Komunitate zapatistak azkenaldian giza eskubideen aurkako erasoen jomuga direla salatu dute hainbat ekintzaile eta erakundek. Mexikoko eta Chiapasko gobernuak komunitate indigenak euren inguruneetatik botatzen ari dira, hango lur eta erreserba naturalak bereganatzeko asmoz. Turismoa indartzea da, horien esanetan, indigenak erasotzeko baliatzen duten argudioa. Indigenak beste toki batean ostatu ematearekin limurtzen dituzte, baina agindutako etxeak gehienetan ez dituztela ikusi ere egiten salatu dute. Herrialdera bisitari gehiago erakartzeko xedeak, ordea, ezkutuko beste asmo bat dakarrela diote: azken urteetan, eta batez ere 2007. urtetik hona, komunitate zapatisten aurkako erasoaldia mugimendua bera indargabetzeko ez ote den ohartarazi dute.
Adibideak asko dira, baina Bolom Ajawa herrian jazotakoa da oraintsukoa. Urtarrilaren 20an, aihotzak eskuetan, Montes Azules aldean dagoen herrian azaldu ziren paramilitarrak. Helikopteroetan indarrez sartu zituzten herritarrak, eta Palenquera eraman zituzten gehienak, etxe berria emango zietela hitzemanda. Tarte horretan, baina, indigenek urteetan eraikitako etxeak erre zituzten paramilitarrek, itzultzeko asmorik izatekotan zapuzteko.
Jazarpena eta izua
Gaur-gaurkoz Palenquen jarraitzen dute euren herrialdetik kanporatutakoek; oraindik ere ez dute agindutako etxerik ikusi. Palenquera iritsi zirenean oso tratu txarra jaso zutela jakinarazi dute; galdekatu egin zituztela eta horren ostean inguru hartan droga trafikoan aritzea leporatu zietela. Bolom Ajawako komunitateak zapatisten segurtasunerako lerroa osatzen du, inguruko beste hainbat komunitatek bezala. Hainbatetan eraso zuzenik egin ez, baina indigenei jazarri egiten dietela salatu izan dute; askotan, helikopteroak ibiltzen dira inguruan, herritarrengan izua zabaltzeko beste asmorik ez dutela.
REDPAZ bakearen aldeko sarearen arabera, Bolom Ajawan jazotakoak zerrenda luzea ekar dezake atzetik; Ocosingo herriko Laguna El Suspiro eta Laguna San Pedro komunitateetan Bolom Ajawakoaren antzekoak gertatu dira, baita Mitziton herrian ere. Azken honetan Jainkoaren Armada Arrano Hegalak talde paramilitarrak bertako kide bat autoz harrapatu eta hil egin zuela adierazi dute. Aipatutakoak polizia operazioak jasaten lehenak izan badira ere, Gobernuaren asmoa zabalagoa dela ohartarazi du REDPAZek, eta beste hainbat komunitate zapatista autonomo ere arriskuan daudela.
OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen herrialde independenteetako herri indigenen inguruko 169. ebazpena dauka oinarritzat REDPAZek. Jatorrizkoa duen eremuan bizitzeko eskubidea ematen dio testuak gizabanakoari, eta hala izateko betebeharra ezarri agintari denari. Montes Azulesko biztanleek, beraz, euren lurretan bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen du erakundeak, eta nazioarteko hitzarmena bete dezan galdegiten dio Gobernuari.
Bake hitzarmena
Mugimendu zapatistak 1994an hasi zuen ibilbidea borroka armatuari loturik; hainbat herri okupatu eta komunitate autonomoak aldarrikatu zituen. Los Caracoles dira egun komunitate autonomoetako eskualde antolaketak -Aguascalientes izena zuten lehen-; bost daude orotara, eta haietan 29 herri autonomo daude -MAREZ Herri Autonomo Matxinoak-. 2003an eratu zen sistema hau, eta komunitate bakoitzaren sarreran irakur daiteke aldarrikatzen duten filosofiaren leloa: Hemen herriak agintzen du eta gobernuak obeditzen.
