Bloke kontserbadoreak irabazi ditu Alemaniako hauteskundeak, eta Friedrich Merz buru duen CDU-CSU taldeak (Batasun Kristau-Demokrata eta Batasun Sozial Kristauak) nahikoa izango du SPD Alderdi Sozialdemokrataren babesa gobernua osatzeko. Botoen %28,5 eskuratuta, 208 eserleku edukiko ditu bloke kontserbadoreak Bundestagen. Horiei SPDk lortutako 120 ordezkariak batuta —botoen %16,5—, gehiengo osoaren langa gaindituko lukete: koalizio hori osatuko balitz, 328 eserleku edukiko lituzke, eta gehiengo osoa lortzeko 315 behar dira. Hori da Merzek, gaur esan duenez, kantziler kargura iristeko hartu nahi duen bidea: «Sozialdemokratekin koalizioa osatu nahi dugu».
Kontserbadoreen liderrak atea itxi dio AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrarekin gobernua osatzeari. AfDren gorakada «ohartarazpen bat» dela esan du gaur emandako prentsaurrekoan, Alemaniako «zentro demokratikoko» alderdiak ados jartzeko «azken abisu bat». Horregatik, espero du elkarrizketa «eraikitzaileak, onak eta azkarrak» izatea alderdi sozialdemokratarekin. Eta, atzo gauen aurreratu bezala, Aste Santurako gobernu berria osatzeko asmoa duela berretsi du. Kontserbadoreen kantzilergaiak bere lehentasunen berri ere eman du: defentsa eta atzerri politikak, migrazioa eta ekonomia bihurtu nahi ditu datorren agintaldiko ardatz.
Merzek hitza betetzen badu, AfD izango da aurrerantzean oposizioko alderdi nagusia. Botoen %20,8 eta 152 eserleku lortu ditu eskuin muturreko taldeak, 2021eko bozetan lortutakoak halako bi ia. Alderdi horretako buru Alice Weidelek babes hesia «desagerrarazteko» deia egin du gaur emandako hitzaldian: «Blokeo horren ondorioz, CDUk politika egin beharko du ezkerrarekin, sozialistekin. Eta hori boto emaileek nahi dutenaren aurkakoa da». Bozen emaitzei erreparatuta, bi talde nabarmentzen direla gehitu du: «CDU eta AfD». Weidelen hitzetan, horrek erakusten du alemaniarrek beste bide bat hartu nahi dutela politikan, eta alderdi ultraeskuindarrarekin baino ez dela lortuko hori. Gainera, ohartarazi du AfDk laster gaindituko duela CDU.
CDUren Bavariako bazkideak, CSUk, kontserbadoreen eta ultraeskuindarren arteko aldeak bistarazi ditu: Markus Soeder CSUko buruak gaur nabarmendu duenez, bi taldeek migrazio politiketan aldaketak egin nahi badituzte ere «funtsezko ezberdintasunak» dituzte demokrazia ulertzeko erari eta Ukrainako gerrari dagokienez.

Sozialdemokratak eta kontserbadoreak ados jartzen badira, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik bosgarrenez osatuko dute Koalizio Handia. Azkenekoz, 2013-2017ko eta 2017-2021eko agintaldietan egin zuten bat CDU-CSUk eta SPDk, Angela Merkel kantziler ohiaren azken bi gobernaldietan (2005-2021). Merkel ere CDU-CSU blokeko liderra izan zen, Merz bezala. Oraingoan, ordea, kontserbadoreek migrazio politiketan atzean utzi nahi dute Merkelen garaiko «herentzia». Hala adierazi du gaur Soederrek, Merkelen garaian iritsitako errefuxiatu siriarrei erreferentzia eginez. Milioi bat siriar iritsi ziren 2015ean Alemaniara.
Migrazioa, desadostasun iturri
Migrazio politikak oztopo izan daitezke SPDrekin negoziatzean. Oraindik Alemaniako kantziler den Olaf Scholzek (SPD) ere migrazioa murrizteko neurriak hartu ditu bere agintaldian, baina hauteskunde kanpainan Merzek baino diskurtso moderatuagoa izan du. Gainera, urtarrilaren amaieran, migrazio politikak gogortzeko lege proposamen bat bozkatu zuten Alemaniako Parlamentuan, eta horren alde egin zuten bai kontserbadoreek bai ultraeskuindarrek. Horrek are eta gehiago azaleratu zituen SPDren eta CDU-CSUren arteko desadostasunak. Halere, Merzek espero du sozialdemokratak prest egotea migrazioaren arloan kontserbadoreekin «elkarlanean» jarduteko.
SPDk inoizko emaitzarik txarrenak lortu zituen atzo, eta horren erantzule egin du bere burua Scholzek, gaur emandako prentsaurrekoan: «Arrakastaren erantzule izan nintzen moduan, azken emaitzaren erantzule ere banaiz». Eta «azken egunera arte» kantziler karguan jarduteko prest agertu da. Kontserbadoreekin koalizioa osatzeari dagokionez, Lars Klingbeil eta Saskia Esken SPDko bi buruzagiek esan dute Merzen esku dagoela adostasuna lortzea edo ez. «Merzen ardura da SPDra hurbiltzea, hitz egiten saiatzea eta negoziatzea. Horren ostean, SPDko kideek erabakiko dute», zehaztu du Klingbeilek.
«Merzen ardura da SPDra hurbiltzea, hitz egiten saiatzea eta negoziatzea. Horren ostean, SPDko kideek erabakiko dute»
LARS KLINGBEILSPDko buruzagia
Kontserbadoreek eta sozialdemokratek akordioa erdiesten badute, Merzek ez du berdeekin negoziatu beharko. Atzoko bozen ostean, laugarren indarra izango da Berdeak alderdia: botoen %11,6 eta 85 eserleku lortu ditu. Lider kontserbadoreek esana dute ez dutela hiruko gobernu bat osatu nahi, horrek dakartzan kudeaketa zailtasunak ekiditeko. Merzen lehentasunen artean dago Alemaniako ekonomia berriro indartzea, eta esan du horretarako indar handiagoa eman behar zaiola industriari. Gainera, ingurumen politikak ekonomiaren menpe jartzeko asmoa agertu izan du; besteak beste, energia nuklearraren aldeko adierazpenak egin ditu, eta berriztagarrien aurkakoak. Horrek zailtasun ugari ekarriko lizkioke berdeekin negoziatzean.
«Ez gaituzte hautatu gobernua osatzeko», deitoratu du Robert Habeck berdeen liderrak. Eta alderdiaren gidaritza utziko duela iragarri du hauteskundeen biharamunean emandako prentsaurrekoan.
Die Linke, ordezkariak bikoiztuta
Azken agintaldian SPDrekin batera osatu dute gobernua berdeek. 2021eko bozen ostean hiru alderdiren arteko koalizioa egin zuten SPDk, Berdeek eta FDP alderdi liberalak. Haien arteko desadostasunen ondorioz, koalizioa hautsi zuten iazko azaroan. Scholzek kaleratu egin zuen liberalen lider eta Finantza ministro Christian Lindner, batez ere esparru ekonomikoan zituzten desadostasunengatik. Hala, kantzilerraren aurkako konfiantza mozioak aurrera egin zuen, eta bozak aurreratu zituen —aurtengo irailean egitekoak ziren—.
Atzoko bozetako galtzaileen artean daude liberalak: Bundestagen eserlekurik gabe geratu dira. Botoen %4,3 eskuratu dute; beraz, ez dira iritsi ordezkaritza izateko beharrezkoa den gutxiengora: %5. Orain arte 90 ordezkari izan dituzte Alemaniako Parlamentuko behe ganberan.
Eserlekurik gabe geratu den beste alderdi bat BSW Bundnis Sahra Wagenknecht taldea izan da. Hamar ordezkari izan ditu orain arte, eta atzoko bozetan hamarren batzuengatik ez zen iritsi botoen %5era; %4,97 lortu zuen.
Die Linketik (Ezkerra) alde egindakoek sortu zuten BSW, 2023an. Die Linkeren ezkerreko politika ekonomikoekin bat egiten badute ere, haien jarrera kontserbadoreenaren antzekoa da beste gai batzuetan; hala nola, ingurumenean, generoaren arloan edota immigrazioan. Bada, hasieran zatiketa horrek Die Linkeri kalte egin bazion ere, orain alderdia hauspotu egin du. Atzoko bozetan botoen %8,8 lortu zituen Die Linkek, eta orain dituen diputatuen bikoitza baino gehiago edukiko du aurrerantzean: 64.