Mexikoko Chiapas estatuko komunitate indigenen aurkako errepresioari erantzuteko asmoz eratu zuten Fray Bartolome de las Casas Giza Eskubideen Zentroa (Frayba), 1989an. Erakunde horretako kidea da Rosa Estela Rodriguez (San Luis Potosi, Mexiko, 1969), eta, bereziki, zaurgarritzat jotzen dituzten indigenekin eta laborariekin egiten dute lan; 25 urte daramatza han bizitzen. Euskal Herrian izan da berriki Rodriguez, Lumaltik Herriak gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta. Chiapasko iraganaz, orainaz eta geroaz mintzatu da BERRIArekin, Donostiako Kaxilda taberna barruan, liburuz inguratuta.
Nolako egoera dute indigenek?
Chiapasen bizi diren indigenen aurkako zapalkuntza erabatekoa da, eta haien aldeko eskubideek ez dute lekurik. Halaber, herritar asko exekuzioaren eta torturaren biktimak dira, eta kasuak areagotzen ari dira. Bide horretan, torturaren biktimen senideek, emakumeek, elkarte bat eratu dute; jo eta ke lanean dabiltza senideak espetxetik ateratzeko ahaleginean. Orain, gainera, beste auzi bat gehitu zaio egoera larri horri: krimen antolatua. Lur eremuak kontrolatzeko lehia horretan, delinkuentziak gora egin du izugarri. Funtsean, helburu bakarra dute: botere ekonomikoaren jabe egitea.
Indigenen oinarrizko eskubideak urratzen al dira?
Bai, noski. Gure presidenteak [Andres Manuel Lopez Obradorrek] esan arren Mexikon ez dagoela tortura kasurik eta giza eskubideen aldeko erakundeak ez direla beharrezkoak, urtetik urtera gero eta eskubide urraketa gehiago salatzen ditugu, hala nola hilketak eta desagertze behartuak. Mexikoko Estatua komunitate indigenen bizitza eta bakea urratzen ari da. Aspalditik ari gara arraza diskriminazio iraunkorra pairatzen. Gainera, giza eskubideen aldeko hainbat ekintzaile eta ekologista estatuaren jazarpena salatzen ari dira; erailak ere izan dira. Mexiko da munduko herrialderik arriskutsuena kazetarientzat.
Eta, bereziki, gehien sufritzen dutenak emakumeak dira, ezta?
Indigena eta emakume izateagatik, diskriminazio hirukoitza jasaten dute. Ez dute komunitateko gizonezkoek adina eskubide; esaterako, lur sailen ondasunak gizonek hartzen dituzte oinordetzan. Beraz, emakume bat bakarrik geratzen bada, ez du ez lurrik, ez lanik. Etxetik alde egitera behartuta daude, babesik gabe geratzeraino. Oso gogorra da.
Zapalkuntzaren testuinguru horretan, Mexikoko Gobernuak nola jokatu du?
Mexikoko eta Chiapas estatuko gobernuek ez dute esku hartzen afera horretan, argudiatuta ezin direla sartu komunitate indigenen ohituretan. Horregatik, oso zaila da gobernuaren parte hartzea gauzatzea, eta, bien bitartean, indarkeriarekin lotutako liskarrak areagotzen ari dira. Afera horren atzean, arrazakeria dago errotua. «Euren artean hiltzen ari dira, eta indigenek berek konpon dezatela arazoa». Hori da estatuko hainbat funtzionarioren jarrera. 1989az geroztik gobernuaren kolorea aldatu den arren, konpondu ez diren egiturazko arazo asko daude oraindik.
Zer leporatzen diozue gobernuari?
Arduragabekeriaz eta laxo jokatzen ari da indarkeria orokortuaren harira. Kriminalizazioak eta horrek eragindako segurtasunik ezak asko arduratzen gaituzte, eta uste dugu gobernuak arreta handiz jardun beharko lukeela gatazkari konponbidea eman ahal izateko, komunitate indigenetan jazotzen diren kasuak aintzat hartuz, adibidez.
Zer kontakizun eraiki du gobernuak Chiapasko lurraldearen eta ekonomiaren kontrola hartzea justifikatzeko?
Mexikoko Gobernuak programa sozialak bultzatu izan ditu, Chiapasko gizartea indartzeko asmoz, haren esanetan. Hala ere, biztanleria zokoratuta utzi dute: ez dute laguntzarik izan osasunean eta elikaduran, ezta hezkuntzan ere; atzerapen ikaragarria dago.
Eta indigenen hizkuntzei dagokienez, zer duzu kontatzeko?
