Behin betiko emaitzen zain, badirudi iritzia aho batezkoa dela Bolivian: urtebeteren ostean, MAS Sozialismorako Mugimendua agintera itzuliko da. CC Komunitate Herritarreko presidentegai Carlos Mesak ere hala uste du, Luis Arceren «lehen itzuliko garaipena sendoa» izan delakoan; hau da, Mesak, aurten behintzat, ez du lehia gehiagorik espero bozkalekuetan. Hortaz, bien arteko tartea zenbatekoa izan den, hori geratuko litzateke jakiteko. Lehen itzulian irabazteko, botoen erdia baino gehiago edo botoen %40 eta bigarrenarekiko hamar puntuko aldea lortzea da beharrezkoa, eta herenegun gaueko inkestek %52ko babesa aurreikusi zioten MASeko hautagaiari.
Iritzia aho batezkoa den arren, gau nahasia eta luzea izan zen igandekoa Bolivian. Izan ere, inkestak eta bozetako lehen emaitzak ez zetozen bat lehen orduetan. Hauteslekuetan egindako inkesten arabera, Mesak botoen %31,5 eskuratu lituzke, eta, hirugarrena, berriz, Creemos hautagaitzako Luis Fernando Camacho litzateke, botoen %14,1 lortuta.Behin-behineko lehen emaitzek, ordea, bestelako irudi bat utzi zuten: lerro hauek idazterako, eta botoen %26,4 zenbatuta, Mesa litzateke garaile, bozen %39,9 eskuratu ondoren, eta Arce bigarrena, botoen %38,9rekin.
Halere, zenbaketak aurrera egin ahala, bi hautagaien arteko aldea txikituz joan zen, eta boto guztiak kontatzerako bien arteko diferentzia handitzea espero da, Arceren mesederako; Mesak berak Twitter bidez aitortu zuen porrota, atzo. MASeko hautagaia, berriz, baikor agertu, eta «demokrazia berreskuratzen» ari zirela berretsi zuen, inkesten aurreikuspenak ontzat emanez: «Demokrazia berreskuratu dugu, baita itxaropena ere. Boliviar guztientzat aginduko dugu, eta batasun nazionaleko gobernu bat eraikiko».
7,3 milioi herritar deitu zituzten botoa ematera igandean. Botoen kontaketa luze jotzen ari da, eta gaurko espero dituzte behin betiko emaitzak, aktak atzerapen handiarekin iritsi baitziren Hauteskundeen Auzitegi Gorenera. Auzitegiak bozen bezperan utzi zuen bertan behera kontaketa azkarraren sistema; kontaketa horren arabera, Arcek lortuko luke garaipena, lehen itzulian.
Inkesta argitara eman baino ordu batzuk lehenago, Evo Moralesek berak esan zuen MASek irabazi egin zuela bi ganberetan, eta emaitzen atzerapena horrekin lotuta zegoen «susmoa» adierazi zuen Buenos Airestik. «Zalantzarik gabe, gaurkoa [atzokoa] egun historiko bat da, boliviarrek demokrazia lezio bat eman dute, herriak aurre egin dio estatu kolpeari, de facto-ko gobernuari, bi sarraskiri, pandemia bati, ustelkeriari, hauteskundeen atzeratzeari eta inoizko ekonomia krisirik larrienari», esan zuen Moralesek. Bide batez, presidente izandakoak Boliviara itzultzeko asmoa jakinarazi zuen: «Denbora kontua da». Uneotan haren aurkako atxilotze agindu bat dago indarrean, egun agintean den gobernuak «genozidioa, terrorismoa eta sedizioa» egotzi baitizkio.
Jeanine Añez jarduneko presidenteak ere zoriondu zituenMASen hautagaiak, eta eskatu zien gobernatzeko orduan gogoan izateko «Bolivia eta demokrazia». «Dauzkagun datuekin, Arce jaunak eta [David] Choquehuanca jaunak irabazi dituzte bozak», idatzi zuen Twitterren.
Kuba eta Venezuela, pozik
Nazioartean isiltasuna izan zen nagusi atzo. Amerikako Estatuen Erakundeak soilik nabarmendu zuen «baketsua» izan zela hauteskunde eguna, baina ez zuen hitzik egin Arceren balizko garaipenaz. Aldiz, Kuba eta Venezuelako gobernuek, MASen gertukoak biak, ontzat eman zituzten inkesten emaitzak, eta adierazi zuten «estatu kolpearen aurkako garaipena» izan zela. Antzera jo zuten Alberto Fernandez Argentinako estatuburuak eta Luiz Inacio da Silva Brasilgo presidente ohiak ere. Azken horrek ontzat eman zituen inkesten aurreikuspenak, eta Morales zoriondu zuen sare sozialetan, eta nabarmendu zuen «urte zail baten ostean demokrazia itzuli» dela Boliviara.
2016an hasi zen Moralesen gainbehera, beste behin presidentetzara aurkeztu ahal izateko Konstituzioa aldatzea proposatu zuenean. Erreferendumean, baina, herritarrek ezezkoa eman zioten proposamenari. MASek, ordea, «manipulazioa» egin zela salatu, eta aurrera egin zuen hautagaitzarekin.
Iazko urrian, presidentetzarako bozak egin zituzten Bolivian, eta Morales gailendu zen. Oposizioko alderdi nagusiek, ordea, iruzurra salatu zuten. Moralesek dimisioa eman zuen, eta herrialdetik ihes egin zuen, armadak estu hartuta. «Estatu kolpea» salatu zuen. Añez oposizioko senatariak hartu zuen estatuaren gidaritza. Herrialdeko behin-behineko presidente izendatu zuten, hauteskundeak egin artean.
Mesak ere aitortu dio garaipena
MASeko presidentegai Luis Arcek jaso du boto gehien Boliviako bozetan, behin-behineko emaitzen eta zundaketen arabera. Evo Moralesek adierazi du herrialdera itzuliko dela: «Denbora kontua da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu