Gazan, amaitu da urtarrilaren 19an hasitako su etena. Orduan sinatu zuten akordioa Israelgo Gobernuak eta Hamas Gazako erakunde islamistak. Baina indarrean sartu zenetik bi hilabete pasatu aurretik, Tel Avivek menia hautsi zuen herenegun. Azken bi egunetan zerrenda bonbardatu du, eta orain lurreko operazioei ere berrekin die. Gaur, Netzarim pasabidearen kontrola berreskuratu ostean, Tel Avivek berriz itxi du Gaza hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen Salah al-Din errepidea; otsailaren 10ean ireki zuten. Orain bide bakarra geratzen da zerrendaren iparraldetik hegoaldera joateko: Al-Raxid errepidea, Gazako kostaldearen ertzean. Aire eraso gehiago ere egin ditu Israelek, eta gaur gutxienez 85 palestinar hil ditu, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera.
Israelek lurreko ofentsiba Gazako iparraldera zabaldu du gaur, Beit Lahia ingurura, armadak sare sozialetan jakinarazi duenez. Atzo, menia hautsi eta biharamunean, Tel Avivek jakinarazi zuen «lurreko operazioak» berrabiarazi zituela zerrendako erdialdean eta hegoaldean; eta horren helburua Netzarim pasabidearen kontrola berreskuratzea zela; Gaza iparraldea eta hegoaldea banatzen ditu pasabide horrek. Gaur, Avichay Adraee armadako bozeramaileak baieztatu du kontrolpean dutela pasabidea, eta palestinarrei agindu die ez erabiltzeko Salah al-Din errepidea. Urtarrilaren 19an indarrean sartutako meniaren arabera, Israelek tropa guztiak atera behar zituen pasabidetik. Hala egin zuen otsailaren 9an, baina berriz ere militarrak itzuli dira gune horretara.
Azken egunetan izandako hildakoen datuak berritu ditu Gazako Osasun Ministerioak. Herenegun Tel Avivek Gazarako menia hautsi zuenetik, gutxienez 506 palestinar hil dituzte Gazan, eta 900 baino gehiago zauritu. Hildakoen artean, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko bost langile daudela jakinarazi du Philippe Lazzarini UNRWAko zuzendari nagusiak sare sozialetan.
Su etena hautsi izanak haserrea eragin du Israelen, eta hirugarren egunez jarraian manifestazioak egin dituzte erabaki horren aurka. Hareetz Israelgo egunkariaren arabera, milaka herritar aritu dira protestan; menia berrezartzeko eskatu dute, eta bahituak askatzeko akordio bat lortzeko. Egunkariak gehitu duenez, protestan ari zirenak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bizitokira iritsi direnean, istiluak sortu dira Poliziarekin; agenteak manifestarien aurka oldartu dira, eta ur kanoiak ere erabili dituzte.
עימותים בין מפגינים לשוטרים מול מעון רה"מ בירושלים, היום
— הארץ חדשות (@haaretznewsvid) March 20, 2025
(צילום: אהרן רבינוביץ) pic.twitter.com/M8PybjYbIV
Hamasen erantzuna
Tel Avivek su etena hautsi zuenetik lehen aldiz, Hamasek suziriak jaurti ditu Israelera. Israelgo armadak sare sozialetan zabaldu duenez, sirenek jo dute herrialdearen erdialdean, Tel Aviv inguruan eta Ben Guiron aireportuan. Gazatik jaurtitako suziri horietako bat suntsitu dutela ziurtatu du, eta beste biak gune irekietan erori direla, eta ez dutela zauriturik eragin. Geroago, Hamasi lotutako Al-Qassam Brigadek baieztatu dute eurek jaurti dituztela suziriak, Israelen erasoei erantzuteko.
Yemengo huthiek ere egin diote eraso Israeli. Goizaldean jakinarazi du Israelgo armadak Yemendik jaurtitako jaurtigai bat atzeman duela. Ordubete geroago, Ben Guiron aireportura bideratutako misil bat jaurti dutela baieztatu du Yahya Saree huthien bozeramaile militarrak, Telegram bidez.
Bada, Washingtonek gaur bertan erantzun dio eraso horri. Matxino huthien menpeko Al-Masirah telebista kateak jakinarazi duenez, Yemen kostaldeko Al-Hudaida portua bonbardatu dute AEBek, gutxienez lau aldiz. Urtarrilaren 19an menia indarrean sartu zenetik, Yemengo miliziak bertan behera utziak zituen Tel Aviven aurkako erasoak, baina herenegun iragarri zuen erasoei berrekingo ziela.
HRW-ek israeli egotzi dio gazako ospitaleetan gerra krimenak egitea
Human Rights Watch erakundeak uste du Israelgo armadak palestinarren aurkako «gerra krimenak» egin dituela Gazako ospitaleetan, gaur argitaratutako txosten batean adierazi duenez. Dokumentu horretan aipatutako lekukotzen arabera, Israelgo soldaduek ez zien ez argindarrik, ez urik, ez elikagairik eta ez baliabiderik eman ospitaleetan zeuden palestinarrei, eta eraso egin zieten, behin baino gehiagotan, osasun zentroetako langileei eta azpiegiturei.
Israelgo armadak 2023ko urriaz geroztik okupatutako hiru ospitaleetako zenbait langile eta gaixo elkarrizketatu dituzte txostenean: Gaza hiriko Al-Xifa, Beit Lahiako Kamal Adwan eta Khan Yunisko Nasser ospitaleetakoak. Hain justu, gaur kaleratutako dokumentuan jaso dutenez, Gazako Al-Xifa ospitalean 40 pertsona hil ziren iazko azaroaren 11 eta 17 bitartean, Israelgo armadaren erasoek eragindako argindar mozketen ondorioz.
Horiek hala, HRWek esan du ekintza horiek «gerra krimen» eta «genozidio ekintza» gisa ikertu beharko liratekeela; are, erakundeko Haurren Eskubideetarako zuzendari Bill Van Esveldek adierazi du Israelen okupazio militarrak «palestinarrez abusatzeko eta haiek hiltzeko» zentro bilakatu dituela Gazako ospitaleak. «Ekintza basati horien erantzuleek egindakoagatik ordaindu behar dute, baita goi kargudunek ere», ohartarazi du.