Zenbat iraungo du?
Meniak hiru fase izango ditu, eta horietako bakoitzak 42 egun iraungo du, hau da, denera 126 egunez egongo da indarrean; lau hilabete pasatxo.
Zer gertatuko da lehenengo fasean?
Lehenengo fasean Hamasek 33 gatibu israeldar utziko ditu aske, bizirik nahiz hilik. Gatibu horiek emakume zibilak, 50 urtetik gorakoak edo zauritutakoak izango dira. Israelek gatibu zibil bakoitzeko 30 preso palestinar utziko ditu aske; eta emakumezko militarrak diren gatibu bakoitzeko 50.
Bestalde, Israelgo armada atera egingo da «eremu jendetsuetatik», hala nola Netzarim pasabidetik. Fase horrek irauten duen artean, etxea utzi duten palestinarrek aukera izango dute horietara itzultzeko, eta laguntza humanitarioaren zirkulazio askea bermatuko da. Asmoa da egunean 600 kamioi inguru sartzea zerrendan, eta, elikagaiak ez ezik, horietan erregaia ere eramatea. Fase honetan eten egingo dituzte lehorreko eraso eta borroka guztiak, eta Israelek mugatu egingo ditu aire bidezkoak.
Zein dira beste faseetako baldintzak?
Lehenengo fasearen 16. egunean dira hastekoak bigarren fasearen behin betiko baldintzak zehazteko negoziazioak, eta, beranduenez ere, bosgarren asterako bukatu beharko dituzte. Fase horretan borroken etenaldia erabatekoa izango da, eta Israelgo armadak Gazan dituen tropa guztiak atera behar ditu handik. Kopuruari dagokionez, presoen eta gatibuen trukeak berdin jarraituko du. Hori bai, fase horretan, zibilak ez ezik, Hamasek gatibu dituen gizon militarrak ere utziko bide ditu aske.
Hirugarren eta azken fasean, borroken erabateko etenaldiari eutsiko diote. Trukean, ordea, bada aldaketarik: Hamasek hildako gatibuen gorpuak emango bide dizkio Israeli; eta, Israelek, hildako milizianoenak Hamasi.
Eta meniaren ondoren, zer?
Su etenean adostutakoaren arabera, Israelek ezingo ditu berriro atxilo hartu meniaren bidez aske utzitako presoak. Bestalde, hirugarren fasearen bukaeran Gaza berreraikitzeko plan bat ontzen hasiko dira bai Hamas, bai Israel. Plan horren diseinatze lanek 3 eta 5 urte iraungo bide dute, eta Egiptok, Qatarrek eta NBE Nazio Batuen Erakundeak egingo dituzte bitartekari lanak.