Mexikok Guardia Nazionala bidali du Guatemalako mugara

Lopez Obrador presidenteak jakinarazi du migratzaileen sarrera kontrolatzeko indar militar berriko 6.000 kide bidaliko dituela. Maiatzean 144.000 migratzaile atxilotu dituzte AEBetako mugan

Mexikok Guardia Nazionala bidali du Guatemalako mugara.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidentearen mehatxuen ondoren, mugetako kontrolak gogortzea erabaki du Mexikoko Gobernuak. Etxe Zuriarekin egindako bi bileraren ostean, Mexikoren eta Guatemalaren arteko mugara Guardia Nazionaleko 6.000 indar polizial eta militar bidaliko dituela adierazi zuen atzo Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak, azken asteotan muga zeharkatzeko helburuarekin ailegatu diren migratzaileak gelditzeko. AEBetako presidenteak eskatu dio Mexikori mugetako kontrolak «berehala» areagotzeko eta herrialdean asilo gehiago emateko errefuxiatuei. Trumpek joan den astean egin zion mehatxu herrialde horri, esanez hango produktuei %5 igoko dizkiela muga zergak hilero, baldin eta Mexikoko Gobernuak ez badu konpontzen baimenik gabe muga igarotzen duten etorkinen auzia.

Iazko urrian handitu zen AEBetara igaro nahi zuten migratzaileen kopurua, baina, oraingo honetan ere, migratzaile taldea gero eta indartsuagoa izaten ari da. Asteazkenean bertan, AEBetara ailegatu nahi zuen 420 migratzaileren karabana bat oztopatu zuen Mexikoko Poliziak. Egun berean, Mexikoko Gobernuak adierazi zuen ustez migratzaileekin trafikatzen zuten 26 lagunen kontu korronteak izoztu zituela. Egun hartan, 300 lagun inguru igaro ziren Mexikora Guatemalatik, eta Tapachularaino iristea zuten helburu. Guatemalako mugatik 40 kilometro eskasera dago Tapachula, baina iritsi baino lehen oztopatu zieten bidea poliziek, hogei kilometrora.

AEBetako mugara ailegatu diren paperik gabekoen gorakada etengabekoa da: datu ofizialen arabera, maiatzean 144.000 migratzaile baino gehiago atxilotu zituen mugan AEBetako mugako Poliziak; azken hamahiru urteotako kopururik handiena izan da hori, eta apirileko datuekin alderatuz gero, %32koa izan da igoera. Atxiloketa horiez gain, Mexikon 20.000 lagun baino gehiago hartu dituzte preso.

Zifra horiek kezkagarriak dira Trumpentzat, eta horregatik erabaki du Mexikoko Gobernua ahalik eta gehien estutzea. Muga zergen mehatxuaz gain, bi eskakizun egin dizkio AEBetako presidenteak Mexikori: batetik, asiloa duten pertsona gehiago hartzea herrialdean, eta, bestetik, «hirugarren herrialde segurua» izatea. Hirugarren herrialde segurua izatearen baldintza onartuko balu Lopez Obradorrek, AEBetan asiloa eskatutako errefuxiatuek Mexikon babes bera jasotzeko eskubidea izango lukete, eta, beraz, AEBek Mexikora bidali ahalko lituzkete errefuxiatu horiek mugara ailegatzean.

Lopez Obradorrek ezezko borobila eman die bi eskaera horiei, baina onartu du erabaki «zorrotzak» hartu beharko dituela muga zergen mehatxuari aurre egin ahal izateko.

Akordiorik gabeko bilerak

Egutegiari begira dago Mexikoko presidentea, datorren astelehenetik aurrera jarri nahi baititu Trumpek indarrean muga zergak. Herenegun bildu zen Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroa Mike Pence AEBetako presidenteordearekin eta Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariarekin, Etxe Zurian, baina ez zuten akordiorik lortu. Atzo, berriz, Lopez Obradorrek AEBei erantzun zien prentsaurreko batean, esanez dagoeneko migrazioaren auziari aurre egiteko lanean ari direla, eta «baikor» agertu zen muga zergen inguruan: «Kontzientzia oso garbi daukagu: gure ardurak betetzen ari gara. AEBei lagundu nahi diegu giza eskubideak urratu gabe eta muturreko irtenbideak erabili gabe». Esan zuen uste duela astelehena baino lehen lortuko dutela AEBekin akordio bat egitea. Gehitu zuen Guardia Nazionala ez dela migratzaileak kontrolatzeko soilik, baizik eta «herrialde osorako segurtasunezko plan nazional bat» dela martxan jarritakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.