Muturreko gertakari meteorologikoek eta klima larrialdiak meteorologiarekin lotutako hondamendiak boskoiztu egin dira azken 50 urtean. Horien ondorioz, bi milioi pertsona hil dira eta 3,64 bilioi dolarreko galerak izan dira nazioartean 1979 eta 2019 urteen artean, hala jasotzen du gaur WMO Munduko Meteorologia Erakundeak argitaratutako txostenak.
Dokumentuaren arabera, aipatu urteen artean, 115 pertsona hil eta 202 milioi dolarreko galerak izan dira egunean, bataz-beste. Lehorte eta eurite gogorrak izan dira hildako gehien utzi dituztenak, eta ekaitzak eta uholdeak kalte ekonomiko handienak eragin dituztenak. Horrez gain, txostenak zehazten du heriotzetatik %91 garapen bidean dauden herrialdeetan gertatu zirela.
Ikertutako mende erdian muturreko fenomenoek eragindako hildakoak hirukoiztu egin ziren. Hala ere, adituek ohartarazi dute erakundeko 193 kideetatik soilik erdiek dutela arrisku anitzeko alerta sistema bat, eta hutsune handiak daudela Afrikako, Latinoamerikako, Ozeano Bareko eta Asiako zenbat herrialdeetako zaintza meteorologikorako sistemetan. «Alerta goiztiarreko sistemei esker, gutxiago dira azken urteetan hildakoak, Baina, aldi berean, arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora egin du gune arriskutsuetan bizi direnen kopurua ere handitu egin delako», azaldu du Mami Mizutorik, Hondamendiak Murrizteko Nazio Batuen Bulegoko zuzendariak.
Kontinenteka Afrikan kokatu ziren urarekin eta meteorologiarekin lotutako hondamendietatik %15, baita heriotzen %35 eta galera ekonomikoen %1 ere. Han uholdeak izan ziren gehien errepikatutako gertaerak —%60 inguru—, baina lehorteek eragin zituzten hildako gehien, %95. Erregistratutako hondamendietatik %31 jakinarazi zituen Asiak, heriotzen %47 eta galera ekonomikoen %31. Hego Amerikan uholdeek eragin dituzte hondamendien %90, eta Amerika iparraldean eta erdialdean, berriz, %18. Europan muturreko tenperaturak izan dira heriotza gehien eragin dituztenak, %93.
Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek ohartarazi du klima larrialdiaren ondorioz maizago gertatuko direla halako hondamendiak datozen urteetan. «Horrek esan nahi du azken urteetan Europan eta Amerika iparraldean ikusi ditugunak bezalako lehorte, uholde eta suteak ohikoagoak bilakatuko direla. Ur lurrun gehiago dago atmosferan eta horrek handitu egiten du eurite handien eta uholdeen arriskua. Ozeanoen berotzeak zuzeneko eragina izan du ekaitz tropikalen maiztasunean eta eremuetan», nabarmendu du Taalasek.
Eragileak
Adituen arabera, ez dago argi lehorteetan gizakiaren eragina zenbaterainokoa den, besteak beste, fenomeno meteorologikoekin oso lotuta daudelako zenbait kasutan. Baina 2016 eta 2017 urteetan Afrika ekialdean izandako ur eskasia arazoetan zerikusia handia izan zuen Indiako Ozeanoko tenperaturak igo izanak, eta horretan eragina izan zuen gizakiak.
Dokumentuak jasotzen duenez, gero eta ikerketa gehiago dira ondorioztatzen euri jasen maiztasunean ere eragina duela gizakien esku-hartzeak. «Hondamendiak murrizteko ahaleginik ez egiteak are gehiago zailtzen du garapen bidean dauden herrialdeen bidea. Estatuek, batez ere aberatsek, eskuragarri jarri behar dute alerta sistema goiztiarra», nabarmendu du Mizutorik.