Chiapasen, hamahiru hizkuntza indigena daude, eta, Fraybak lan egiten duen eremuetan, sei hizkuntza hitz egiten dira: tzotzila, tzeltala, tojolabala, chola, zoquea eta mama. Aspalditik, indigena asko euren mintzairan hitz egitearen beldur egon dira, jazarriak eta baztertuak izango zirelako. Hizkuntzak galbidean dauden arren, horiek biziberritzeko lanean dabiltza komunitateko hainbat ikastetxe, eta hizkuntza gutxituen aldeko aldarria gero eta ozenagoa da. Badira irakasle indigena batzuk euren hizkuntzan irakasten dihardutenak.
Chiapas, un desastre [Chiapas, hondamendia] txosten mardula aurkeztu zenuten maiatzaren 9an. Zertan datza?
Azken bi urteetan egindako ikerlana izan da, eta Chiapasen gertatzen ari denaren errealitatearen sintesi bat jaso nahi izan da, batez ere agintarien kontakizuna gezurtatzeko helburuarekin. Giza eskubideen urraketen kasu eta datu ugari bildu ditugu. Egoera benetan iluna den arren, ikerlanetik nabarmenduko nukeena zera da: komunitate indigenen artean dagoen itxaropena. Komunitatea zapalkuntzaren eta ahanzturaren aurka antolatzeari balio handia ematen diot, saretzen jarraitzen baitute aurrera egiteko.
Gobernua bi azpiegitura nagusi eraikitzen ari da Chiapasen: Tren Maia eta Korridore Transistmikoa. Estatua natura baliabideetan aberatsa izanik, zer-nolako ondorioak izango ditu?
Presidenteak behin eta berriz nabarmentzen du Tren Maiaren proiektu horrek garapena emango diola estatuari. Bada, garapena ez, baliabide naturalen ustiapena ekarriko du, lurraldeko ekosistemaren kalterako. Korridore Transistmikoaz ere gauza bera pentsatzen dugu, indigenek hornigaiak dituzten eremuetatik igarotzen baita; guztia suntsituko duen beldur dira. Halaber, pasabide hori, funtsean, industriala da, eta horrek kutsadura eragingo du.
Azken urteetan, armadak 140 bat kanpaleku ezarri ditu Chiapasen. Militarizazioak nolako oztopoak eragin dizkio komunitateari?
Kontraesanezko egoera bizi da Chiapasen: herriari segurtasuna bermatzea dute helburu, baina indigenen eremua militarizatu dute, Guardia Nazionala eta armada hedatzearen ondorioz. Frayba erakundea ez dago segurtasunaren aurka, baina ez gatoz bat militarrak leku guztietan egotearekin.
Eta oldarraldi horretan, nolako jokabidea hartu du EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak [1994an borrokari ekin zion]?
EZLNk bizitzaren aldeko karabana bat antolatu du duela gutxi, eta gu, noski, bat gatoz bizitza babestearekin; ez, ordea, heriotzarekin lotutako jardunarekin. Egitasmo hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Uste dut gai horretan EZLNren, nekazarien, indigenen eta erakundeen arteko batasun zabal bat lortu dela zapalkuntzari aurre egin ahal izateko, eta justiziaren eta bakearen alde jarduteko. Guztiok norabide berean goaz.
Ondorengo belaunaldiek nola dakusate Chiapasen geroa?
Etorkizun oparoa izango dugula esan ahal izateko, uste dut lan handia dagoela egiteko. Halere, nik konfiantza dut komunitateengan. Bizitzaren aldeko proiektuak bultzatu behar ditugu. Gazte asko helburu horrekin engaiatuta daude, batez ere San Cristobal de las Casas elizbarrutian eta EZLN armada zapatistan. Azken horretan, zehazki, gazte askok kargu garrantzitsuak dituzte. Hala eta guztiz ere, badira migratzen duten hainbat gazte ere, zeinak halabeharrez joan baitira bizimodu hobea izateko xedez. Beraz, gazteak komunitate indigenetan gera daitezen lan egin behar dugu, haiek izango baitira etorkizunean etsaiari aurre egingo diotenak.
Frayba Giza Eskubideen Zentroko kidea
Rosa Estela Rodriguez: «Mexikoko Estatua indigenen bizitza eta bakea urratzen ari da»
Chiapasen indarkeria areagotu den honetan «arduragabekeriaz eta laxo» aritzea egotzi dio Rodriguezek Mexikoko presidenteari. EZLNren, nekazarien, indigenen eta erakundeen arteko batasuna nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu