Meniarako negoziazioetan «ahalik eta posizio onenean» utzi nahi dute Ukraina haren aliatuek

'Boluntarioen koalizioa' Parisen bildu da, eta Ukrainari laguntza ematen jarraitzea eta Errusiari zigorrik ez kentzea adostu dutela jakinarazi du Macronek. 31 estatu eta nazioarteko erakundetako ordezkariak batzartu dira Eliseoan.

Kieven aliatuen bilkura, gaur, Parisko Eliseo jauregian. LUDOVIC MARIN / EFE
Kieven aliatuen bilkura, gaur, Parisko Eliseo jauregian. LUDOVIC MARIN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko martxoaren 27a
15:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Kieven aliatuek «ahalik eta posizio onenean» utzi nahi dute Ukraina AEB Ameriketako Estatu Batuek gidatutako menia negoziazioetan. Horretarako, Ukrainari laguntza ematen jarraitzea adostu du boluntarioen koalizioak. Hala jakinarazi du Frantziako presidente Emmanuel Macronek gaur, Parisen, Ukrainarako bakearen eta segurtasunaren inguruko bilkuraren ostean emandako prentsaurrekoan. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik nabarmendu du bileran parte hartu duten guztiak ados agertu direla Ukrainari segurtasun bermeak eskaintzeko. Eta AEBetako presidente Donald Trumpi mintzatu zaio: Etxe Zuriak Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzea eragozten badu, segurtasun bermeak eskaintzeko eskatu dio.

Macronekin eta Zeleskirekin batzartu dira beste 29 estatu eta nazioarteko erakundetako ordezkariak; haien artean, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Antonio Costa Europar Kontseiluko burua, Mark Rutte NATOko idazkari nagusia eta EB Europako Batasuneko estatu kide gehienetako liderrak. Horietaz gain, Turkiako presidenteordeak eta Kanadako eta Australiako ordezkariek ere parte hartu dute bilkuran.

Ukrainari laguntza bidaltzen jarraitzea adostu dute, eta, horren adibide, Portugalgo Gobernuak 205 milioi euroko laguntza ematea onartu du gaur arratsaldean. Atzo gauean, Macronek iragarri zuen 2.000 milioi euroko laguntza militarra emango diola Kievi. Halere, gai guztietan ez dute bat egin bilkuran parte hartu duten denek. Macronek azaldu duenez, Eliseoko bilkuran izan diren herrialde guztiak ez daude prest Ukrainara «bakea mantentzeko» misio bat bidaltzeko. Estatu horien parte hartzearekin edo gabe, Frantziako presidenteak ziurtatu du Europako «hainbat herrialdek» osatutako misio bat bidaliko dutela Ukrainara, gerra amaitzea adosten bada. Eta gehitu du nahiko lukeela AEBek hura babestea.

Gainera, Macronentzat, Ukrainaren etorkizuneko segurtasuna bermatzeko zutabeetako bat izango da Kievek armada «indartsu» bat edukitzea. helburu horrekin, iragarri du Frantziak eta Erresuma Batuak ordezkaritza bat bidaliko dutela egun Ukrainako armadak dituen beharrak aztertzeko. Gainera, Mosku kritikatu du AEBek proposatutako 30 eguneko su-eten akordioa ez onartzeagatik, eta «baldintza berriak» jartzeagatik.

Frantziako presidentea eta Erresuma Batuko lehen ministroa ari dira boluntarioen koalizioa gidatzen. Gaurko bilkuraren ostean egindako adierazpenetan, Starmerrek ere Putinen jarrera gaitzetsi du: «Ukrainak duela bi aste baino gehiago sinatu zuen 30 eguneko menia akordioa, eta oraindik ez du erantzunik jaso». Eta jakinarazi du gaur bildu diren guztiak jakitun direla Kremlin su etena adostea atzeratu eta «denbora irabazi nahian» ari dela.

Zigorrei eutsi

Etxe Zuriak proposatutako 30 eguneko menia onartu zuen Kievek hilaren 11n, eta Errusiako presidente Vladimir Putinek bi egun geroago esan zuen horren alde dagoela, baina «ñabardurei» erreparatzeko eskatu zuen. Aurreko astean, hilaren 18an, Putinek azpiegitura energetikoentzako su etena onartu zuen. Eta asteon, AEBetako eta Errusiako ordezkaritzak Saudi Arabian bildu ostean, aldeek adostu dute Itsaso Beltzeko erasoak bertan behera uztea. Halere, Kievek ohartarazi du Errusiako gerraontziak Itsaso Beltzeko ekialdetik kanpo ibiliz gero eraso egingo dietela. Eta Kremlinek baldintza bat ezarri du Itsaso Beltzerako menia berresteko: azken urteetan nekazaritza alorrean Mendebaldeak ezarri dizkion zigor ekonomikoak bertan behera uztea.

Bada, Macronek esan du ez dela zigor horiek kentzeko garaia. Eta gehitu du hori bake akordio iraunkor bat adostu ostean eztabaidatuko dutela. Are, zehaztu du gaurko bilkuran parte hartu dutenek Errusiari zigorrak mantentzea edo areagotzea adostu dutela. Erabaki hori goraipatu du Zelenskik bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, eta gogorarazi du garrantzitsua dela Errusiari zigorrik ez kentzea «bidezko bake akordio bat» lortu bitartean. Gainera, uste du Itsaso Beltzeko menia Moskurentzat garrantzitsuagoa dela Kieventzat baino, Ukrainak irekita baitauzka produktuak esportatzeko bideak. Eta iragarri du menia urratzen duten ekintzen zerrenda bat egingo duela.

3.000

Ipar Koreak zenbat tropa bidali dituen Errusiara 2025ean. Hego Koreak kaleratutako txosten baten arabera, Ipar Koreak 3.000 soldadu bidali ditu Errusiara, Ukrainaren aurka borroka egin dezaten. Haiei iaz bidalitakoak batuta, 11.000 militar iparkorear aritu dira borrokan Moskuren alde, eta, Seulen arabera, haietatik 4.000 hil dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.