KIRGIZISTAN-TAJIKISTAN

Menia ez errespetatzea eta eraso egitea egotzi dio Kirgizistanek Tajikistani

Duela bi egun, bi herrialdeetako indarrak borrokan hasi ziren berriro beren arteko mugan, eta gutxienez hiru pertsona hil dira, eta 55 zauritu.

Kirgizistango pertsona batzuk protesta egiten iazko apirilean Bixkek hiriburuan, Tajikistanen enbaxadaren aurrean. IGOR KOVALENKO / EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 16a
13:48
Entzun

Aste honetan gatazka piztu da berriro Kirgizistan eta Tajikistan arteko mugan, baina, bi egunez borrokan aritu eta gero, su etena adostu dute Kirgizistango presidente Sadyr Japarovek eta Kazajistango Emomali Rakhmonek. Hori jakinarazi du Japaroven bulegoak. Han 16:00ak zirela sartu da indarrean —Euskal Herriko 12:00etan—. Baina ordu batzuk geroago menia ez errespetatzea eta berriro bonbardatzen hastea egotzi dio Kirgizistanek Tajikistani

Bi presidenteak Uzbekistanen daude, SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran, eta han negoziatu dute. Bi herrialdeek elkarri egotzi diote erasoaldietan arma astunak erabiltzea. Azken bi egunetako borroketan gutxienez hiru pertsona hil dira, eta 27 zauritu, iturri ofizialen arabera.

Menia iragarri aurretik, Kirgizistango mugazainek ohar batean nabarmendu dute Tajikistango indarrak tankeak, ibilgailu blindatuak eta morteroak erabiltzen ari direla eraso egiteko, eta zehaztu dute Batken herriko aireportua bonbardatu dutela azken orduetan, eta gutxienez herrixka batera sartu direla. Jakinarazi dute eraso horiei erantzun dietela, «etsaia» erasoaldia alboratzera behartzeko eskura dituzten «teknika eta arma guztiak» erabiliz. Bide batez, azpimarratu dute Tajikistandik gertu dauden lekuetatik 136.000 pertsona ebakuatu dituztela.

Tajikistanen arabera, ordea, Dinauko (Kirgizistan) mugazainek bi herrialdeen arteko «akordioa» urratu dute han 04:50 zirenean, eta Duxanbe Tajikistango hiriburua eta zazpi herrixka bonbardatu dituzte, «arma astunak» erabiliz.

Nahiko ohikoak dira gatazkak Sobietar Batasuneko kide izandako bi errepublika horien arteko mugan, baina azkar baretu ohi dira. Moskuk eskualdea banatu zuen, baina guztiz aintzat hartu gabe non zeuden talde etnikoen kokalekuak.

Iazko apirilaren amaieran ere izan ziren borrokak, hiruzpalau egun iraun zuten, 55 pertsona hil ziren, eta 40.000 bat desplazatu eragin zituzten. Gatazka, hain zuzen, oraingo eremu berean piztu zen, Tajikistango Sughd eta Kirgizistango Batken probintzien artean, Isfara ibaiko urtegi baten eta ur ponpa baten kontrolaren harira. Bi herrialdeek su etena adostu zuten.

Reuters berri agentziak kontsultatuko aditu batzuek nabarmendu dute erretorika «populista eta nazionalista bat» gailendu dela bi aldeetan, eta eskatu dute «hirugarren aktore baten parte hartzea», desmilitarizatutako eremu bat ezar dezan mugan.

«Hirugarren aktore bat»
Reuters berri agentziak kontsultatutako aditu batzuek nabarmendu dute erretorika «populista eta nazionalista bat» gailendu dela bi aldeetan, eta eskatu dute «hirugarren aktore baten parte hartzea», desmilitarizatutako eremu bat ezar dezan gatazkagunean. Hori lagungarria izango litzateke, adituen horien beraien esanetan, gatazkak berria saihestu ahal izateko.

Errusiak baseak ditu bi herrialdeetan, eta borrokak eteteko eskatu du. Bi herrialdeak OKDB Segurtasun Kolektiboko Itunaren Erakundeko kide ere badira, Bielorrusia, Armenia, Kazakhstan eta Errusiarekin batera, eta aliantza militar horrek adierazi du harremanetan daudela bi aldeekin erlazioak onbideratze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.