Merkelek erantzun bateratua nahi du, baina Dublingo Ituna aldatuta

Migrazioen aferari irtenbidea aurkitzeko bildu dira Vienan Europako agintari ugari.Hungaria ez da izan bilkuran.Austrian bertan, migratzaileen dozenaka hilotz aurkitu dituzte kamioi batean

Dozenaka migratzaileren gorpuak zeramatzan kamioia, Austrian, atzo. ROLAND SCHLAGER / EFE.
2015eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Azken egunotan, migratzaileen aferak Balkanetan izan du oihartzun handiena, baina hortik Austriara mugitu da arreta gune nagusia. Vienan egin dute Balkanetako igarobidea nola kudeatu eztabaidatzeko bilkura, eta bertan izan dira eskualdeko gobernariak, baita EB Europar Batasuneko goi mandatari ugari ere. Parte hartzaileek zenbait arlotan bat egin duten arren, kontrako iritziak azaldu dituzte, eta elkarri aurpegiratu dizkiote gauza ugari. Elkarrekin jarduteko beharra azpimarratu dute, baina Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak esan du ez dela Dublingo Biltzarraren markoan izan behar, bere ustez ez baitu funtzionatzen.

Austrian bertan ere, hogei eta 50 hilotz artean aurkitu dituzte autobide bateko bazterbidean utzitako kamioi batean. Oraindik, gorputzak kontatzeko dituzte, baina baieztatu dute gorpuak migratzaileenak direla, eta, antza denez, asfixiatuta hil dira; oraindik ez dakite zein den hildakoen jatorria. Austriako Poliziaren arabera, ezkutuan bidaiatzeko erabili dute kamioia, eta gidaria harrapatzeko operazio bat jarri dute martxan. Gertakariak Vienako bilera belztu du, eta tragediak are eta pisu handiagoa eman dio bilkurari. Hain zuzen, halako tragediak errepika ez daitezen eta migrazioaren aferari irtenbide bat aurkitzeko asmoarekin bildu dira Vienan EBko goi kargu ugari, horien artean Federica Mogherinibatasuneko diplomazia burua, eta Albania, Mazedonia, Kosovo, Montenegro, Serbia, Bosnia eta Herzegovina, Alemania, Frantzia, Italia, Kroazia eta Esloveniako ordezkariak.

Bilkurako parte hartzaileen artean, orain arte ikusi den bereizketa errepikatu da: batetik, hegoaldeko herrialdeak, migratzaileen igarobide direnak, eta, bestetik, iparraldekoak, asilo eskaera gehien jasotzen dituztenak. Hala ere, mezu bateratu bat ere igorri nahi izan dute: migratzaileak modu duinean jasotzea eta erantzun bateratu bat ematea beharrezkoa dela.

Mezu hori behin eta berriz errepikatu dute udan. Johannes Hahn Europako hazkunde negoziazioetarako komisarioak adierazi du: « Soilik denon parte hartzearekin lan eginez konpondu ahal izango dugu». Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak eta Werner Faymann Austriako presidenteak mezu horrekin bat egin dute, eta, horretarako, errefuxiatuen banaketa kuoten beharra azaldu dute. «Europan errefuxiatuen bidezko banaketa bat egitea adostu behar dugu. Arau eta prozedura berdinak behar ditugu, eta denon konpromisoa», adierazi du Steinmeierrek. Alemaniak, asilo eskaera gehien jasotzen dituen herrialdeak, eskaeren pisua banatu nahi du beste herrialdeekin.

Merkelek, berriz, esan du Dublingo Itunak, EBk asilo eskaerak kudeatzeko duen araudiak, ez duela funtzionatzen. Araudiaren arabera, Schengen eremuan sartzen den asilo eskatzaileak sartu den herrialdean eskatu behar du asilo eskaera. Beraz, Italia eta Grezia lirateke asilo eskaera gehien jasoko lituzketenak. Ondorioz, beste herrialdeek, kasurako Alemaniak, migratzaileak sarrerako herrialdeetara deportatzeko eskumena edukiko lukete. Baina Merkelen hitzetan: «Horrek ikusarazi digu ezin ditugula itzularazi. Nora itzuliko ditugu? Hungariara, Serbiara, Austriara, guk bezainbeste edo errefuxiatu gehiago dituzten herrialdeetara?».

Baina denak ez dira izan elkartasun mezuak, hainbat gauza aurpegiratu baitizkiote elkarri. Steinmeierrek migratzaileei emandako tratuaz ohartarazi ditu Balkanetako herrialdeak: «EBn sartu nahi duten herrialdeek ezin dituzte pertsonak jazarri». Horiek, ordea, erantzuna eman dute. Serbiako Atzerri ministro Ivica Dacicek esan duenez, «erraza da [Ekialde Hurbileko gatazketan] muturra sartzea , eta ondoren ondorioak beste batzuek ordain ditzaten uztea», Europak Ekialde Hurbilean egindako esku-hartzeei erreferentzia eginez. Halaber, Serbiak eta Mazedoniak EBri aurpegiratu diote inolako planik ez edukitzea egoerari aurre egiteko, nahiz eta batera jardutearen beharraz mintzatu diren, eta laguntza gehiago eskatu diote EBri. Herenegun, EBk 1,5 milioi euro eman zizkien migratzaileak artatzeko.

Hungariak, berriz, ez du parte hartu bilkuran, nahiz eta egoerak nabarmen eragin herrialdeari. Steinmeirrek esan du arazoa ez dela «hesiekin konponduko», eta Janos LazarHungariako Gobernu ministroak erantzun du «lotsagarria» dela EBk ez eskaintzea laguntza ekonomikorik Hungariari, eta mugak zaintzeko gai ez izatea egotzi dio Bruselari.

Etenik ez duen tragedia

Bestalde, migratzaileak zeramatzan ontzi bat hondoratu da Libiako itsasoetan, Zuwara parean. Libiako autoritateen arabera, ontzian ehunka migratzaile zihoazen, eta horietako asko sotoan; ondorioz, ehunka migratzaile ito direla uste dute. Hala ere,ehun bat onik atera direla azaldu dute, nahiz eta momentuan erreskate lanekin jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.