EZLNk nekazaritzari eta lurren ustiapenari loturiko borroka isilari ekin zion. Gaur-gaurkoz zapatistek ez darabiltzate armak helburu politikoetarako; 1996tik, Mexikoko Gobernuarekin San Andresko hitzarmena sinatu zutenetik, urte hauetan guztietan euren estrategiara jendea biltzeko ahalmena, antolakuntzarako gaitasuna eta hitza bera izan dira mugimendu zapatistak erabili dituen arma nagusiak. Bake hitzarmenak prozesu luze eta korapilatsua utzi zuen atzean. Herri autonomoen paradigma hitzartu zuten bi aldeek, OITren 169. ebazpenean jasotzen den legez. Herri indigenei gobernu eta aginte era erabakitzeko aukera ematen zitzaien bertan, besteak beste. Edonola ere, gobernu era aukeratzeko ahalmena eskumen handia izanik ere, herri gisa antolatzeko gaitasuna zen garrantzitsu mugimendu zapatistarentzat une horretan: baliabide naturalak ustiatu ahal izatea, kultura garatu ahal izatea, hizkuntza indigenak irakasteko aukera izatea... Baina guztien gainetik, beharbada, 1994an borrokatzera eraman zituzten zio nagusietako bat gailentzen da: jatorrizkoak zituzten lurrak eskuratzeko eta defendatzeko eskubidea. San Andresko Akordioan jasotako konpromiso hori urratzeak jarri du, hain zuzen ere, arriskuan uneotan mugimendu zapatistaren ingurunea.
Giza eskubideen egoera
Mugimendu zapatistak, agian berak jakin barik ere, giza eskubideen aldeko jarduera etengabea darama aurrera, bere herriaren aldekoa. Inor gutxik esan dezake gaur egun giza eskubideak defendatzea ariketa arriskutsua izan daitekeenik; AI Amnesty International, ordea, uste horretan da, bai bederen Mexikoz arituz gero. Giza eskubideen urraketak aztertu ditu nazioarteko erakundeak Justizia eta Berdintasuna galdeginez: giza eskubideen defendatzaileak Mexikon txostenean. Hilketak, atxiloketak, bortxaketak, larderia, jazarpena... Mexikon giza eskubideen urraketak askotariko aurpegiak dituela ondorioztatu du, hain zuzen, nazioarteko erakundeak txostenean. Salatu du urraketa horien atzean agintari eta goi kargudunak daudela maiz. NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Defendatzaileen Inguruko Adierazpenaren bigarren artikulua aplikatzea zailtzen du horrek; horren arabera, estatuek ekintzaileen jarduera aurrera eraman ahal izateko behar besteko baliabide jarri behar ditu eskuragarri. Alabaina, urratzailea Estatua bera denean, giza eskubideen ekintzaileak gaizkile hutsak besterik ez dira.
Auziak ikertzeko nahikoa ahalegin ez duela egiten ere leporatu dio AIk Mexikori. Estatuko segurtasun indarrek gehiegikeriak egiten dituztenean ikertzeko agindu behar dute, baita gizabanakoen eskutik izaten direnean ere. Nazioarteko hitzarmenen arabera, Estatuak ez badu horrela jokatzen, delituaren errudun bilakatzen da eta Mexiko zigortu egin beharko lukete, AIren irudiko. Jazarpena tamalez, Chiapasen bakarrik ez, herrialde osoan izaten dela deitoratu du AIk.
Daniel Luna.Sozialismoaren Aldeko Borroka Fronte Nazionaleko kidea
Giza eskubideen aldeko ekintzaile izateagatik, jazarpena oso gertutik bizi du Daniel Lunak; aldaketarako benetako unea iritsi ez bada ere, esperantzari loturik jarraitzen du.
«Chiapasek zorigaitz bikoitza du, oso aberatsa izanik ere oso pobrea delako»
A. Rodriguez.Giza eskubideen alde jarduten duten ekintzaileak jopuntuan daude Mexikon; gizabanakoen mesedetan lanean ari diren boluntario gisa hartu beharrean, zelula armatuekin lotzen ditu Gobernuak. Daniel Luna (Mexiko Hiria, 1961) FNLS Sozialismoaren Aldeko Borroka Fronte Nazionaleko kidea da eta, horregatik, jazarpena bere larruan sufritzen du. Europan dabil, sufritzen duten egoeraren berri emanez. Komite Internazionalistak gonbidatuta, Euskal Herrian da aste honetan.
Sozialismoaren Aldeko Borroka Fronte Nazionalekoa zara. Zein egiteko du mugimendu horrek?
Fronteak 80ko hamarkadan ditu erroak. Mexikon gerra zikina amaitu zen urteak ziren, eta frontera batutako jendea lehena izan zen sozialismoaren bandera aireratzen. EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak 1994an ezkerra bateratzeko ahalmen handia erakutsi zuen, baina tamalez hainbat akats egin ziren garai haietan, tartean hauteskunde lehian sartzeko ahaleginean. Mugimendu handi hura galbidera eraman zuen horrek.
Vicente Foxen garaian, egoeraren larriaz, alarma gorriak piztu genituen, bateragarria izango zen gune bat eraikitzeko eztabaidatzen hasi ginela. Ondorioztatu genuen, lehenik, pil-pilean zegoen kapitalismoaren aurkako ideiari alternatiba bat eskaini behar geniola eta, bigarrenik, prozesu bateratzailea izan behar zela. Mugimendu horri Sozialismoaren Aldeko Borroka Fronte Nazionala izena jarri genion.
