur goizaldean enbaxadan sartu diren poliziekin borrokan. JOSE JACOME / EFE

Espetxeratuz gero, ez litzateke aurreneko aldia izango Glasentzat. Izan ere, 2017 eta 2022 bitartean ere egon zen espetxean. Eroskeria delituagatik eta zilegi ez den elkarte baten parte izategatik, zortzi eta sei urtera kondenatu zuten, hurrenez hurren. Kondenak osorik bete aurretik utzi zuten aske.

Mexikok, ordea, ez du begi onez ikusten Ekuadorko epaileek Glasen aurka hartutako erabakia. Enbaxadako Gai Politikoetarako buru Roberto Cansecok esan du litekeena dela presidenteorde ohia «hiltzea». Ofizialki babes politikoa atzo onartu zioten arren, Glas iazko abenduko 17tik zegoen gotortua Mexikoren enbaxadan. Are gehiago, Glas «pertsegitua den norbait dela argi geratu dela» esan du Cansecok. Segurtasun Blokearen operazioan, enbaxadako langileen aurka ere egin dutela azpimarratu du: «Gaizkileak legez sartu dira diplomazia ordezkaritzan eta ni eta beste langile batzuk jo egin gaituzte». Aurretik jakinarazi gabe sartu zirela leporatu die poliziei Mexikoko enbaxadak.

Ekuadorrek Mexikoren jarrera arbuiatu du, eta adierazi ezein gaizkile ezin dela hartu «politika arrazoiengatik pertsegitua izandakotzat». Are gehiago, Ekuadorko presidentetzak Segurtasun Blokearen ekintza defendatu du Glas, «kondenaturik» baitzegoen eta haren aurkako «atzemate agindua» indarrean baitzegoen.

Harremanak hautsi

Enbaxadara sartzeko arrazoiak arrazoi, Mexikok ez ditu Quitoren azalpenak onartu eta «edozein harreman diplomatiko lehenbailehen» moztea erabaki du herrialdeko presidente Andres Manuel Lopez Obradorrek. X sare sozialaren bidez jakinarazi du bere erabakia. «Nazioarteko zuzenbidearen eta Mexikoren subiranotasunaren aurkako urraketa larria da», adierazi du Mexikoko presidenteak, eta Glas enbaxadan «errefuxiaturik» zegoela azpimarratu du.

Ez du Mexikoko presidenteak bakarrik arbuiatu Noboaren gobernuak hartutako erabakia. Conaie Ekuadorko Herritartasun Indigenen Konfederazioak urrats bat harago egin du bere salaketan, eta enbaxadaren aurkako operazioa «ekintza faxista» gisa definitu du, ohar bidez: «Kezkagarria da ikustea Ekuadorko Gobernu autoritario eta faxistak indarra erabiltzen duela bere garaikur politikoak ziurtatzeko». Conaiek babes handia du herrialdean, eta oso kritikoa da Noboaren politikekin.

Enbaxadara sartzea bi herrialdeen harremana hausteko azken kolpea izan da. Aurretik, hala ere, pitzaduraz beterik zegoen. Atzo, adibidez, Ekuadorko Gobernuak Mexikoren enbaxadore Raquel Sesur persona non grata izendatu zuen, Lopez Obradorren adierazpen batzuen ondorioz. Mexikoko presidenteak aditzera eman zuen, hain zuzen, Fernando Villavicencio Ekuadorko presidentetzarako hautagaia iazko abuztuan hil izana Noboaren garaipenerako bidea erraztu zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.