Friedrich Merzek ibilbide luzea dauka Alemaniako politikan; halere, ez du inoiz kargurik izan gobernuan. Orain izango du estreinakoz horretarako aukera: ondo bidean, bera izango da herrialdeko hurrengo kantzilerra; 69 urte ditu.
Alemania mendebaldeko Brilon herrian jaio zen Merz, 1955ean, familia katoliko eta kontserbadore batean. Haren aita CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiko kidea izanik, berak ere goiz ekin zion militantzia politikoari: hamazazpi urterekin sartu zen CDU alderdiko Gazte Kristau-Demokraten taldean, 1972an. Lau urteren ondoren, 1976an, zuzenbidean trebatu zen CDUren gertuko Konrad Adenauer Fundazioan, 1982ra arte.
Egonaldi hori bukatuta, berehala egin zuen jauzi Alemaniako politikaren lehen lerrora. Eurodiputatua izan zen 1989 eta 1994 urteen artean; gero, Alemaniako Parlamentuan aritu zen hamabost urtez, 1994tik 2009ra, harik eta orduko kantziler Angela Merkelekin (2005-2021) zituen desadostasunen eraginez dimisioa eman eta alderdia utzi zuen arte.
Merz eta Merkel eskutik helduta iritsi ziren CDUko gidaritzara, 2002an alderdian izan zen krisi sakon baten ondoren. Legez kanpoko dohaintza batzuen harira, ohorezko presidente titulua kendu zioten Helmut Kohl (1990-1998) kantziler ohiari, eta Wolfgang Schaublek dimititu egin behar izan zuen alderdiko eta talde parlamentarioko buru gisa. Merzek eta Merkelek hartu zioten erreleboa: talde parlamentarioko buru izendatu zuten lehena, eta alderdikoa, bigarrena.
Berehala sortu ziren, ordea, bi politikarien arteko aurreneko ika-mikak: publiko egin zen lehena 2002ko hauteskundeetan izan zen, CDU-CSU koalizioaren kantzilertzarako hautagaitzaren harira. Merzek bere burua aurkeztu zuen, baina Merkelek orduko CSU Batasun Sozial Kristauko buru Edmund Stoiberren alde egin zuen; bozen ondoren, Merkelek bere gain hartu zuen talde parlamentarioko buruzagitza, Merz alde batera utzita. Orain kantziler izango denak 2007an iragarri zuen ez zuela Bundestageko eserlekuari eusteko asmorik, eta 2009an etenaldi bat egin zuen.
Enbor beraren bi adar ziren Merz eta Merkel: Alemania mendebaldean jaiotakoa bata, ekialdekoa bestea; Kohlen ibilbidearen zale eta jarraitzaile amorratua bata; bide berriak probatzearen aldekoa bestea. Hain justu, Merzek behin baino gehiagotan egin du Merkelen agintaritzaren aurka, eta hark hartutako zenbait neurri jendaurrean kritikatu ere egin ditu.
Merz abokatu gisa ibili zen lanean politikatik aldenduta egon zen urteetan, 2009 eta 2021 artean; batik bat, enpresa pribatuetan. Gainera, zenbait kargu ere izan zituen enpresa batzuen zuzendaritza eta administrazio taldeetan, kasurako, AEBetako inbertsio funts BlackRocken, 2016tik 2020ra. Ondoren, politikara itzuli zen, Merkelek kantzilertza utzi zuen urte berean, 2021ean, eta talde parlamentarioko eta alderdiko buruzagitzak hartu zituen.
AfDren itzala
Politikari kontserbadorea da Merz, eta hala aurkeztu du bere burua bozen aurreko ekitaldietan. Beste hainbat alderdiren gisan, CDU-CSU koalizioak ere migrazioa jarri du bere kezken erdigunean; are gehiago, Merzek gehien errepikatu duen promesetako bat migrazio politikak gogortzea izan da. Asmo horiek aurrera eramateko, AfD Alemaniarentzat Alternatiba alderdi ultraeskuindarrarekin bat egin zuen joan den hilean, Parlamentuan aurkeztutako lege erreforma baten harira.
Horrek haserrea piztu zuen parlamentuan ordezkaritza duten zentroko eta ezkerreko alderdien artean eta kalean; baina, batez ere, agerian utzi zuen Merz prest egongo dela, hala behar duenean, eskuin muturrera lerratzeko.