Mexikok batzorde bat osatu du AEBekin hartu dituen konpromisoak betetzeko

Lopez Obrador presidenteak esan du «muga zergak saihesteko» sortu dutela batzordea. Guardia Nazionaleko militarrak hegoaldeko mugara iritsi dira

Hainbat migratzaile Guatemalako aterpetxe bateko atarian, herenegun. ESTEBAN BIBA / EFE.
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mexikoko Gobernuak amore eman behar izan die azken egunotan AEBek egindako adierazpenei eta exijitu dizkion neurriei. Atzo Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak egindako prentsaurreko batean esan zuenez, haren gobernuak plan berezi bat jarriko du martxan, AEBek eskatu dizkioten «konpromisoak» betetzeko eta, modu horretan, «muga zergak ezartzea saihesteko». Presidenteak adierazi zuen «bidegabeak» direla neurri horiek, eta AEBek eman dien denbora tarte horretan Mexikok lortu beharko duela «garapenaren eta ongizatearen bitartez» migratzaileen krisia «leuntzea». Marcelo Ebrard Atzerri ministroa izango da taldeko burua, eta atzo defendatu zuen Mexiko ez dela ari AEBek «exijitutako» egiten. Esan zuen batzordearen osaera Mexikok Trumpen gobernuari egindako proposamena dela. Presidenteak, berriz, azaldu zuen «segurtasuna, lana, kanpo harremanak eta politika soziala» jorratuko dituela batzorde horrek.

Lantalde berezi horren berri emateaz gain, Lopez Obradorrekjakinarazi zuen atzo iritsi zirela Guardia Nazionaleko kideak Mexikoren eta Guatemalaren arteko mugara. Joan den ostegunean adierazi zuen migratzaileen sarrera kontrolatzeko indar militar berriko 6.000 kide bidaliko zituela. Halaber, ostiralean Ebrardek adierazi zuen prentsaurreko batean «lurralde osora» hedatuko dituztela soldadu horiek.

Ostegunean, akordio bategin zuten Donald TrumpAEBetako presidenteak eta Mexikoko Gobernuak. Zortzi eguneko negoziazioen ondoren, Mexikoren eta AEBen arteko «mugako sarrera guztiak kontrolatzera eta erregistratzera» konprometitu zen. Bi neurri horiekin, bertan behera geratu zen Trumpek maiatzaren 31n egindako mehatxua: Mexikori esan zion hangoproduktuei hilero %5 igoko zizkiela muga zergak baldin eta AEBetara ailegatzeko xedearekin Mexikoko mugan dauden migratzaileen kopurua jaisten ez badu.

Herenegun, baina, Ebrardek prentsaurreko bat eman zuen negoziazioaren nondik norakoak xeheago azaltzeko, eta esan zuenMexikoko Gobernuak 45 egun dituela migratzaileen kopurua jaisteko: «Erakuts dezagun gai garela 45 egunean denon artean helburu hori lortzeko». Mexikoko presidentea ere baikor azaldu zen: «Optimista nago. Ziur nago ez dela inongo errepresaliarik egongo, ez baitiegu horretarako arrazoirik emango». Uztailean egingo duten ebaluazioan AEBek frogatzen badute Mexikok ez dituela bete eskatutako helburuak, negoziazioei helduko diete berriro ere, eta, Mexikori «hirugarren herrialde segurua» izatea exijitzeaz gain, muga zergen auzia mahai gainean jarriko lukete.

Ostiralean lortutako akordioaren nondik norako guztiak argitara eman dituztela baieztatu du Mexikoko Gobernuak, baina herenegun Trumpek nabarmendu zuen badirela jakinarazi ez dituzten zenbait alderdi. «Laster jakinaraziko dugun zerbaiten inguruko akordio bat dugu. Dena eginda dago. Dena eginda dago muga zergei eta Mexikori dagokien heinean», esan zuen Trumpek Etxe Zurian egindako agerraldi batean, zeri buruz ari zen zehaztu gabe. Ebrardek baieztapen horiek gezurtatu zituen atzo, berriz ere: «Ez dago azaldu ez dugun beste akordiorik». Baina Trumpek are gehiago xaxatu zuen Mexiko Twitter bidez, eta azaldu zuen ostiralean esan ez zuten zerbait egitera konprometitu dela Mexiko; AEBak urte askoan lortzen saiatu diren akordio batdela aurreratu zuen Trumpek.

Aktibisten atxiloketak

Bien bitartean, gero eta gogorragoak izaten ari dira Mexikoren eta Guatemalaren arteko mugakokontrolak. Joan den asteazkenean, Pueblo Sin Fronteras gobernuz kanpoko erakundeko bi kide atxilotu zituen Mexikoko Poliziak. Migratzaileen eskubideen aldeko erakunde horrek karabanei laguntzen egiten du lan, batik bat. Tapachulara eraman zituzten atxiloturik, eta leporatu zieten migratzaileak modu ilegalean leku batetik bestera eramatea, diruaren truke. Pueblo Sin Fronterasek gogor kritikatu zuen atzo prentsaurreko batean Mexikoko Gobernua: «Mexikoko Gobernuak bi kide horiek atxilotu ditu AEBetako Gobernuari garaikur moduan aurkezteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.