Metsolak erreforma «sakona» iragarri du europarlamenturako

Ganberako presidenteak esan du tramite legegile «guztiak» berrikusiko dituztela, Qatarrekin lotutako ustezko ustelkeria aferarengatik: «Beharrezkoa izango da konfiantza berreraikitzea»

Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsola, atzo, prentsaren aurrean, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak hitzeman du ganberako tramite legegile «guztiak» berrikusiko dituela, Qatarrekin lotutako ustezko ustelkeria kasuak erakundea zipriztindu duen honetan. «Qatargate auziko akusazioak kaltegarriak dira Europarentzat eta erakundea ordezkatzen dugun guztiontzat», esan zuen atzo. Era berean, horrelakorik errepika ez dadin, erreforma «sakona» egingo dutela jakinarazi zuen, jokabide kodea eta garatzeko bidean diren herrialdeekiko elkarreraginak berrikusteko. Haren hitzetan, erreforma sorta horren helburua da, besteak beste, ustelkeria salatzaileen babesa indartzea, eurodiputatu ohiei parlamentuko aretoetarako sarbidea kentzea, gardentasun erregistroa nahitaezkoa izatea, eta atzerriko gobernuak salbuetsita egoteari uztea. Espero du erreforma datorren urte hasierarako prest egotea.

Metsolak kazetarien aurrean egindako agerraldian nabarmendu zuen beharrezkoa izango dela «konfiantza berreraikitzea» eta «hutsegiteak zuzentzea»: «Mezu indartsu bat bidaltzen diegu gu ahultzen saiatzen ari direnei». Eta ziurtatu zuen europarlamentuak «berehala eta erabateko lankidetzarekin» erantzun diola Belgikako agintarien eskaera bakoitzari. Aldi berean, luparen pean dauden tramiteez gain, hala nola qatartarrei bisak emateko salbuespena eta EB Europako Batasunaren eta Doharen arteko abiazio akordioa, ganberak «guztia berrikusiko du», gerta daitekeen «edozein presio edo eragin bidegabe» atzemateko. Bide horretan, Europako Parlamentuak ustelkeriaren aurkako ebazpen bat onartu zuen atzo; besteak beste, organo etiko independente bat eratzeko.

Belgikako Fiskaltzaren aginduz, Poliziak lau lagun atxilotu zituen joan den ostiralean, Qatarrekin lotutako ustelkeria delitu bat egotzita. Europako Parlamentuko presidenteordeetako bat, Eva Kaili, zegoen horien artean, eta ganberak kargutik kendu zuen iragan asteartean. Bada, Bruselako Lehen Auzialdiko Epaitegiak herenegun erabaki zuen haren auzi saioa datorren ostegunera atzeratzea, eta, beraz, behin-behinean espetxean jarraituko du, baita haren bikotekide eta Europako Parlamentuko aholkulari Francesco Giorgik eta Pier Antonio Panzeri Europako Parlamentuko kide ohiak ere; Italiako GKE gobernuz kanpoko erakunde bateko buru Niccolo Figa Talamancak, aldiz, ez —besoko elektronikoa ezarri diote—.

Hain justu, Metsolaren esanetan, Qatargate aferan lotura izan duen GKEak «11 pertsona» zituen erregistratuta parlamentuan, «presioa egiteko».

Fiskaltzaren arabera, Qatarrek «diru ugari eta opari esanguratsuak» eskaini dizkie ganberako zenbait kideri, erakunde horren erabakietan eragina izateko. Ustelkeria, dirua zuritzea eta erakunde kriminal batean parte hartzea leporatzen diete Kailiri eta beste hirurei. Hain justu, sozialista greziarraren bikotekide Giorgik «erruduntzat» jo zuen bere burua herenegun, Poliziaren eta epailearen aurrean, Le Soir Belgikako egunkariak atzo jasotakoaren arabera.

Aholkulariak, halaber, beste bi eurodiputatu sozialdemokrata ere seinalatu ditu: Marc Tarabella belgikarra —haren etxea miatu zuten ikerketaren harira, baina aske geratu da— eta Andrea Cozzolino italiarra —Giorgik haren laguntzaile gisa lan egiten zuen—.

Panzeri, ustezko burua

Gainera, Europako Parlamentuko aholkulariak auziaren burutzat jo zuen Panzeri. Poliziak hamasei etxe miatu zituen iragan ostiralean Bruselan, eta sarekadan 700.000 euroz betetako poltsa bat eta zenbait ordenagailu eta sakelako konfiskatu zituen. Panzeriren emaztea eta alaba atxilotu dituzte Italian, eta Belgikak haiek entregatzeko eskatu du.

Le Soir egunkariak gaineratu zuenez, Giorgik ez du Maria Arena europarlamentari belgikarra seinalatu. Oraingoz, ez dute Polizia operaziorik abian jarri haren aurka, baina Giorgik jakinarazi zuen ganberan parte hartu duen bat ere auzian zipriztinduta dagoela. Bestalde, Kailiren abokatu Mikhalis Dimitrakopulosek atzo adierazi zuenez, EBko diplomaziaburu Josep Borrellek eta Europako Batzordeko Barne komisario Ylva Johanssonek jarri zuten abian 2019an Persiar golkoko herrialdetara joateko plana, eta Kailik bide horri heldu zion; besteak beste, Qatarrekin eta Kuwaitekin elkarlanean aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.