Mexikon PRI nagusitu da bozetan, oposizioan bederatzi urtez egon ostean

Calderon presidenteak gutxiengoan gobernatu beharko du orain, eta «elkar ulertzeko» deia egin dio irabazleari

2009ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Felipe Calderon Mexikoko presidentea gutxiengoan gobernatzera behartuta egongo da agintaldia amaitu artean -2012an dira egitekoak presidentetzarako bozak-. Ezen, oposizioko PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak irabazi ditu joan den igandean egindako Legebiltzarrerako bozak; Calderonen PAN Ekintza Nazionaleko Alderdiak, berriz, egundoko porrota izan du. Inkestek iragarritakoa baino handiagoa izan da PRIren garaipena, baina gehiengo osoa lortzeko aliantzak gauzatu behar ditu.

Boto zenbaketa ia amaituta zegoelarik, Hauteskundeen Institutu Federalak plazaratutako emaitzen arabera, PRIk botoen %36,81 bereganatu ditu, nabarmen atzean utzita PAN (%27,91), gaur egun agintean dagoen alderdia. PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdi ezkertiarra hirugarren indarra da, botoen %12,21 lortu dituelarik. Botoen %2kogutxieneko mailalortuta, hauek dira Legebiltzar federalean ordezkaritza izango duten beste talde politikoak: PVEM Mexikoko Alderdi Berde Ekologista (bozen %6,5), PT Lanaren Alderdia (%3,70), AN Aliantza Berria (%3,42) eta Convergencia (%2,51).

Botoa ematera deituak ziren 77 milioi hautesleetatik %43 joan dira bozkatzera; orain dela sei urte egin ziren bozetan %42 joan ziren. Nabarmentzekoa da boto baliogabeen kopurua %5,42 igo izana. Azken garaiotan, ezkerreko hainbat gizarte eragilek horrela jokatzera deitu ditu herritarrak, ohiko alderdi politikoen jokaerari arbuioa agertzeko.

Ororen buru, beraz, bederatzi urtean oposizioan jardutera behartua den PRIk gehiengoa izango du aurrerantzean Mexikoko Legebiltzarrean. Agintea galdu aurretik, 71 urtean -1929. urtetik 2000ra- etengabe boterean egon den zentro-eskuineko indar politiko horrek gehiengo erlatiboa dauka, baina absolutua lortzea ere ez du baztertzen beste alderdi batzuekin aliantza eratzea. Hala egin dezake PVEMko ekologistekin, horiekin dagoeneko ere aliantzak eginak baitauzka. «Beste aliantza batzuk osatzen saiatuko gara», adierazi du Beatriz Paredes PRIko buruzagiak, «Kongresuan eragin ahalik handiena lortzeko xedez ».

Calderonek elkarlanera deitu

Calderon presidenteak elkarlanerako deia zabaldu du. «Etsaigoz jokatzea baztertu behar da, eta indarrak batu, elkar aditze bat gauzatzeko gisan». Calderonen iritzian, elkar aditzeko eta elkarrekin jarduteko beharra dago herrialdeko ekonomia hazteko, lanpostuak sortzeko eta segurtasuna bermatzeko.

Hitz horiekin, Calderonek egun jasaten dituzten gaitz larrienak gogorarazi ditu. Herrialdeak gogor pairatzen du mundu osoko krisi ekonomiko larria, barne produktu gordina %6 gutxitzea aurreikusia baitago aurten, atzeraldia %8,2ra iritsi baita lehen hiruhilekoan, eta biztanleen ia erdiak pobre bizi baitira.

Narkotrafikoak eragindako indarkeria da Mexikok pairatzen duen beste arazo handibat.2006az geroztik 12.300 lagun inguru hil dira droga ekoizketa eta salketarako taldeek eragindako indarkeria dela eta. Calderonek lehentasunetan jarri du arazo horri aurre egitea, droga trafikanteen aurkako borrokan 36.000 soldadu jarrita. «Estatuaren eginkizunari tinko eutsi behar zaio», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.