Borroka sozialak zein egoeratan dira orain Chiapasen?
Frontean batzen garen mugimenduak oso bestelakoak gara gure artean. Badago, esaterako, Emiliano Zapata erakundea, ia 40 urteko antzinatasunarekin; nekazarien eremuan esperientzia handia bildu du orain arte. Bestalde, Roxa Luxenburg emakume ikasleen erakundea ere badago, urtebeteko iraupena besterik ez duena. Hirira ikastera iristen diren emakume indigenak batzen ditu.Agerikoa da mugimenduen aniztasuna, bakoitzaren oinarriak hainbat tokitatik datozelako. Hori hala izanik, mugimenduak sendotzeko momentuan gaude orain, borroka guztiak Chiapasen koordinatzeko ahaleginean. Uste dugu gutxi gorabehera lortu egin dugula.
Montes Azulesko komunitate zapatisten egoeraz ohartarazi duzue. Gobernuak herrixkak hustu egin ditu, gune turistikoa eraikitzeko asmoz...
Chiapasek zorigaitz bikoitza du tamalez, oso estatu aberatsa izanik ere oso behartsua delako. Mexikoko bioaniztasun handiena duen alderdia da Chiapas. Aberastasun horrek dakartza gurera enpresa multinazionalen kolonizazio nahiak. Montes Azules altxor bat da. Biologia Gune Mesoamerikarra sortu nahi dute han, turismoari ateak irekitzeko. Noski, indigenak traba dira proiektu hori gauzatzeko. Eraso oldeak antolatzen dituzte, eta askotan muturreraino ere eramaten dituzte.
Zein da giza eskubideen egoera?
Giza eskubideen urraketa orokortua dago Chiapasen. Herriak benetako beharrak ditu, baina ez dituzte entzun nahi. Giza eskubideen aldeko mugimenduak, alde horretatik, baliagarriak izan gara, protesta bideak erabil daitezkeela ohartarazteko, eta, ondorioz, oztopo bat gara enpresa multinazionalentzat. Horregatik, giza eskubideen inguruan aritzen direnak benetako gaizkileak dira, eta kriminalizazio kanpaina bortitzak abiatzen dituzte uste hori zabaltzeko.
Zu zeu jazarpenaren jopuntuan zara...
Chiapasen lotsagarria da helburu politikoetarako hedabideak nola erabiltzen diren. Kriminalizazio kanpaina horren barruan, erreportaje basatiak egiten dituzte nire aurka eta nirekin lanean dihardutenen aurka. Jazarpena etengabea da; poliziak etxe aurrean izaten ditugu gau eta egun. Nabarmen uzten dute zure atzetik dabiltzala, beldurra hezurretaraino sartzeko. Gure kasuan, jazarpena urteetan sufritu baldin badugu ere, maiatzetik hona askoz bortitzagoa suertatzen ari da. Poliziaren txosten batean zelula armatuekin lotu nahi izan gaituzte. Pentsa, niri tanke bat izatea ere leporatzen didate. Zentzugabea da guztiz. Okerrena da kideak hiltzera ere iritsi direla, eta zurekin ere horixe bera egin dezaketela ezin duzu burutik kendu.
Giza eskubideak behar bezala errespetarazteko, zer-nolako aldaketak beharko lirateke?
Mexikon errotiko berregituratze bat behar da. Egoera guztiz gaiztotua dago. Narkoestatu batean bizi gara gaur egun, Justiziaren eremutik datozen neurriak ere errespetatzen ez direlarik. Ez du ez hankarik, ez bururik. Ez dira bakarrik giza eskubideak, are oinarrizkoagoak diren kontuez ari gara. Horregatik diot ez litzatekeela nahikoa aldaketarekin, baizik oinarritik gauzatutako berreraikuntza behar duela Mexikok.
Aurten Mexikoko Iraultzaren mendeurrena ospatzen da. Aldaketarako zantzurik ikusten al duzu?
Une hauetan ez. Ehun urte dira iraultza izan zenetik, baina 200 AEB Ameriketako Estatu Batuetatik independente garenetik. Baina nik galdetzen dut: zer-nolako independentzia? Inoiz ez gara horren menpeko izan eta! Iraultzarekin ere gauza asko eta asko lortu ziren, baina gaur egun neurri horiek ez dira betetzen. Orduan, zer dugu ospatzeko? Nire ustez, ezer ere ez. Ikusten dut, gainera, oraintxe ez dugula ahalmenik guztiok batera taxuzko mugimendu bat aurrera eramateko. Orain ez, behintzat. Momentu hori iristeko esperantzari eutsita egiten dugu egunerokoan aurrera, eta inoiz lortuko dugula seguru gaude.