PALESTINAKO GATAZKA

Gazan menia «iraunkorrago bat» espero du Qatarrek

Doha «itxaropentsu» dago, eta «bultzada» baliatzera deitu du. Su etenaren lehen fasean, Israelek 180 preso palestinar askatu ditu, eta Hamasek 83 bahitu utzi ditu aske.

PALESTINA. PRESOAK. GAZA.
Israelek aske utzitako preso bat, atzo, senide bat besarkatzen. ALAA BADARNEH / EFE
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 28a
13:15
Entzun

Hamasen eta Israelgo Gobernuaren arteko negoziazioetan bitartekari ari da Qatar, eta hango Atzerri Ministerioko bozeramaile Majed al-Ansarik gaur nabarmendu du menia «iraunkorrago bat» espero dutela. Joan den ostiralean sartu zen indarrean lau egunerako su etena, gaur goizaldean bukatzen zen hori, baina beste bi egunez luzatzea adostu zuten atzo bi aldeek, bahitu israeldarrak eta preso palestinarrak askatzen segitzearen truke. Dohako buruzagiak Al-Jazeera telebista kateari adierazi dionez, «itxaropentsu» daude. «Bultzada balia dezakegu aske utzitako bahitu kopurua handitzeko, baita eremua menia egonkorrago baterako prestatzeko ere».  

Ez Hamasek, ez Israelek ez dute, ordea, oraingoz halakorik iradoki. Kontrara, negoziazioetan parte hartzen ari diren iturriak aipatuz Haaretz egunkariak kaleratu duenez, Israel ez legoke prest su etena hamar egun baino gehiago luzatzeko.

Akordioan jasotakoa betez, ostiraletik atzo arte, lehen fasean, Israelgo kartzeletan zeuden 150 preso palestinar —emakumeak eta adingabeak— utzi zituen aske Tel Avivek, eta 50 bahitu israeldar Hamasek; gainera, itunean jasota ez egonagatik, beste hemeretzi lagun askatu dituzte Gazako miliziek: Errusiako herritartasuna ere baduen israeldar bat, hamazazpi thailandiar eta filipinar bat. Menia luzatzean, israeldar bakoitzeko hiru palestinar askatzea adostu zuten bi aldeek. Horrenbestez, gaur hamar bahitu israeldar aske utzi ditu organizazio islamistak; eta, horiez gain, gatibu zituzten bi argentinar, austriar bat eta filipinar bat. Trukean, Israelek 30 preso palestinar atera ditu espetxetik.

Hain zuzen, datozen orduetan aske geratu daitezkeen 50 presoren zerrenda bat kaleratu du Israelgo Gobernuak, beren izen eta abizenekin, eta horien artean dago Ahed Tamini ekintzailea. Horrekin lotuta, Qatarko Atzerri Ministerioko eledunak argitu du orain «emakumezko zibilak eta adingabeak» aske uztea dutela «lehentasun». Adierazi du, bide batez, ez dakiela Hamasek zenbat pertsona dituen bahituak. Israelen arabera, meniaren aurretik 240 ziren.

Aske geratu daitezkeen preso palestinarren zerrenda bat kaleratu du Israelek, eta horien artean dago Ahed Tamini ekintzailea.

Auzi diplomatikoan eman diren aurrerapausoak goratu ditu Qatarrek. «Urriaren 7az geroztik hasi genuen bitartekaritza [egun horretan eraso zioten Gazako miliziek Israeli, eta orduan hasi zen armada zerrenda setiatzen]. Lehen, ez geneukan ia aukerarik bitartekaritzarako, eta, orain, bi aldeak egunero ados jarri dira bahituen zerrendari dagokionez, eta ia astebete iraungo duen menia bat ezarri da», adierazi du Al-Ansarik. Aintzat hartu behar da Israelek ez dituela preso palestinarrak aske uzten bahituak Israelera iritsi arte.

Eta, haietako batek Israelgo albiste agentzia bati adierazi dionez, Hamasen Gazako lider Yahya Sinwarrek bisitatu egin zituen bahituta zeuden bitartean, eta hebreeraz adierazi zien haiek zirela zerrendan «ondoen babestuak» zeudenak, eta ez zitzaiela «ezer» gertatuko. Aintzat hartu behar da Gazako miliziek joan den urriaren 7an egin zuten erasoan 1.200 pertsona inguru hil zituztela, baina Israelgo armadak zerrendan egun horretan bertan hasitako zazpi asteko setioaren ondorioz 15.000 lagun baino gehiago hil direla —horietatik 6.000 inguru adingabeak— eta, Gazako iturrien arabera, bonbardaketek eragindako hondakinen artean 7.000 desagertu inguru daudela.

Blinken, berriro Israelera

Urriaren 7az geroztik hirugarren aldiz, Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkaria Israelera eta Zisjordaniara joango da datozen egunetan. Hori jakinarazi du AEBetako Estatu Departamentuak, eta zehaztu, hain zuzen, azpimarratuko duela beharrezkoa dela Gazara iristen ari den laguntza humanitarioaren fluxuari eustea. Bonbardaketak eten egin dira azken egunetan, eta laguntza humanitarioaren fluxua egonkortu da, baina Israelek oraindik ere mugatu egiten du Rafahko pasabidetik sartzen den erregaia, argudiatuta Gazako miliziek balia dezaketela.

Tor Wennesland NBE Nazio Batuen Erakundearen Ekialde Hurbilerako mandatariak ohartarazi du Gazako egoera «katastrofikoa» dela oraindik ere, eta beharrezkoa dela laguntza era «jariakorrean, jarraituan» eta iragarrita sartzea Gazan, han daudenen «sufrikario jasanezina arintzeko». Horren harira, eta bihar Palestinari Elkartasuna Adierazteko Nazioarteko Eguna denez, Gazari elkartasuna erakusteko munduan egiten ari diren mobilizazioak «areagotzera»  deitu du Hamasek, ohar baten bidez.

Blinken Bruselan dago gaur, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko Atzerri ministroen bileran, eta, Israel eta Zisjordaniaz gain, Ipar Mazedonia eta Dubai ere bisitatuko ditu. Hain zuzen, Dubain egingo dute COP28 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko goi bilera, hilaren 30etik abenduaren 12ra, eta AEBetako Gobernuaren ordezkaria izango da han, Joe Biden presidentea ez baita joango.

Zisjordania okupatuan, bestalde, Ramallahn hain zuzen, Israelgo soldaduek bi palestinar hil dituzte goizaldean; horietako bat adingabea. Palestinar talde bat Israelek aske utzitako presoen zain zegoen, eta, orduan, borrokak hasi dira. Orduan, tiro egin diete soldaduek. Urriaren 7tik, militarrek eta kolono juduek 230 palestinar hil dituzte Zisjordanian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.