«Mendekua» amazigentzat

Marokok urtebete eta hogei urtera arteko kartzela zigorrak ezarri dizkie Rifeko 53 ekintzaileri

Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Gaua luzea izan zen Rifen. Al-Hoceima hirian irailetik epaitzen ari ziren ekintzaile gazteen kontrako sententziak espero zituzten. Massinek BERRIA-ri zehaztu dio ordu txikietan etorri zela «mendekua»: urtebete eta hogei urte arteko kartzela zigorrak 53 ekintzailerentzat. «Rif osoari ezarritako zigorra da; amazigen herriari ezarritakoa». Hirak al-Xaabi Herriaren Mugimenduarekin bat egin duten ehunka gazteetako bat da Massin. Asmatutako izena da, ez baitu nahi bere hainbat lagunek bezala amaitu hitz egiteagatik. Klandestinitatetik ari da borrokan. «Amorrua eta tristura sentitzen ditugu, baina ez gaituzte isilaraziko. Rif osoa ez da kartzelan kabitzen».

Marokok errepresio politikari eutsi dio berriz ere. Ekintzaile guztien zigorren batuketak ematen duen kopuruari erreparatzea baino ez dago ohartzeko zigorrak itzelak direla: 323 urte. Ekintzaileek nabarmendu dute herri oso bat isilarazi nahi dutela Rifen 2016 urtearen amaieran piztutako protesten buruzagiak zigortuz. Ordena publikoa haustea, batasun nazionala arriskuan jartzea, barne segurtasunaren kontra egitea, matxinada sustatzea eta legez kanpoko manifestazioetan parte hartzea egotzi diete, ezen kalera ateratzea debekatuta baitago.

Nasser Zafzafi mugimenduaren buruarentzat eta beste hiru kiderentzat izan dira zigor gogorrenak: hogei urteko kartzela zigorrak. Beste lau laguni hamabosna urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete; zazpiri, hamarna urtekoak eta hamarri bosna urtekoak. Hiru, bi eta urtebeteko kartzela zigorrak izan dira arinenak. Sei kazetari daude zigortuen artean.

Mohamed Aghanach Defentsaren abokatuak «injustutzat» jo ditu zigorrak, eta helegiteak jarriko dituztela aurreratu du: «Ebazpena bihozgabea da. Egin dituzten ekintzen errepresalia da». Mohamed Karrut estatuko abokatuarentzat, aldiz, zigorrak «oso arinak» izan dira.

Casablancako Helegite Auzitegiak ordu txikietan eman zuen epaia. Massinek azaldu duenez, goizaldera arte egon dira kalean protestan. «Hiria erabat geldirik dago goizaldetik. Dendak itxita daude. Hiru eguneko greba deitu dute». Imzurenen, Beni Hudeifan eta Nadorren ere protestak izan ziren, eta hainbat lagun atxilotu dituzte hiri horietan. Ekintzaileak adierazi du bart iluntzean ere kalera ateratzekoak zirela.

Hirak al-Xaabi mugimenduko kideen kontrako epaiketa irailaren 12an hasi zen, eta bederatzi hilabeteren ostean etorri da duela hemeretzi hilabete piztutako protestak zigortzeko sententzia.

Urteetan pilatutako amorrua azaleratu zuen gertakizun bat izan zuen matxinadak abiapuntu: Mouxine Fikri gaztearen heriotza. Fikri 2016ko urriaren 26an hil zen. Kaian —merkatu beltzean—erositako ezpata arraina kendu zioten poliziek arrain saltzaileari, urritik azarora espezie hori arrantzatzea debekatuta dagoela argudiatuta. Zabor kamioi batera bota zuten arraina, eta gaztea kamioi barrura sartu zen. Orduan, zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu zuten, eta hantxe bertan hil zen gaztea, zanpatuta.

Orduan, amazigak kalera atera ziren bazterketa historikoa salatzeko eta azpiegiturak eta baliabideak aldarrikatzeko. Marokoren errepresioa, baina, itzela izan da. Hirak mugimenduarekin bat egin duten ehunka gazte atxilotu dituzte hilabeteotan, eta setio egoera ezarri dute hirietan. Iazko udaran apaldu ziren protestak Rifeko bihotzean dagoen hiriburuan. Zafzafi maiatzean atxilotu zuten, eta, orduan ere gazteak kalera atera ziren arren, poliziek dozenaka gazte atxilotu zituzten. Giza eskubideen aldeko abokatuen arabera, 400 preso politiko amazig daude gaur egun, hamar kartzelatan sakabanatuta.

Zafzafi Okashako kartzelan dago, Casablancan. Protesten sinbolo bihurtu da, aldarrikapen sozialak eta ekonomikoak diskurtso politiko batetik garatzeko eta helarazteko trebezia izan baitu. Tamazig hizkuntzan aritu da epaitegian deklaratu duen guztietan.

Kohler Aaiunera

Ekintzaile amazigei jarritako zigorrak, dena den, sahararrei ezarritakoak baino arinagoak dira. Gdeim Izikeko kanpalekua zutitzeagatik lau urte eta bizi osora arteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten uztailean 22 ekintzaile sahararri.

Horst Kohler NBE Nazio Batuen Erakundeko Mendebaldeko Sahararako ordezkariak horren berri jasoko du gaur, bertatik bertara, giza eskubideen ekintzaileen eskutik. Kohler Aaiunera joatekoa da iragan abuztuan kargua hartu zuenetik aurreneko aldiz. Urrian, Tindufen (Aljeria) izan zen, erbesteko gobernuko ordezkariekin, eta ondoren, Rabaten. Orduan, lurralde okupatuetara joateko debekua jarri zion Marokok. Kohlerrek, baina, argi utzi zuen ez zela berriz aldeekin elkartuko lurralde okupatuetan sartzea eragozten bazioten. Aaiunen elkartuko da Aminatou Haidar Codesa elkarteko presidentearekin eta Brahim Dahane ASVDH elkarteko presidentearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.